Santa Elena karrikaren berrurbanizazioa aurkeztu da

Prentsaurreko batean, Irungo Udalak Santa Elena karrika berrurbanizatzeko emango dituen hurrengo pausoen berri eman dute Obretako ordezkari Cristina Labordak eta Herritarren Partaidetzako ordezkari Mónica Martínezek. Behin proiektuaren lehenengo lerroak idatzita, herritarrek parte hartzeko prozesu bat jarri da abian, jarduketa osatzeko ekarpen, iradokizun eta ideiak biltzeko.

Santa Elena karrikaren berrurbanizazioa epe motzean egiteko asmoa dugun inbertsio nagusietako bat da. Proiektuaren helburua Alde Zaharrean egin diren aldaketei jarraipena ematea da, hala nola Urdanibia plazako lanei eta San Martzial karrikaren, Sarjia parkearen eta Uranzu pilotalekuaren arteko lotunekoei, denek badute-eta ezaugarri komun bat: ingurune osoa hobetu eta atseginagoa bilakatzea eta oinezko mugikortasuna sustatu eta ibilerraztasun arazoak konpontzea”, azaldu du Cristina Labordak.  

Horrela, Santa Elena karrikako jarduketaren helburua da bidea hobeto integratzea Arbes eta Alde Zaharra lotzen diren ingurunean, eta, kontuan hartu beharreko gaien artean, oinezkoen ibilerraztasuna, espaloiak estuak baitira eta zolagaina hondatuta baitago. Prestatutako oinarrizko proposamenak plataforma bakar bat planteatzen du. Aparkamenduari dagokionez, berriz, gaur egun, zeharka aparkatzen da, ezkerraldean, eta, aurrerantzean, ilaran aparkatzeko tokiak egokituko dira, zamalanak egin behar dituztenentzat eta mugikortasun urria duten pertsonentzat, eskuinaldean; horrela, espaloiak zabalduko dira, eta oinezko mugikortasuna sustatuko da.

Lanen barruan, Santa Elena karrikako azpiegiturak ere hobetuko dira. Alde horretatik, funtsezkoa da saneamendu hoditeria eta edateko ura eramateko hodiak berritzea. Era berean, led teknologiako argi berriak instalatuko dira, Urdanibia plazakoen antzekoak.

Auzoaren eskutik

Proposamena auzo elkarteari aurkeztu, eta, aste honetatik aurrera, partaidetza prozesu bat jarriko da abian, ekarpen, iradokizun eta ideiak bildu eta behin betiko proiektua osatzeko.

“Beste jarduketa batzuen esparruan, oso berriki Emigrazioko eraikina egokitzeko lanen esparruan adibidez, auzotarren iritzia bildu dugu, proiektua aberasteko, eta horixe egin nahi dugu oraingoan ere. Lehenengo pausoa eman dugu, Alde Zaharra – San Juan auzo elkartearekin, bere proposamenak entzuteko, eta herritarrentzako kanal bat ere egokitu dugu”, adierazi du Mónica Martínezek.

Bihartik aurrera www.irun.org udal webgunean kontsultatu daitezke jarduketari buruzko informazio esanguratsu guztia eta parte hartu eta proposamenak bidaltzeko bideak. Ekainaren 6an bukatuko da epea, igandearekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude