Irungo Udalak XVI. Serapio Mujica ikerketa beka antolatu du

Informazioaren Gizarterako Arloak Artxibo Zerbitzuaren eskutik jakinarazi duenez, XVI. Serapio Mujika gipuzkoar historialari eta artxibozainaren izena duen ikerketa beka emateko deialdia kaleratu du.

“Serapio Mujika bekaren funtsezko helburuetako bat da historiaren esparruan ikertzeko ohitura sustatzea, baita Irungo udalerriari buruzko azterketa historikoak sustatu eta jende orori ezagutaraztea ere”, azaldu du Mónica Martínez ordezkariak.

Bekaren zenbatekoa 9.000 euro da: % 30, beka ematerakoan ordaintzen da; beste % 30, erdialdean; eta gainerako % 40a, amaieran, emaitzak aurkeztu ondoren. Mota berekoen artean Estatu osoan diru gehien ematen duenetako bat da beka hau,  eta hamaseigarren edizioa du hau. Honezkero merezi bezain entzutetsua da, balio erantsia baitu: ikerketaren emaitza argitaratzea.

Irungo historia ezagutzen eta iturri historikoak berreskuratzen laguntzen duten jatorrizko eta argitaratu gabeko ikerkuntza proiektuak aurkez daitezke beka honetara, eta autoreek erabateko askatasuna dute ikertu nahi dituen gaia eta garaia aukeratzeko. Informazio gehiago edo oinarriak eskuratzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazio zehatza jakiteko, Udalaren webgunean begiratu dezake nahi duenak, www.irun.org helbidean. Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea maiatzaren 15ean bukatuko da, eta www.irun.org/SAC egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahalko dira biak ala biak.

Lan osoa formatu informatikoan aurkeztu beharko da, egoitza elektronikoaren bidez edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren aurrean, beka eman izana jakinarazi eta urtebetean. Euskaraz edo gaztelaniaz argitaratuko da emaitza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude