Joxe Mari Gelbenzu: “Arriskatzen eta hobetzen saiatu izan naiz beti”

Irundar gehienentzat ezaguna izango da Joxe Mari Gelbenzuren ahotsa. Baina gutxi batzuek lotuko dute irudiko gizonarekin.
Oiartzunen jaioa izan arren, hamarkadak daramatza emaztearekin Meaka auzoan bizitzen. Burdingintza izan du ofizio, eta baratzean ere aritzen da. Hala ere, aurkezle, esatari edo animatzaile lanak egin du ezagun Irunen. Hogeita hamar urtez aritu da herri kirolarekin eta euskal kulturarekin harremana izan duten ekitaldietan.

gelbenzu

– Noiz hasi zinen aurkezle lanak egiten? Zergatik?
Jende askok jakingo ez duen arren, elizako irakurgaiekin hasi nintzen. 1970eko hamarkadan lortu genuen euskarazko lehen meza, larunbat arratsaldetan, Familia Santuaren elizan. Beranduago, Artigako parrokian ere hasi ginen, baita San Martzialera gurutze bidean ere. Jose Mari “El vasco” ezinena jarri zidaten orduan. Apaizek esaten zidaten alferrik ari ginela, gaztelaniaz mundu guztiak ulertzen zuela. Nik euskararen alde egin izan dut beti. Elizan ere bai.
– Nola egin zenuen elizatik plazara?
Ola Sagardotegiko Iñaki Bengoetxearen eskutik izan zen, duela hogeita hamar urte inguru. Herri kiroletan aritzen zen orduan, eta Meakako jaietan aizkora erakustaldia egitekoa zen. Ebaki kopuruak eta denborak mikrofonotik esateko norbait behar zuen, eta niri proposatu zidan. Han hasi nintzen. Ondoren Urdanibia plazara egin nuen urratsik handiena. Euskal Jiran, uztailaren 1ean, Santo Tomas egunean edo San Isidro egunean aritu izan naiz.
– Zer behar du esatari on batek? Zergatik uste duzu ondo moldatzen zarela?
Garrantzitsuena da jendaurrean lagun
artean bezala aritzea.Lotsarik ez eduki-tzea. Bestea, kopiatzea, dena asmatuta baitago. Erne egon behar da, telebistan agertzen denari begiratu, eta ikasi. Ni sekula ez naiz konformatu egiten nuenarekin. Arriskatzen eta hobetzen saiatu izan naiz beti. Eskola sortu dudala uste dut.

gelbenzu2
– Pentsatu al duzu aurkezle lana uztea?
Hirurogeita bost urterekin pentsatu nuen lehenengo. Hirurogeita hamarrera luzatu nuen ondoren. Orain, hirurogeita hamalau urte egitera noa eta heldu den urtean erabat utziko dudala pentsatzen dut. Beharbada, Ola Sagardotegian jarraituko dut. Orain arte hamazazpi txotx irekitze egin ditut, eta hogeigarrenera iritsi nahi nuke.
– Minbizia zenuenean ere, ez zenion aurkezle lana egiteari utzi.
Bi aldiz gainditu dut minbizia. Azkenekoa, duela sei urte. Maiatzean esan zidaten minbizia nuela. Ekainaren erdialdera kimioterapiarekin hasi behar nuen, baina medikuei tratamendua atzeratzeko eskatu nien, uztailaren 1ean Urdanibia plazan aurkeztu ahal izateko. Utzailaren 2an hasi nintzen. Egoera horretan egon arte, batek ez daki zertarako gauza den. Indarrak ateratzen dira.
– Indarrak atera zenituen zuk, minbizia bi aldiz gainditzeko.
Hala da. Hasieran, behintzat, ez nuen oinazerik. Konkor bat besterik ez. Minik ez edukitzeak asko lagundu zidan aurrera egiten. Lehenengo aldian, nik ez nuen inola ere hil nahi. Ez nuen onartzen. Bigarrenean, burua makurtuago eraman nuen. Orain pozik nago, ondorio txiki batzuk gelditu zaizkit, baina bizimodu normala egiten dut.
– Irungo zein ospakizun maite duzu bereziki? Zergatik?
Euskal Jira oso festa polita da. Jende askok esaten du folklorikoegia dela, ez dela naturala. Baina herriak parte hartzen du eta giro polita sortzen da. Uztailaren 1eko baserritar eguna ere asko gustatzen zait. Baina bereziki lehiaketak azpimarratuko nituzke, dantza sueltokoak, adibidez.
– Irunen antolatu izan diren ekitaldi askoren bilakaera ikusi duzu. Nola aldatu dira?
Parte-hartzeak behera egin du. Euskal Jira salbuespena izan daiteke, gutxi gora behera berdin mantentzen delako eta jende gazteak parte hartzen duelako. Baina orokorrean ez da horrela izaten, eta nik uler-tzen dut oso zaila dela jende berria erakartzea. Zoritxarrez, festa hauetan, adineko jendea da nagusi. Hori argi
ikusten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude