Korrika jendetsua izango da aurten Irunen

Bi aldiz zeharkatuko du Korrikak Irun. Oiartzungo Gurutzetik iritsiko da Landetxara, martxoaren 21ean. Endarlatsan hartuko dute lekukoa beratarrek. Hurrengo egunean, goizean goiz, Hendaiatik bueltatuko da, Irun gurutzatuta Hondarribirako bidea hartzeko. Egun horietan, milaka irundar ariko dira euskararen alde korrika. Mobilizazio hori ahalbidetzeko, hilabeteak daramatza lanean eskualdeko Korrika Batzordeak. Mattin Sorzabalbere da arduraduna.

korrika

Korrikaren edizio bat bukatu bezain pronto, hurrengoa prestatzeari ekiten diote AEKko kideek. 1980an antolatu zuten lehena, eta bi urtean behin egiten dute 1985az geroztik. 2015ekoa Korrikaren 19. edizioa izango da. Martxoaren 19an irtengo da Urepeletik, eta Bilbon bukatuko da, hamar egunez Euskal Herrian zehar gelditu gabe aritu ondoren. Hilaren 21ean, larunbat eguerdian iri-tsiko da Irunera. Ondorioz, “ikusgarria” izango dela uste du Mattin Sorzabalberek: “Ia ikastetxe guztiek baieztatu dute haien parte-hartzea. Real Unionek kilometro bat egingo du, klubaren mendeurrena dela eta. Kultur elkarteek eta udalek ere parte hartuko dute. Denetarik daukagu aurten”. Gainera, Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a. Hori dela eta, EH 11 Kolore erakundeak eta gaiarekin lotutako beste zenbait kolektibok Irunen egingo dute korrika.
Saltsa hori guztia kudeatzeko AEKri laguntza eskaintzea da Bidasoko Korrika Batzordearen ardura nagusietako bat. Bestea, Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan, aurreko eta ondorengo asteetan, Korrikaren eta euskararen alde egingo dituzten jarduerak bideratzea. Martxoaren 5erako, Bertso Saioa prestatu du Irunabar elkarteak Kabigorrin. Korrikak Irun zeharkatuko duen egunean, martxoaren 21ean, kantu bazkaria antolatu du Elatzeta Elkarteak, Landetxa Auzo Elkartean. Mikel Markez eta Arkaitz Miner musikariak ariko dira otordua girotzen. 14:30ean izango da eta 25 € balio du tiketak. Urdanibia plazaren inguruko tabernariak eta elkarteak arratsalde-gau pasa prestatzen ari dira.

korrikaIrun
Martxoaren 25ean Korrika Txikia egingo dute hiriko eskoletako haurrek. “Udal, elkarte edo talde ezberdinek osatzen duten menua da Korrika Kulturala. Euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako edozein ekitaldi egitarau horren barruan sartzeko aukera dago”, azaldu du Mattin Sorzabalberek.
Ezinbesteko diru-iturri
Ezkutuan gelditzen den beste betekizun bat ere badute Batzordeko kideek. Auzoz auzo aritzen dira, merkatariei laguntza ekonomikoa eskatzen. “AEKk bere fun-tzioa aurrera eraman ahal izateko, Korrika da diru iturri nagusia. Hurrengo bi urteetarako etekin ekonomiko handia ahalbidetzen du”, gogoratu du Mattin Sorzabalberek. Korrika festa handia da, milaka euskaldun eta euskaltzale mugiarazten ditu. Baina gogoratu behar da euskararen egoerak egiten duela beharrezko. Bereziki Nafarroan eta Iparraldean euskararen irakaskuntza sustatzeko traba handiak daudela azpimarratu du arduradunak. Mezu baikorra zabaldu nahi izan du, hala ere: “Euskahaldun da Korrikaren aurtengo leloa. Gogoratu nahi dugu milaka lagun euskaldundu direla azken hamarkadetan. Denon artean lortu dugula, horretarako gai garela, eta gaitasun hori baliatzen jarraitu behar dugula”. Ehun euskaltegi eta bostehun irakasle baino gehiago ditu AEKk. Egitura hori mantendu ahal izateko, ezinbestekoa du Korrikan jasotzen duen babesa eta elkartasuna.

Mattin Sorzabalbereren 13. Korrika

AEKko ikasle izan zen lehenengo: “Ikastolatik aterata, inguru erdaldunean murgildu nintzen, eta galdu nuen euskara egoki hitz egiteko eta idazteko gaitasuna”. Geroago irakasle izan zen Hendaian, baita Barnetegietako arduradun ere. Gaur egun musika du lanbide, baina Korrikaren antolakuntzan ari-tzen da bi urtean behin. Zazpigarren Korrikan izan zen, lehen aldiz, Bidasoko Batzordeko arduradun, 1991n. Gustuko duen lana dela nabarmendu du: “Oso esperientzia polita eta atsegina da”.

Aurten are bereziagoa izan da, Korrika 19ren abestia konposa-tzen aritu delako, kontrabaxuarekin. Zeregin horretarako elkartu dira AEKrekin eta Korrikarekin harremana duten hainbat musikari.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude