Real Unionen eman zituen lehen urratsak, futbolaren munduan. Baina infantil mailan zegoenean, Realaren deia jaso eta Zubietarako bidea hartu zuen. Filialeraino iritsi zen, eta bertan bi denboraldi egin ondoren, Stadium Galera bueltatu zen, Realak utzita. Bi denboraldi egin ditu horrela, eta hirugarrenari ere ekin dio. Real Unionen atearen zaindaria da Jon Tena, 23 urteko irundarra.
Urte batzuk egin dituzu Zubietan, Realaren harrobian. Ikasteko balio izan dizu?
Bai, Realean asko ikasi nuen, baina hemen ere bai, momentu honetan ikasten ari naiz. Oso gustura nago Real Unionen, egia esan.
Unionen atezain onak izan dituzu ondoan. Haiengandik ere jasoko zenuen.
Beti ikasten da zerbait, atezain guztiengandik. Lehenengo urtean Otermin izan nuen ondoan, iaz Txusta. Aurten Ignacio Otañorekin ari naiz, gaztea da, gauza berriak ekarri ditu, eta aukera baliatzen ahalegintzen ari naiz. Saiatzen naiz bakoitzak duen onena barneratzen.
“Aurtengo proiektua ere polita zela iruditu zitzaidan”
Iaz ez zenuen jokatzeko aukera handirik eduki. Hala ere, jarraitzea erabaki duzu. Zergatik?
Gehiegi jokatu ez nuen arren, esan behar dut eroso egon nintzela. Aurtengo proiektua ere polita zela iruditu zitzaidan. Gainera jakin nuen Txustak ez zuela jarraituko, eta segitzea erabaki nuen.
Bazirudien Aitor Zulaikak jarraituko zuela aulkian, baina Realaren organigraman izan diren aldaketen ondorioz, Santana duzue entrenatzaile. Ezustekoa izan da?
Ez. Aldaketak hobetzeko helburua baldin badu, gu gustura gaude. Gainera, nik laugarren urtea dut jada Asier Santanarekin, Realean nengoen garaitik ezagutzen dut.
Esango zenuke aldaketa handia dagoela Santanaren eta Zulaikaren artean?
Entrenatzaile bakoitzak lanerako modu ezberdinak ditu, eta Santanaren eta Zulaikaren artean ere, aldeak badaude. Baina gu berdina egiten saiatzen gara.
“Ligaren hasiera zaila izan da guretzat”
Galdu gabe bete duzue ligako lehen hilabetea. Partida bakarra irabazi duzue, ordea. Gehiago nahi zenuten?
Kontuan hartu behar da ligaren hasiera zaila izan dela guretzat. Hala ere, puntuak atera ditugu, eta hori ona da. Aurreko bi urteei begiratuta, konturatuko gara puntu gutxi atera genituela hasieran.
Nola ikusi duzu taldea? Zertan hobetu behar duzue?
Nik uste dut ondo ari garela, bai entrenatzen, bai jokatzen. Jarraipena eman behar diogu, eta denborarekin, emaitza hobeak ailegatuko dira.
Aurreko urteetako taldearen antzekoa da aurtengoa. Jokalari batzuek denbora daramate elkarrekin jokatzen. Hori lagungarria da?
Bai, ondo ezagutzen dugu elkar, eta aurten etorri berriak direnak ere, azkar egokitu dira. Anbizio handia dugu, egia esan.
Aurreko bi urteetan bezala, play off-eko lehian egoteko gai ikusten duzu taldea?
Zalantzarik gabe. Gure helburua hori da, eta ahaleginak egingo ditugu.