Trenaren norabidea

Irun hiriaren etorkizuna markatuko duten bi proiektu handi ditu udalak agendan, burdinbidearekin lotuta

Trenari estu lotuta dago Irun hiriaren historia garaikidea. 1863.urtean iritsi zen burdinbidea, eta eraldatze itzela ekarri zuen, arlo sozialean, demografikoan eta ekonomikoan, baita hirigintzari dagokionean ere. Ondorio zuzenak eduki zituen hiriaren hedapenean, ondorengo hamarkadetan zehar. “Iraganak bezala, Irunen etorkizunak ere harreman zuzena du trenarekin”, baieztatu du José Antonio Santano Irungo alkateak, Trenbideari Buruzko VIII. Informazio Jardunaldietan. Irungo Hiritar Foroak antolatu du, martxoaren 2an, Ficoban. Irun hiriarekin lotutako bi proiektu aztertu dituzte: trenbideen espazioaren erabilera, eta Abiadura Handiko Trenaren iritsiera. Aldaketa handiak eragin ditzakete hirian, epe ertainean.
SONY DSC

Proiektu bereiziak dira, baina harremana dute. AHTaren iritsierak, trenbidearekin lotutako espazioaren eraberritzeari bultzada eman diezaiokeela uste du alkateak. Aukera ez baliatzea “akats historikoa” litzatekeela adierazi du. Izan ere, Euskal Y-ari buruzko harremanak berreskuratu dituzte Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituren Sailak. EAEko hiriburuetarako sarrera adosteko lanean ari dira jada. Gainera, azken aurreikuspenen arabera, Astigarragaren eta Irunen arteko tartea 2019rako egon daiteke prest. “Hegoaldera, trenak ezin izango du aurrera jarraitu. Iparraldera begira, ordea, joko handia emango du, orduan”, aipatu du Santanok. Frantziako TGVk Donostiarainoko bidea izango du, hortik aurrera: “Konexio horrekin, BAB(Baiona, Angelu, Biarritz)rekin lehiatu ahal izango dugu, arlo askotan”.

“Atzean gelditzeko arriskua dugu, errepidezko garraioarekiko mendekotasun handiarekin”
Marisol Garmendia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun ahalduna

AHTaren iritsiera “gehiegi” berandutzen ari dela salatu du Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun ahaldunak (PSE-EE): “Atzean gelditzeko arriskua dugu, errepidezko garraioarekiko mendekotasun handiarekin. AHTa ezinbestekoa da, lehiakorrak izaten jarraitu ahal izateko”. Trenak inbertsio berriak, negozio aukerak, eta turistak erakartzeko ahalmena ekarriko dituela uste du Garmendiak. Ez hori bakarrik, Gipuzkoako garraiobideen ardatz izan behar duela adierazi du Mugikortasun ahaldunak. Etorkizuneko trena koordinatuagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa izango dela azpimarratu du.

“Nekazaritza lurrak galtzeak, epe luzeko ondorio larriak dakartza, ezin izango baitugu elikadura burujabetza gauzatu”
Bea Arana, AHT Gelditu Elkarlana taldeko kidea

Iraunkortasun hori zalantzan jartzen duenik ere bada, hala ere. Bea Arana irundarrak urteak daramatza AHT Gelditu Elkarlana dinamikan parte hartzen. Garmendiaren hitzen aurkako argudioak eman ditu: “Gasen isurketak edo kutsadura elektromagnetikoa aipa ditzakegu”. Aranarentzat, ordea, larriena da AHTa hedatzearekin batera, basoak eta nekazaritzako lurrak galtzen direla: “Basoek, gasen isurketen kaltea murrizten dute, gure birikak dira. Nekazaritza lurrak galtzeak, epe luzeko ondorio larriak dakartza, ezin izango baitugu elikadura burujabetza gauzatu”. Izan ere, globalizazio ekonomikoaren ereduarekin lotu du Aranak AHTaren proiektua. Garraiobideen garapenak “mendeko” sistema sortzen duela adierazi du: “Milaka kilometrotatik ekartzen dizkiguten elikagaien mende gaude. Distantzia luzeak zeharkatzen dituzte salgaiek, eta horretarako, energia kopuru itzelak kontsumitzen dituzten garraiobideak behar ditugu”.

Trenbideen espazioaren erabilera berriak

AHTaren iritsiera baliatuta, trenbidearekin lotutako espazioa eraberritzeko proiektua berreskuratu nahi luke Irungo Udalak. Sustapen Ministerioarekin eta ADIF trenbide azpiegituren administratzaile den enpresa publikoarekin elkarrizketak eduki ditu dagoeneko. Proiektuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu behar luketela uste du José Antonio Santanok. “Gipuzkoako hiri eraberritze handiena izango da”, baieztatu du alkateak. Bere garaian, Bilbo industrialaren birsortzerako helburuarekin eratu zuten Bilbao Ria 2.000 proiektuarekin konparatu du. 53 hektarea hartzen dituzte trenbideek Irunen (100 futbol zelai). Hiriaren erdian daude, gainera. ADIF da lursail gehienen jabea, Espainiako Zerga Administrazioko Agentziarekin batera.

Lehen fasean, Aduana kalearen ondoan dagoen eremua berreskuratu eta eraberritu nahi luke Irungo Udalak. “Gehien-gehiena, aspaldi abandonatutako trenbideak eta pabiloiak”, zehaztu du Santanok. Bigarrenean, barianteko zubira arteko eremua estaltzea aurreikusten du, eta bide batez, tren eta autobus geltoki berria eraikitzea. Hirugarren fasean, CAF enpresaren ondoko trenbideak berreskuratu nahi lituzke udalak (Beste 100.000 metro karratu dira). Laugarrenean, barianteko zubitik Bidasoa ibairainoko eremuan jarri nahi luke arreta (15 hektarea) merkantziarekin lotutako gunea eratzeko. Egitasmo horrek lotura izango luke Lezo-Gaintxurizketan eraiki nahi duten plataforma logistikoarekin. Itsaso eta trenbide bidezko merkantzien konexioa egingo luke plataformak. Kasu horretan ere, Gaintxurizketako lur emankorrak galduko liratekeela salatu du Bea Aranak: “Zentzugabekeria izugarria iruditzen zaigu. Gaur egun, nekazaritza ekologikorako erabiltzen ari dira lur horietako asko. Agintarien aldetik, inteligenteena litzateke horrelako jarduerak bultzatzea. Horiek baitira gure etorkizunaren berme”.

“Etxebizitzak egongo dira, baina aukera ekonomiko berrietarako gunea izango da, batez ere, berrikuntzari lotua”
José Antonio Santano, Irungo alkatea
Aduanako eremuaren etorkizuna

Santanok aipatu du urtea amaitu aurretik eman nahi lituzkeela lehen urratsak. Horretarako, ADIFen eta Espainiako Zerga Administrazioko Agentziaren lurren permuta lortu beharko du. Eremuari erabilera “mistoa” eman nahi diotela nabarmendu du Santanok: “Etxebizitzak egongo dira, baina aukera ekonomiko berrietarako gunea izango da, batez ere, berrikuntzari lotua”. Merkataritza gunea eraikitzea ere aurreikusten du udalak. Gogor kritikatu du asmoa, Bea Aranak: “Espazio hori ez da eremu libre bat izango, hiritarren topagune bat. Kapital pribatuaren eskuetara joango da. Ikusten ari gara horixe dela udalaren joera, hirigintzari dagokionez”.

2023rako bukatu nahi luke lehen fasea Irungo Udalak. Ordurako, Euskal Y amaituta egon daitekeela aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, besteak beste, Bergarako korapiloa askatzeko negoziazioak burutu beharko ditu Urkulluren gobernuak. Bergarara hurbiltzeko deialdia luzatu du, hain zuzen ere, Bea Aranak, martxoaren 19rako. Zuhaitz landaketa egingo du AHTaren aurkako dinamikak. “Bergarako korapiloko lurretan 1.200 zuhaitz landatuko ditugu”. Aranak azaldu du 12:30etan egin dutela hitzordua, Bergarako Angiozarren, erakundeen politika “garapenzaleen” aurka. Halako salaketei aurre egiteko baieztapena egin du Marisol Garmendia Mugikortasun ahaldunak: “Ez da alferreko kapritxo bat. Nahitaezkoa da, lehiakorrak izaten jarraitzeko”. Luze joko du, oraindik, AHTaren inguruko eztabaidak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude