Eskualdeko hogei lagun daude lehian, bi taldetan banatuta
Hitza jolas, bertsoketan
Bidasoako lurretan
Txinguditarren erronka
Txirritakumeen kontra
Horixe izan da Txingudi I taldearen agurreko leloa, Ereñotzuko taldearen aurkako lehian. Gipuzkoako Herriartekoko saioa izan da, martxoaren 3an, Hazia Kultur Elkartean. 40 lagun inguru bildu dira afarian eta ondorengo bertso saioan. Bi talde aurkeztu ditu Txingudi Bertso Eskolak, eta bina saio egingo ditu bakoitzak, herriartekoko lehen fasean.
Bertso eskolek antolatu dute Gipuzkoako Herriartekoa, Bertsozale Elkartearen babesarekin. Banakako txapelketarekin alderatuta, diferentzia handiena da, azken fasean izan ezik, bertso eskolek beraiek antolatzen dituztela saioak. Elkarteak, saioetan burutu beharreko ariketak eman dizkie, baina gainerakoa, bertso eskolek kudeatzen dute. “Guk aukeratzen dugu lokal batean edo elkarte batean egin, afaria antolatu, edo ez… Formatua librea da”, azaldu du Manu Goiogana Txingudi II taldeko kideak.
Beste izaera bat du, gainera, beste dinamika bat. Taldeka egiten delako alde batetik. Bestetik, giroa “lasaiagoa” eta “ludikoagoa” dela ere zehaztu du Goioganak: “Txapelketa hitza kendu diote”. Herriartekoa, beraz, bakarkako txapelketa osatzera dator: “Txapelketa aukera ona da bertsolariontzat. Baina lau urteko epea, luzeegia zen guretzat”. Behar horretatik sortua da herriartekoa, baina badu beste helburu bat: bertso eskolak elikatzea, jendea bertso mundura hurbildu araztea. Ikusle moduan, jakina, edo taldeetako partaide, baita ere. Izan ere, herriartekoko taldeetan, lau figura daude: bertsolaria, gai jartzailea, epailea eta ordezkaria.
“Bertsolari oro animatuko nuke noizbait gai jartzaile aritzera”
Manu Goiogana, bertsolaria
Txingudiko taldeetan, adibidez, badaude partaide batzuk, kantatzen hasi baino lehen, gai jartzaile edo epaile lanean ari direnak. “Ez nuke esango bide naturala denik. Baina egia da gai jartzaile izatea, errazagoa izan daitekeela, etxean prestatu dezakezulako. Kezka bat gutxiago duzu jenderen aurrean”, argitu du Manu Goioganak: “Bertsolari oro animatuko nuke noizbait gai jartzaile aritzera. Epaileekin berdin, oso erraza baita haien lana kritikatzea. Edozein modutan, so ondo datoz biak, bertso saioen funtzionamendua ezagutzeko”. Gipuzkoako herriartekoko lehen fasean, talde bakoitzak bi saio egingo ditu, etxean bat, eta kanpoan bestea. Multzo bakoitzeko onena pasako da hurrengo fasera. Hamabi geldituko dira bigarren fasean, eta lau onenek finalerdiak jokatuko dituzte.
“Erakutsi dugu ez garela lau lagun. Jende multzo handi bat dugu, gogotsu eta indartsu dabilena”
Manu Goiogana, bertsolaria
Sasoiko dago bertso eskola
Aukera ona izan da herriartekoa Txingudi Bertso Eskolarentzat. Erronka ere bai, bi talde osatu dituelako. Dena den, helburuak bete dituela aitortu du Manu Goioganak: “Erakutsi dugu ez garela lau lagun. Jende multzo handi bat dugu, gogotsu eta indartsu dabilena”. 2008an sortu zen Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunea. “Orduan, gehien-gehienak irundarrak ginen”. Gaur egun, bailara mailako Txingudi Bertso Eskola kudeatzen du elkarteak. Helduen bertso eskola, hasiberriak diren helduena, gaztetxoena eta bertso tailerra antolatzen ditu.
Herriartekoan parte hartzeaz gainera, Bertsotruk bertso eskolen arteko topaketetan ere ari da Txingudi Bertso Eskola. Gainera, hilean behin bertso saioa antolatzen du Kabigorri ateneoan. “Beste hainbat saio izaten ditugu urtean zehar, Euskararen Egunak direla, Korrika dela… Bestalde, ikusten dugu pixkanaka gero eta gehiago kontuan hartzen gaituztela herriko ekimenetan: Euskal Jiran edo Santo Tomas egunean, adibidez”. Bertso eskolaren martxaren balorazio baikorra egin du Goioganak. Badu kezka bat, alabaina: “Zaila da gazteak erakartzea, hain da zabala eskolaz kanpoko jardueren eskaintza”. Ari dira, pixkanaka, gazteak gerturatzen, baina hurrengo urteetan jarraituko ote duten da Goioganaren zalantza. Horretarako, garrantzitsua izango da elkarteak jardueren kopuruari eta bizitasunari eustea.