“Alkatea auzoetan” programak José Antonio Santano hiriko auzo elkarteetara hurbilduko du

“Alkatea auzoetan” programa 2011ko abenduan jarri zen martxan, Udalaren eta hiriko auzoen eta auzo elkarteen arteko zuzeneko elkarrizketa sustatzeko. Lehenengo saioa Larreaundin egin zen, eta, ordutik, 34 bilera egin dira, hiriko auzo elkarteen lokaletan, eta 1.000 eskaera baino gehiago jaso (600 baino gehiago, azken agintaldian), irun.org webgunean jendaurrean jarri direnak: bertan, aldian-aldian, auzoz auzoko eskaerak eta bakoitzaren kudeaketa maila argitaratu dira.

COVID-19ak eragindako etenaldiaren ondoren, zenbait aldaketa egin dira programan, “kalera gehiago ateratzeko, auzotarrei parte hartzeko aukera gehiago eskaintzeko eta eskatzen digutena, kezkatzen dituena, egin duguna… bertatik bertara ezagutzeko”, azaldu du José Antonio Santanok.

Ildo horretatik, auzo bakoitzak gune bat izango du webgunean, astebetez, auzotarrek beren proposamenak, kexak, iradokizunak… helarazteko. Gainera, aste berean, udal karpa bat instalatuko da dagokion auzoan, auzotarrek beren iritzia kalean bertan emateko. Azkenik, aste bereko ostegun edo ostiralean, alkateak dagokion auzoa bisitatuko du, auzo elkarteko buruaren eta kideen eskutik. “Denbora nahi dugu, kalean eta webgunean biltzen duguna errepasatzeko, elkartearen beraren eskaerei erantzuteko eta leku batzuetara zuzenean joateko”, ziurtatu du alkateak.

Lehenengo saioa, Behobian
Programa berrituaren barruko lehenengo saioa datorren astean egingo da, eta, horretarako, Udala Behobiako auzo elkartearekin harremanetan jarri da.

Horrela, urriaren 25ean, astelehenarekin, gune bat jarriko da irun.org webgunean, https://www.irun.org/modi/participacion/barrios.aspx helbidean, auzotarrek nolanahiko gaiak azaltzeko. Karpa urriaren 26an instalatuko da auzoan, asteartearekin, eta José Antonio Santano ostegunean bilduko da auzo elkarteko buruarekin eta kideekin, auzoko zenbait leku bisitatzeko besteak beste.

Aurreikuspenen arabera, bizpahiru astean behin egingo dira saioak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude