Haize guztiak aldeko…
Ikasturte berriaren hasierari ekingo diogun hilabetea iritsi zaigun honetan, irundar askoren seme-alabak eskola publikoetan eskolaratuko dira, gehiengo zabal bat D eredua delakoan eskolaratu ere. Gaur egun publikoa den Txingudi Ikastolak, aurten 50 urteurrena ospatzen duela eta, oroigarria ipini zuen ikastolaren atarian pasa den ekainean. Oroigarri horrek aitortza egiten die 1963an, frankismo betean, haurrek euskaraz ikasteko aukera izan zezaten, bihotza, kemena, lana eta dirua jarri zituzten gurasoei eta irakasleei: “atzo eraiki zen oraina, zur baten ezpal gara gu dio”, besteak beste. Esan liteke oroigarri horrek berdin balio dezakeela Euskal Herriko edozein herritako ikastolako sarrerarako. Aitzindari guzti haiei esker finkatu baitziren euskarazko irakaskun-tzaren existentzia bermatuko zuten oinarriak. Pausoz pauso, urterik urte, batzuen eskuetatik guztien eskura, egun dagoen euskaraz ikasteko dohaineko sistema publikora.
Esan liteke, baita ere, Marthin Luther Kingek urte berean, 1963an, esan zuen bezala: “amets bat daukat”; alegia, amets bat zuten aitzindari haiek. Eta ametsa bete egin zen, nola hala, aka-tsak akats. Izan ere, oroigarriaren ondotik egunero pasatzen diren Txingudi Ikastolako guraso askok, historiaz ez jakitun, kanpotarrak izan ala ez izan, euskara zipitzik jakin gabe ere -eta jakin nahi gabe-, badaukate behintzat aukera beren seme-alabak ikastolan euskaraz matrikulatzeko. Alabaina, uda bero honetan izandako eguzki izpi indartsuek, gu itsutu beharrean, are gehiago argitu dizkigute ikasturte berrian zehar aurkituko ditugun itzalen tamaina eta sakonera. Ametsak ertzak baitauzka, espero ez genituenak akaso. Ze, nork pentsatu behar zuen hezkuntza sistemaren eraldaketa tamalgarri eta atzerakoi baten aurka borrokatu beharko genuela 2013an? Ikasteko dirulaguntzak handitu beharrean murriztu egingo zirela? Irakasleen lan baldintzek okerrera egingo zutela? Ezberdinatsun sozialak areagotuko dituen hezkuntza sistema sustatu nahiko zela… XXI. mendean? (Eta bide batez esanda, EAEko Gobernua ez dela gai izango neurri guzti horiek saihesteko?) Begira diezaiogun, baina, berriro Txingudi Ikastolako kartel oroigarriari, letra larriz gogorarazten baitigu: Haize guztiak aldeko ditu dakienak nora doan.
Hemendik 50 urtera, gure ondorengoak onerako akordatuko dira gurekin… Edo madarikatuko gaituzte.
Yurre Ugarte