Hamar urte bete ditu Menchu Gal erakusketa aretoak

2020. urtean hamar urte betetzen dira Menchu Gal erakusketa aretoa inauguratu zenetik. Margolari irundarra omentzeko asmoz sortu zen aretoaren urteurrenaren aitzakia aprobetxatuz, Kultura arloak jakinarazi du lehen hamarkada honetan zehar aretotik igaro diren artisten errepasoa egingo dela.

Aretoan antolatutako erakusketen errepaso hasteko 2016 urtean José Luis Zumetaren inguruan egindako “Zumeta berrikusten” erakusketa aukeratu da. María José Aranzasti historialariaren komisariotza pean antolatutako erakusketaren bideoa Irungo Udalaren YouTubeko kanalaren bitartez partekatu da. Sare sozial honen bitartez partekatuko dira erakusketaren errepasoa egingo duten bideo guztiak, hurrengo atalean Dora Salazarren lanak bilduko direlarik.

Menchu Gal eta Bidasoako margolaritza
Menchu Gal izeneko erakusketa aretoa 2010. urteko urtarrilaren 22an inauguratu zen Sancho Urdanibia Jauregiaren beheko solairuan. Aretoa margolari irundarra gogoratu eta, era berean, Bidasoako margolariei eskainitako espazio bat sortzeko helburuarekin sortu zen.

Aretoan aldi baterako erakusketak antolatzen dira eta hainbat artisten lanak bildu ditu aretoa inauguratu zenetik. Hasiera batean Menchu Galen obrak erakutsi ostean, Gaur taldea osatzen duten artisten lanak bildu ditu, besteak beste, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Amable Arias, Néstor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, José Luis Zumeta eta José Antonio Sistiagaren sorkuntzak.Hortaz gain, azken urteetan zehar sorkuntza berriko lanen erakusketak ere antolatu dira, emakume artistei ikusgarritasuna emateko. Horrela, María Cueto, Rosa Valverde, María José Recalde edo Carmen Mauraren lanak bisitatu ahal izan dira.

Alarma-egoera ezarri ostean aretoa itxi zenean, Sistiaga Mosoren erakusketa bisitatzeko aukera eskaintzen zuen Menchu Gal aretoak, hain zuzen ere, Gaur taldearen errepasoa amaitzen zuen erakusketa. Hasiera batean erakusketa horren amaiera maiatzaren 17rako aurreikusita zegoen. Menchu Gal aretoak ekainaren 2tik aurrera berreskuratuko du ohiko jarduera.

Horrela, Sistiaga Mosoren erakusketa uztailaren 12ra arte bisitatzeko aukera egongo da. Aretoak asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara irekiko ditu ateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude