Irun, hitz gurutzatuen hiriburua

Azaroaren 23an Ola Sagardotegian Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VII. Txapelketa jokatuko da, Irungo LUMA aldizkariak antolatuta.
Hizki kontuetan iaioak diren hainbat bazterretako lagunak bilduko dira: batzuk, txapela eskuratzera, besteak, zaletasunaz gozatzera, eta guztiak egun ederra igarotzera.

luma olan3239

Euskarazko hitz jokoen LUMA aldizkariak duela 13 urte lehenengo zenbakia plazaratu zuen. Irunen eta irundarrek egina den argitalpen honen 1.000 ale saltzen dira Euskal Herri osoan gaur egun. Hiru hilean behin zabaltzen da; 68 orrialde ditu eta, horietako 20, gazteentzako propio sortuak.
Iñaki Agirresarobe hasieratik Lumako lankide izan da. “Luma sortu aurretik euskal aldizkari zenbaitetarako hitz jokoak prestatzen genituen. Aldundiak lagunduta, bilduma bana lantzea erabaki zuten. Orduan pentsatu genuen: hor bada merkatua, eta Euskal Herrian ez da horrelako produkturik”.
Hainbat herrialdetan hitz gurutzatuen lehiaketak tradizio handikoak dira; tartean, Frantzian, Belgikan eta Estatu Batuetan. Espainian, berriz, ez da halakorik antolatzen. “Behin aldizkaria finkatu ondoren, lehenengo txapelketa prestatzea pentsatu genuen”, azaldu du Iñakik. “Euskal Herri osoko zaletuak etorri zirela ikusita, bada, segida ematea erabaki genuen”.
Txapelketa
Parte-hartzaile gehienek “txapela lortzea ez den beste helbururen bat” dutela dio Lumako lankideak. “Marka hobetzera edo, besterik gabe, zaletasunaz gozatzera datozela esan liteke”.
VII. edizioa jokatuko da aurten. Guztira 40 bat lehiakidek hitz gurutzatuetako lauki guztiak betetzea izango dute erronka. Behin parte hartzen hasiz gero, “lehiakideek urtero izena ematen dute txapelketara itzultzeko”. Lau baizik ez dira finalera iritsiko. Jendaurrean jokatuko da, kubo bat osatzen duten arbel moduko paneletan. Irabazleak 350 € eskuratuko ditu; bigarrenak, 225; hirugarrenak 120; laugarrenak, 60; finalaurrera igarotzen direnak, 20, eta gainontzekoek, oroigarri bana.

kartela_2013-txikia
Irabazi ala ez, zaletuek egun borobila pasa ohi dute. Behin Txapelketa amaitu eta urduritasuna astinduta, Olan bazkari ederra zain dute, baita bazkalaosteko giroa ere.
Txapelketak Irungo Udalaren babesa dauka eta Ola zein Kalitatea laguntzaile dira.

Aurtengo txapelketa

Lehiakideak goizeko 9:30ean Ola Sagardotegian bilduko dira, eta 10:00etan kanporaketa saioak hasiko dira. Hiztegi-liburuak erabili ahal izango dira; ez, ordea, ordenagailua. Taulako lauki guztiak bete behar dituzte lehiakideek. Aintzat hartuko den lehen irizpidea eginiko akatsen kopurua izango da. Probak agindutako epean bukatzea ezinbestekoa da.
12:15ean finalaurrekoa jokatuko da. Aurreneko lau postuetan sailkatzen direnak finalera igaroko dira.
13:15ean finala jendaurrean jokatuko dute, zutik, hartara paraturiko paneletan.
Bertan bazkaltzeko aukera dago, 20 €ren truke. Bazkalondoan sari-banaketa egingo da. Girotze lanetan bertsolariak, trikitilariak… arituko dira.
Izen-emateak: Azaroaren 20ra arte, baina txapelketa egunean bertan ere egin daiteke. 25 € ordaindu behar dira. LUMA aldizkariko harpidedunentzat, dohainik.
xedera@xedera.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude