Itsasoa Irunen hasten da

Recicla-Birziklatu ingurumenaren aldeko tokiko elkarteak, Txingudiko Zerbitzuen eta Irungo Udalaren laguntzarekin, “Itsasoa hemen hasten da. Ez bota ezer” ekimena jarri du martxan. Mundu osoan hedatutako kanpaina da eta helburua zaborra lurrera eta, bereziki, hustubideetara ez botatzea lortzea da.

Ekimena Faisaien uhartearen parean aurkeztu da, Behobiako oinezkoen pasealekuan, eta bertan jarri da lehenengo plaka. Epe motzean, Txingudiko Zerbitzuak konpainiak gainerako plakak jarriko ditu. Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak azaldu duenez, “kanpaina ez dugu soilik itsasoa edo ibaia ikusten den lekuetan zentratu nahi”. Beraz, Irungo auzo guztietara zabalduko den kanpaina izango da. “Ohartarazi nahi da adibidez Katea auzoan lurrera zerbait jaurtita, itsasora iristeko arrisku berbera duela, nahiz eta kostaldetik urrunago egon”, azaldu du Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak.

Guztira, 130 plaka jarriko dira Irungo estolda-zuloen ondoan. Bereizgarriak urdinak izango dira eta leloa gaztelaniaz zein euskaraz inprimatuko da. Plaken kokapenerako zirkulazio handieneko eremuetako hustubideak aukeratuko dira. Hala nola, oinezkoentzako eremuak, ikastetxeetako irteerak, aisialdi-zentroak, etab., horiek izaten baitira gatazkatsuenak.

Borja Olazabal Irungo Garapen Iraunkorreko ordezkariak azaldu duenez, mundu mailan hedapen handia izan duen kanpaina da eta orain Irunera iritsi da. “Plaken bitartez estoldetara zakarrik ez botatzea gogoratu nahi da, gehienak itsasora iristen dira eta”. Garapen Iraunkorreko ordezkariak adierazi duenez, asmoa jendea kontzientziatzen saiatzea da. “Orain dela hilabete batzuk Recicla-Birziklatu elkarteko kideak proposamen horrekin hurbildu ziren guregana eta Txinzerrekin aurrera atera ahal izan dugu”, aipatu du Borja Olazabalek. “Honez gero jakin beharrekoa zen, baina lurrera eta estoldetara ezer bota behar ez dela gogorarazteko balio dezala”.

“Itsasoa hemen hasten da. Ez bota ezer” egitasmoa Nazio Batuetan egiten ari diren sentsibilizazio-ekintza guztien beste adibide bat da. “Jendeak jakin behar du hustubideak ez direla zakarrontziak”, azpimarratu du Leire Zubiturrek. Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak azaldu duenez, gero eta zigarrokin gehiagok saneamendu publikoen sarean amaitzen dutela ikusten ari dira, horietako asko gero itsasora iristen direlarik. Zubiturrek aipatu duenez, “ez dugu ahaztu behar zigarroak substantzia kutsatzaile batzuk dituela, eta naturarekin kontaktuan jartzean itsasoko ekosistema kutsatzen dutela”. Era berean, Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak Recicla-Birziklatu elkarteen lana eskertu du, “jokabide eredugarriak” bultzatzen dituzten hiritarrak oso beharrezkoak baitira gizartearen etorkizuna zaintzeko.

Recicla-Birziklaturen egitasmoa
Gorka Alcantarilla, Laida Rodriguez eta Roberto Serna hurbildu dira aurkezpenera Recicla-Birziklatu elkartearen izenean. Laida Rodriguezek adierazi duenez, udalera hurbiltzea erabaki zuten munduan zehar martxan den ekimen hau eskualdean abian jar zedin. Horrelako ekintzen bitartez jendeak lurrera gauzak botatzeko duen ohitura desagerraraztea lortu nahi dute Recicla-Birziklatu elkarteko kideek. Laida Rodriguezek gogoratu duenez, “Bidasoaldean gaude, itsasoz inguratuta eta ibai batek erditik zeharkatzen gaitu”.

Recicla-Birziklatu ingurumenaren aldeko tokiko elkartea da eta hainbat jarduera antolatzen ditu. Gorka Alcantarillak azaldu duenez, “elkarteko ekintza guztiak naturan, itsasoan, ibaian edo mendian antolatzen ditugu”. Recicla-Birziklatutik jendea animatu nahi dute elkarteak antolatutako egitasmoetan parte hartzera, Gorka Alcantarillak aipatu duenez, “ingurumena zaintzeko beharraz kontzientziatzeko”.

“Honekin guztiarekin gogoratu nahi dugu itsasoa bakoitzaren etxean hasten dela”, azpimarratu du Laida Rodriguezek. Era berean, lurrera zaborrik ez botatzea birziklatzea bezain garrantzitsua dela gogoratu du. Gainera, ingurumena zaintzeko bidean kontsumo ohitura jasangarriagoen alde egiteko beharra azpimarratu du Rodriguezek, egun neurrigabeko kontsumoa saihesteko hainbat eta hainbat aukera baitaude.

Garapen Jasangarriko Helburuak
Ekimena Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko esparruan gauzatzen diren ekintzen barruan kokatzen da. Hain zuzen ere, seigarren, hamahirugarren eta hamalaugarren helburuak barnebiltzen ditu: ur garbia eta saneamendua, klimaren aldeko ekintza eta urpeko bizitza.

Zabor bilketa urriaren 24an
Komunikabideen presentzia eta aukera aprobetxatuz, Recicla-Birziklatu elkarteko kideek urriaren 24an goizean zabor bilketa bat egiteko asmoa aurreratu zuen. Dena den, antolakuntza arazoengatik, azkenean Recicla Birziklatu elkarteak zabor bilketa bertan behera gelditu dela iragarri du sare sozialen bitartez.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude