Haurdun dagoen emakume bat kalean utzi izana leporatu dio Stop Kaleratzeak-ek udalari

Sergio Corchón Gizarte Ongizatea arloko ordezkariak baieztatu du legediaren araberako neurriak hartu dituztela

 

Salaketa gogorrak egin ditu Stop Kaleratzeak plataformak otsailaren 2an, San Juan plazan emandako prentsaurrekoan. Mila Holgado udaleko Lehen Arreta arduradunaren dimisioa eskatu du, betebeharrekiko utzikeria egotzita. Haurdun eta gaixo dagoen emakume bat kalean utzi izana leporatu diote. Sergio Corchón Gizarte Ongizatea arloko arduradunak teknikariaren lana babestu du: “Salaketa larriak dira, neurrigabeak”.

Urtarrilaren 23an iritsi zen haurdun dagoen emakumea Irunera, bikotekidearekin. Iluntzean ailegatu ziren, eta Hotzaren Dispositiboaren baitan, udalak Ospitale Zaharrean eskaintzen duen kanpaina aterpetxean egin zuten lo. Astebete zeramaten inguruan, eta beste bi udaletxetan ere egon ziren lehenago. Hurrengo egunean, elkarrizketa egin zieten Gizarte Ongizatea arloan: “Ikusi genuen bi pertsona horiek ez zeudela EAEn erroldatuta, eta ez zeudela bertako gizartean errotuta”.

Corchónek argudiatu du, kasu horietan, gizarte zerbitzuetako eta etxebizitzako arautegien arabera, “larrialdietarako” baliabideak besterik ezin dituztela eskaini: Hotzaren Dispositiboko aterpetxea, Gizarte Jantokia eta Topagunea. “Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri gara, baina haiek eragozpen berdinak dituzte”, argitu du Corchónek: “Momentu honetan, ezin diogu egoerari beste irtenbiderik eman”.

Stop Kaleratzeak-ek azaldu du goiz hartan ondoeza sentitu zuela emakumeak, eta anbulantzian eraman behar izan zutela Donostiako Ospitalera. Denbora laburrean bueltatu zuten Irungo Gizarte Topagunera, ingresatu gabe. “Ez dagoenez erroldatuta, ez du osasun txartelik”, azaldu du Ruth Lopez Stop Kaleratzeak-eko kideak. Kaleratzeen Aurkako Komisio Mistoan parte hartu zuen emakumearen bikoteak, Stop Kaleratzeak-eko kideen laguntzaz, emakumearen egoera salatzeko. Diagnosia egiterakoan, Lehen Arretako arduradunak “diskurtso arrazista” erabili zuela salatu dute: “Kasua salbuespen gisa hartzeak dei efektua eragin zezakeela argudiatu zuen”.

“Baliabide bat kudeatzeko, arautegiaren arabera jokatu behar da beti”

Sergio Corchón, Gizarte Ongizatea arloko ordezkaria

“Ezin dugu ulertu nola Irungo Udalak dituen emergentzia etxebizitzak hutsik egonik, egoera honek ez duen irtenbiderik”

Ramón Muñoz, Stop Kaleratzeak

Baliabideak erabiltzeko trabak

Sergio Corchónek nabarmendu du bera ere Komisio Mistoaren bilera hartan egon zela. Teknikaria babestu du: “Salaketak ez dira egiazkoak”. Gizarte Ongizatea arloko arduradunak errepikatu du ezin dutela beste urratsik eman: “Baliabide bat kudeatzeko, arautegiaren arabera jokatu behar da beti”. Stop Kaleratzeak-eko kideek kritikatu dute eskaera humanitarioei, datu hotzekin erantzuten diela beti administrazioak. “Ezin dugu ulertu nola Irungo Udalak dituen emergentzia etxebizitzak hutsik egonik, egoera honek ez duen irtenbiderik, ezin direlako pauso burokratiko batzuk eman”, adierazi du Ramón Muñozek.

Emakumea herrikide baten etxean dago egunotan, Irunen, Stop Kaleratzeak-ek azaldu duenaren arabera. “Oinaze handia du, eta ezin du jan. Fetuaren osasunari eragin diezaioke horrek. Uste dugu egoera oso larria dela, eta arreta eskaini behar diotela”, aipatu du Ruth Lopezek. Bikotekideak Hotzaren Dispositiboko aterpetxean lo egiten du. Eta biek Gizarte Jantokia eta Topagunea erabiltzen dituzte. Stop Kaleratzeak-ek gehiago eskatu du: “Udalari exijitzen diogu emakumea eta bikotekidea larrialdi etxebizitza batean har ditzan, emakumea osatzen den arte, behintzat”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude