Elkarteek eta hiritarrek proposamenak egin ahal izango dizkiete artistei
Iazko esperientziaren ondoren, Gazteartean Expo erakusketa programari jarraipena emango dio Irungo Udalak. Inguruko artisten eta sortzaileen erakusketak antolatuko ditu Martindozenea Gaztelekuan, artistek beraiek zuzendutako tailerrekin batera. Hiriko gazteak artearen mundura hurbiltzeko saiakera izango da.
Berritasunak edukiko ditu, edonola ere, aurtengo programak, dinamika ireki eta parte-hartzaileagoa eskaini nahi izan baitu udalak. Programa kudeatzen duen GKO Gallery-ko Garikoitz Muruak eman ditu azalpenak: “Balorazio ona egin genuen iaz. Ikusi genuen jendea etortzen zela, eta tailerretan parte hartzen zuela. Baina ekimena handitu nahi dugu, nolabait”. Hautatutako artistek egonaldi txikiak egingo dituzte Martindozenea Gaztelekuan, gero erakusketa eskainiko dute, eta erakusketa amaitzerakoan, tailerra emango dute.
“Edonork, hirian zerbait landu nahi baldin badu, artistarekin harremanetan jartzeko aukera izango du, ideia hori proposatzeko”
Garikoitz Murua, GKO Gallery
Garikoitz Muruak azaldu du bizpahiru eguneko egonaldia egingo dutela artistek Martindozenean: “Erakusketa prestatzen egongo dira, alde batetik, baina era berean, kanpora begira egon daitezken proposamenei erantzuteko prest”, azaldu du Muruak. Beraz, artistak Martindozenean lan egiten duen bitartean, alde batetik, interesa duen edonork prozesu artistikoan parte hartu ahal izango du. Bestetik, hiritarrei, elkarteei, entitateei eta bestelako kolektiboei, haien auzo eta kaleetan ekintza artistiko ezberdinak proposatzeko aukera emango die udalak. “Edonork, hirian zerbait landu nahi baldin badu, artistarekin harremanetan jartzeko aukera izango du, ideia hori proposatzeko”.
Paperezko maketak, lehen erakusketan
Jone Lizarralde artistak eskainiko du lehen erakusketa, irailaren 16tik urriaren 15era. Paperez eta kartoiz egindako maketak aurkeztuko ditu. Erakusketan egongo diren piezetako batzuk Martindozenean bertan egingo ditu, irailaren 13an, 14an eta 15ean izango den prozesu ireki batean. Erakusketan egongo diren maketa gehienek eraikin ezagunak irudikatuko dituztela azaldu du Lizarraldek: “Gure ingurukoa da gehien erakartzen nauena. Horregatik, Irungo eraikinak, edo Euskal Herriko beste lekuetakoak izango dira gehienak. Nazioarteko baten bat ere egongo da, hala ere”.
“Jendeak prozesuan parte hartu ahal izatea oso interesgarria iruditzen zait”
Jone Lizarralde, artista
Erakusketa amaitzen den egun berean, urriaren 15ean, tailerra eskainiko du Jone Lizarraldek. Parte hartzera animatu nahi izan du jendea, eta beretzat esperientzia “onena” izango dela baieztatu du: “Jendeak prozesuan parte hartu ahal izatea oso interesgarria iruditzen zait”. Paperezko maketak egiteko teknikak eta tresnak azaldu eta erakutsiko dizkie parte hartzaileei. Eraikin bat, eta inguruko pertsonaiak eta elementu osagarriak prestatuko dituzte, eta norberak eszena pertsonalizatzeko aukera izango du. “Haurrek haien jostailuak egiten ikastea oso ederra izan daiteke”, adierazi du Lizarraldek.
Ilobei jostailuak eginez hasi zen, hain zuzen ere, paperezko maketen munduan. Publizitaterako ilustrazioak egiten ibilitakoa zen ordurako. Ilustrazioak hiru dimentsioko elementu bihurtu zituen, maketak osatzeko. Urtetako lana izan dela argitu du, eta proba eta esperimentu asko egin behar izan dituela. Nolanahi ere, pozik dago emaitzarekin: “Apaingarri gisa politak dira, eta xarma handia dute”. Urriaren 15era arte ikus daitezke maketak Martindozenean, eta haiek egiteko prozesuaren berri izan nahi duenak, egun horretan Jone Lizarraldek eskainiko duen tailerrean izango du aukera.
Gazteartean Expon parte hartuko duten hurrengo artistak:
Mikel Etxeberria: Graffitia.
Marcos Navarro: Ilustrazioa.