San Juan eremuko proiektua gauzatzeko hurrengo lanak Foruen kalean egingo dira

Irungo Udalak jakinarazten du uztailean abian jarri zen San Juan eremuko proiektuak aurrera jarraitzen duela. Azken helburua eremu hau emisio baxuko zona bat izatea da, jarduketa honen eta beste batzuen bidez.

Azken egunotan ikusi dugunez, lehen fasea Legia kalean hasi zen, eta hurrengo urratsa Foruen kalean egingo da. Obraren aurrerapena dela eta, Foruen kaleko espaloia eta aparkalekuak okupatu beharra dago. Hori dela eta, Pikoketa kalea erreserbatu da, hemendik aurrera bizilagunek bertan aparka dezaten, proiektuan aurreikusi bezala. Proiektuan hartutako konpromisoaren arabera, hitz emandako aparkatzeko tokiak gaituko dira, obrak aurrera egin ahala, Artaleku, Joaquín Gamón eta Aldapeta kaleetan, Pikoketa kaleaz gainera. (57 plaza).

Obren deskribapena
Abian jarritako proiektuaren xedea San Juaneko eremu osoa berrantolatzea da, zona guztia maila berean jarrita, koskarik edo goragunerik gabe, eta oinezkoentzako eremuen eta oinezkoek lehentasuna duten guneen ikuspegia indartuko duten zoladurak erabilita. Plazatxoan, egoteko eremuak sortuko dira, zuhaitzez edo berdegunez hornituak, San Juan plazan dagoeneko badauden eremuei segida emateko. Aparkalekuak kenduko dira, baina egoiliarrek aparkatzeko lekuak sortuko dira inguruko kaleetan, lehen azaldu bezala.

Horrela, oinezko mugikortasuna eta espazio lagunkoiak indartuko dira jarduketa honen bidez, emisio baxuko eremuak sortzeko helburuei jarraikiz. Izan ere, eremu horiek nahitaezkoak izango dira 50.000 biztanletik gorako hiri guztientzat, 2023tik aurrera, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legeak xedatutakoaren arabera.

Proiektua Otegui-Gaztañaga SL enpresari esleitu zaio, ia milioi eta erdiko aurrekontuarekin (1.489.378,56 euro), eta 12 hilabeteko exekuzio-epea du. Jarduketa «Emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiriko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzeko udalerrientzako laguntza-programaren» esparruan garatu da, eta Europar Batasuneko kofinantzaketa jaso du, NextGenerationEU funtsen bidez, 600.000 euro inguruko zenbatekoarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude