Teknikarien greba bertan behera utzita, ostiralean izango da Beldur Barik gala

Irungo Udalak, Berdintasun eta LGTBIQ+ arloaren bitartez, jakinarazi du Beldur Barik film laburren lehiaketaren gala ostiral honetan egingo dela azkenean, azaroaren 27an, Amaia Kultur Zentroan, arratsaldeko 18:00etan. Ikus-entzunezko teknikariek greba deialdia bertan behera utzi ostean berreskuratu dute hitzordua. 10 eta 20 urte bitarteko ikasleei zuzendutako egitasmo honek indarkeria matxistaren ekintzak eta jarrerak prebenitzea du helburu, gazteen artean errespetuan, tratu onean eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatuz.

Galan tokiko lehiaketaren sariak banatuko dira, gazteen inplikazioa, sormena eta gizarte berdinzaleago baten aldeko konpromisoa aitortzeko. Sari-banaketaz gain, musika, dantza eta bestelako adierazpide artistikoak uztartuko dituzten hainbat emanaldi izango dira oholtzan; besteak beste, Emakumeen Etxeko abesbatzak, Berdinki Zirkuak, Miren Gómezen dantza estudioak eta Udal Musika Eskolak parte hartuko dute. Ekitaldira joateko sarrerak doakoak dira, eta dagoeneko eskura daitezke Luis Mariano kaleko Turismo Bulegoan edota amaiakz.sacatuentrada.es webgunearen bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude