Gastronomia gustatzen zaigu. Gastronomiarekin gozatzea gustatzen zaigu. Ez pentsa bakarrik mahaian eseri eta jatea gustatzen zaigula, ez, guri gastronomiaz hitz egitea eta arte hau lau haizetara zabaltzea gustatzen zaigu.
Hori egin nahi dugu gure txoko honetan, gastronomiaz hitz egin eta zuek, gurekin batera, gastronomiaz gozaraztea.
Gure lehen artikulu honetan, Nafarroako neguko barazki preziatuenetariko bati buruz hitz egin nahi dizuegu: kardua da. Gure etxeetan ez da oso ohikoa izaten, baina benetan gomendatzen dizuegu, fruta-dendan aurkituz gero, erosi eta gozatzea, merezi du eta. Jarraian, kardua garbitzeko eta prestatzeko gomendioak aipatuko dizkizuegu:
Kardua garbitzen
Karduak, garbitzeko “arazoak” ematen ditu. Baina ez beldurrik izan, ez da dirudien bezain zaila eta. Egin beharrekoa: landarearen zutoinak zati txikitan moztu, 5-10 zm bitartekoak. Behin prest ditugula, hariak kendu behar dizkiegu, bi aldeetatik. Lan hau amaitzean, ura, izotz kozkorrak eta limoi zukua dituen bol batean sartuko ditugu, kolorerik gal ez dezaten. Egosteko orduan, presio-eltzea erabiliko dugu. Ura irakiten hastean, kardua ipini eta eltzearen tapa itxiko dugu. Presio-eltzea txistuka hastean, 20 minutuz egosiko dugu.
Kardua prestatzen
Prestatzeko, errezeta andana aurkituko dituzue liburuetan eta Interneten. Guk errezeta sinple bat utziko dizuegu hemen: kardua, almendra saltsarekin. Sinple-sinple, olioa jarri kazuela batean eta bertan almendra gordina eta urdaiazpiko zatiak gehitu eta berotzen jarri. Behin prest ditugula, irina bota eta sukaldatu. Hau prest dugunean kardua gehitu eta pixkanaka-pixkanaka egosten joango gara, kardua egositakoan geratu zaigun saltsa gehitzen joango garelarik.
Hau gure lehen gomendio edo laguntzatxoa. Gogoratu: arteaz gain, gastronomia festa bat ere badelako, gozatu gastronomiaz, gozatu sukaldaritzaz eta gozatu bizitzaz. On egin!
Oraitz Garcia
gastrofesta.com