Asteazkenean, hilaren 23an, Ertzaintzako agintariekin bildu ziren Irungo Udaleko ordezkariak, hiritik eskatutako segurtasun neurriak aztertzeko. Izan ere, hamar egun eskasean, bi erailketa gertatu dira hirian, eta herritarrak kezkatuta daude. Udaletxean izan zen bilera. Ertzaintzaren izenean, Gipuzkoako arduradunak eta Irungo komisariako buruak parte hartu zuten, eta, Irungo Udalaren izenean, udaltzainburuak, alkateak eta Udaltzaingoko ordezkariak.
Bileran, Ertzaintza Irunen segurtasuna areagotzeko neurriak hartzera konprometitu zen. Horrela, plan espezifiko bat jarriko du martxan gaueko aisialdiko guneetan: agente gehiago ibiltzea kaleetan eta zaintza baliabideak sendotzea, Ertzaintzaren beraren eta Udaltzaingoaren arteko elkarlan aktiboaren esparruan betiere, asteburu honetatik bertatik aurrera.
Ontzat emandako erabakia
Irungo alkate Cristina Labordak ontzat jo ditu Ertzaintzak bileran iragarritako neurriak, Udalak hirian segurtasuna areagotzeko jarriko dituen bitartekoei gehituko baitzaizkie. Hain zuzen ere, Udalak aste honetan jakinarazi du konpromiso hori. “Esan izan dugunez, kezkatuta gaude, eta argi eta garbi dugu herritarrak ere kezkatuta daudela. Horregatik, bat gatoz elkarlanean aritzeko garaia dela, gaia lehentasunezkoa iruditzen baitzaigu”. Ildo horretatik, Labordak eskerrak eman dizkio Ertzaintzari, kaleetako segurtasunik eza txikitzeko elkarlanean jarduteko prestasunagatik.
Udaleko Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkari Iñigo Bergések, berriz, nabarmendu du “zer-nolako ahalegin handia egingo duen Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin koordinatuta, gauez polizien presentzia areagotzeko hiriko kaleetan. Badugu egoeraren berri, eta batera lan egiten jarraituko dugu, herritarren alde”.
Bestalde, Irungo Udalak ontzat jo du Denok Bat eta BidaShop elkarteek Segurtasun eta Bizikidetza Mahaira itzultzeko hartutako erabakia. Hain zuzen ere, talde politikoek, ostalaritza eta merkataritza elkarteek, aipatutako bi polizia kidegoek eta auzo elkarteen eta gizarte entitateen ordezkariek parte hartzen dute Mahaian, eta, Udalaren ustez, hori da horrelako arazoei heltzeko bide bakarra, alde guztien arteko elkarlana alegia, “hiri seguru, justu eta biziagoa” helburu betiere.
Laster Mahaiaren bilkura batera deitzeko konpromisoa hartu du alkateak, iragarritako neurrien berri emateko, egungo egoera aztertzeko eta hobetu beharreko gaiak lantzeko.



