Kudeaketa komertzialean sare sozialei buruzko formazio-ikastaro askotan, topatzen ditudan enpresa txiki eta ertainetako jabeak erdi beldurrez erdi jakin-minez etortzen zaizkit.
Batzuek ondorioztatu dute beren enpresek derrigorrezkoa dutela on line presentzia. Ez dakite ongi zertarako, zer bilatzen duten horrekin; baina uste dute sarean ez egotea kalean ere ez egotearen parean dagoela.
Halako zalantzak ikastaroa hasi eta ordu gutxira argitzen zaizkie, arindu ederra hartuta, bide batez esanda.
Berezko erantzuna da EZ, ez da behar-beharrezkoa Interneten egotea enpresak arrakasta izateko. Izan ere, establezimendu askok eta askok ez dute haren berri handirik izaten. Auzoan halako pila dauzkat: dendak, estankoak, bazarrak, bulegoak, tailerrak…
Baina… askotxori on egingo lioke, eta sektorean erreferentzia bat izateko baliagarri litzaieke.
Bezeroekiko harremanak hobetzea, produktuen kalitatea eta asebete-maila ezagutzea, eskaintzak ezagutaraztea, markaren pertzepzioa hobetzea edota zerbitzu eske datozen bezeroei kokapenaren berri eta iristeko bidea erraztea garrantzi handiko faktoreak izan daitezke enpresa baten etorkizuna ziurta-tzeko tenorean. Beharbada ez bihar, baina bai datorren urtean.
Dena den, kontua ez da web orri bat sortzea, Facebook profil bat zabaltzea edo Foursquare-n gune bat erregistratzea, edo ez hori soilki. Hori edonork egin dezake, ez da bereizgarri bat.
Inportanteena, garrantzizkoa, eta zailena ere bai, komunikazio eraginkor bat lortzeko estrategia oso bat, edukiak publikatzeko errutina bat eta emaitzen monitorizatze bat sortzea da. Hori guztia gabe, gure aktibitatea Interneten alferreko lana izango da, denbora eta dirua xahuaraziko diguna.
Inor ez da ikastun jaio. Enpresa baten on line proiektua Interneten aurrera ateratzeko, ikasketak eta formazioa behar dira, bai eta eskarmentu pixka bat ere, hasierako hanka-sartzeak eta guzti, gerora akats larririk ez izateko. Kasu honetan, inportanteagoa da horiek konpontzen jakitea, inoiz ez egin izana baino.
Uste baldin baduzu zure enpresak onura lor lezakeela on line egonda, edo ogibidea horrela irabazi nahi bazenu, hitz egin ezazu gu bezalako aholkulari batekin, edo apunta zaitez gutxieneko teknikak eskuratzeko formazio ikastaro batera (askok diru-laguntzak izaten dituzte). Ez zara damutuko, dena aldatzen ari da eta ez zenuke trena galdu behar.
Pablo Moratinos
Marketing online-aholkularia
3yMedia Comunicación Digital