Aste hauetako bisita gidatuek harrera ona izan dutela ikusita, Kultura Arloak jakinarazi du “Ruiz de Eguino, bat eta askotarikoa” erakusketari buruzko hitzaldi bat izango dela Menchu Gal aretoan: ostegun honetan izango da, hilak 27, 19:30ean, Iñaki Ruiz de Eguino artista eta erakusketaren koordinatzailearen beraren kontura.
Bisitara joateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea cultura@irun.org helbidera idatzita edo 943 50 54 08/07 telefonoetara deituta. «Ruiz de Eguino: bat eta askotarikoa» erakusketak artista donostiarraren sormen-lana errepasatzen du 80ko hamarkadatik gaur arte, eta 58 artelan biltzen ditu (14 eskultura eta hainbat neurritako 44 pintura). Horien artean, «Tetradimensional» izeneko margolana, San Telmo Museoak erakusketa honetarako lagatakoa. Erakusketak eskainitako ibilaldia 80ko hamarkadaren hasieran abiatzen da, Ruiz de Eguinok espazio plastikoarekiko zuen interesean ardaztuta. Areto txikian ikusgai dauden obretan agerikoak dira artistaren egungo metodoa eta esploratzeko interesgaiak (hala nola, «espazio iluna» edo dimentsionalitatea). Artista bera arduratu da erakusketa koordinatzeaz.
Erakusketa Menchu Gal Aretoaren ohiko ordutegietan bisitatu ahalko da, ekainaren 6ra arte:
– ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara
– igandeetan eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era