Iván Gómez, artista: “Nire sorkuntzetan elementu desberdinen arteko erlazioez interesatu naiz”

Menchu Gal erakusketa aretoak Ivan Gómez artistaren lana jasoko du abuztuaren 28ra arte. “Pliegues temporales” izenpean, artista irundarrak areto berean Ivánen proiektuak eta hainbat pieza etnografiko eta ondarezkoak batzen dituen elkarrizketan murgiltzea proposatzen dio bisitariari. Erakusketa irekita dago asteazkenetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Iván Gómez artistak azaldu du zertan oinarritu den erakusketa hau sortzeko.

Nola definituko zenuke zeure burua?
Ivan Gomez dut izena. Artista plastikoa eta bisuala naiz. Ikasketak Bartzelonako unibertsitatean hasi nituen. Gero, Kuban zinema ikasketak egin nituen eta Bilbon, egun bizi naizen hirian, ikerketa- eta sorkuntza-master bat egin nuen. Nire praktika pinturatik collagera joan da eta tartean sortzen diren harremanez arduratu naiz, gauza bat beste batekin edo beste pertsona batekin kontaktuan dagoenean gertatzen den harremanaren inguruan. Hortik dator harremanekiko dudan interesa.

Irundarra izanik, zerbait berezia sentitzen duzu Menchu Gal aretoan erakusteko aukera izateagatik?
Bai, egia esan, nire lana Irunen erakusteko gogoa nuen. Baina, batez ere, erakusketaren beraren gaiarengatik, Irungo testuinguruari oso lotuta baitago.

“Gustatuko litzaidake jendea uda kulturaz gozatzeko aprobetxatzera animatzea”

Zer adierazi nahi duzu “Pliegues temporales” izenarekin?
Erakusketa Haizea Barcenillak komisariatzen du eta berarekin batera ikerketa bat egin dugu San Telmo Museoaren, Gordailuaren eta Udal Artxiboaren funtsetan oinarrituta, Faisaien Uhartearen inguruko imajinarioari buruz. Irudien bidaia honetan, garai desberdinetako irudi eta objektuekin lan egin dugu, eta tolesduren ideia sortu da.

Lehen aldia izan da Haizea Barcenilla komisarioarekin lan egin duzula?
Bai, lehen aldia izan da elkarrekin lanean. Berarekin harremanetan jarri nintzen erakusketa hau bost urteko lanaren emaitza delako. Lan horretan hainbat erakunderen laguntza izan dut. Besteak beste, Irungo Udala edo Eusko Jaurlaritza. Irungo Udalaren aldetik jaso nuen lehenengo laguntzetako batean, Haizea izan zen laguntza horien epaimahaikide. Horregatik, erakusketa honetarako aukeratzea egokia izan zitekeela iruditu zitzaidan, proiektuaren hasieran konfiantza izan zuen norbaitekin batera lan egitea suposatzen baitzuen.

Zure lan guztietan ikusi daiteke erlazioekiko interesa?
Bai, horrela ulertzen dut nik artearen mundua eta mundua oro har. Uste dut ez garela bakardadean bizi eta, horren ondorioz, beste pertsona, ingurune eta pentsamendu batzuekin harremanetan gaude etengabe.

Erakusketa honekin, Faisaien Uhartearen inguruan egindako lanaren etapa ixten al duzu?
Bai, hala da. Bost urte izan dira, eta lehenago aipatu dudan Anartz Ormazarekin kolaboratzeaz gain, Haizea Barcenillarekin lan egin dut eta Iraitz Agirrerekin batera “La Isla de los Faisanes: Modos de narrar la historia” liburua argitaratu dut. Ikerketa zabala duen saiakera antzeztu bat da. Liburu txiki bat ere atera dut, Bilboko Rekalde Aretoan aurkeztu nuena, literatura hedatuaren erakusketa batekin batera. Bost urte izan dira nire ekoizpen guztia harremanetan eta uhartean oinarritzen, eta orain amaitutzat eman dut garai hori.

“Bost urte izan dira nire ekoizpen guztia harremanetan eta uhartean oinarritzen, eta orain amaitutzat ematen dut garai hori”

Zer beste proiektu dituzu oraintxe bertan esku artean?
Material organikoarekin ari naiz lanean, soberakinen ideia lantzen, hondakinarekin eta ekonomia zirkularrarekin. Orain ekologiarekin edo bizikidetzarekin lotutako ideiak garatzen ari naiz buru-belarri, pandemia osteko pentsamendu gisa.

Beraz, uda ere erakusketak bisitatzeko garai egokia da?
Bai. Aretora hurbiltzera animatzen dut, aretoa oso tenperatura freskoan baitago piezak kontserbatu ahal izateko. Gustatuko litzaidake jendea uda kulturaz gozatzeko aprobetxatzera animatzea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude