Adin nagusikoa da Txingudi Korrika

Hemezortzi urte bete ditu badiako hiru hiriak elkartzen dituen herri lasterketak

Heldua da jada Txingudi Korrika. Hemezortzigarren edizioa izango du aurten, eta nahikoa egonkortuta dago. Duela sei urte distantzia finkatu zutenetik, hamar kilometroko proba da, eta ia 800 parte hartzaile inguru elkartzen ditu urtero. Aurten urriaren lehenean izango da, 16:30etan. Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeko antolatzaileek Santiagotarrak Kirol Elkartea omenduko dute, 50 urte bete dituela eta.15480272292_520af67107_o

Proba berezia da Txingudi Korrika, badiako hiru hiriak lotzen dituelako. Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak antolatzen du, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta Hendaiako, Irungo eta Hondarribiko udalen babesarekin. Hendaiako tarterako, Urpean urpekaritza elkartearen laguntza izango du BATek, iaz bezala. 40-50 laguntzaile mobilizatuko ditu Hendaiako elkarteak. Kirol Kaian egongo da irteera, Tribord dendaren parean. Bertara iristeko, hiru autobus jarriko ditu antolakuntzak helmugatik, 14:45, 15:00 eta 15:15ean. Irteeran, motxilak jaso eta Hondarribira eramango dituen furgoneta egongo da. 16:20ean irtengo dira roller kirolariak, patinetan. 16:30etan emango diete irteera korrikalariei.

“Korrikalariei gustatzen zaie azken metroak pistan egin ahal izatea”
Ibon Muñoz BATeko kirol zuzendaria

Guztira 800 parte hartzaileen muga gainditu nahi luke BATek. Hamar kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta Hondarribira heldu aurretik, Hendaia eta Irun zeharkatuko dituzte. Mendeluko biribilgunean, seigarren kilometroan, edariak banatuko dituzte. Erritmoa markatuko duten lau korrikalari egongo dira, bidean. Kilometro bakoitzeko 3:45, 4:00, 4:30 eta 5:00eko erritmoa eramango dute. Helmuga Hondarribiko atletismo pistan egongo da. “Korrikalariei gustatzen zaie azken metroak pistan egin ahal izatea”, adierazi du Ibon Muñoz BATeko kirol zuzendariak.

Sariak lehen hamarrei, eta herri bakoitzeko onenei emango dizkiete, emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Parte hartzaile guztientzat, aldiz, edaria, eta janaria banatuko dituzte helmugan. Berritasun bat izango dela aipatu du Muñozek: “Aurten fruta emango dugu, jendeak azken edizioetan eskatu baitigu”. Lasterketako kamiseta aldiz, aurtengoan ez dute helmugan emango, dortsala jasotzeko momentuan, baizik. Izen emateak internet bidez egin daitezke, kirolprobak.com eta pb-organisation.com web guneetan. Irungo Leire Sport eta Olamusu kirol dendetan, eta Hondarribiko Papycop-en ere egin daiteke. Txip horia dutenek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta zuria alokatu behar dutenek, 14. Lasterketaren egunean 18 eurokoa izango da dortsalaren prezioa.

“Gure kirolariek maite dute Txingudi Korrika, askotan parte hartzen dute”
Antxon Arellano, Santiagotarrak K.E.ko presidenteordea
Santiagotarrak K.E. omenduko dute

Kamiseta gorria izango da aurtengoa, Santiagotarrak Kirol Elkarteari keinua egingo baitio BATek. 50 urte bete ditu ureko kiroletan dabilen klubak, eta urteurrenaren logoa eta idatzizko aipamena izango ditu kamisetak. Dortsalean ere agertuko dira. Antxon Arellano Santiagotarrak K.E.ko presidenteordeak baieztatu du ahalik eta jende gehien eramango dutela lasterketara. Buruhauste handirik ere ez dute izango, hala ere: “Gure kirolariek maite dute Txingudi Korrika, askotan parte hartzen dute. Denboraldi hasieran izaten da, eta ondo datorkie prestaketa gisa”. Kanpaina berezia egiten ari dira, dena den, jendea animatu dadin. Bai nagusien probara, baita goizean egingo diren haurren lasterketetara ere.

Larunbat goizean izango da Txingudi Korrika Txikia, 10:00etan hasita, Stadium Galen inguruan. “Iaz egin genuen lehen edizioa, eta esperientzia positiboa izan zen. Beraz, jarraipena emango diogu”, azaldu du Joseba Sarriegi BATeko kide beteranoak. Adin ezberdinetako haurrei zuzendutako lasterketak egongo dira, 14 guztira. Hamahiru urtera arteko neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. Doakoa izango da parte hartzea, baina aldez aurretik kirolprobak.com-en izena eman beharra dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude