Azaroarekin batera, Familia Laguna programaren edizio berri bati ekin zaio Tokia Alai eta Dunboa Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan. Lehen topaketa hauetan, parte-hartzaileek ikasturtean zehar esperientzia horretan akonpainatuko dieten familiak ezagutu ahal izan zituzten, baita taldeko gainerako familiak ere.
Parte hartzen duten familiek bide partekatua egingo dute hurbiltasuneko harremanak eraikitzeko, bai eskolan, bai udalerrian. Horretarako, programako lantaldearen laguntza izango dute, baita topaketak, baliabideak eta aisialdiko hainbat jarduera ere. Hurrengo jarduera formakuntza izango da, eta bertan iazko ikasturteko familia batzuek ere parte hartuko dute. Eta abenduan topaketa gastronomiko bat egingo da, Erlaitz mendi elkartean, familien arteko loturak sendotzen jarraitzeko.



