Olaketa Judo Klubak lau domina lortu ditu Euskadiko Txapelketan. Naia Bordak, Dasnel Katharrek eta Ibai Vegak urrezko domina lortu zuten. Unai Zuazuak, aldiz, brontzezko domina lortu zuen. Gorka Borda entrenatzaileak azaldu duenez, klubean hurrengo txapelketak prestatzeko lan handia egiten ari dira.
Pozik zaudete klubeko kirolariek Euskadiko Txapelketan lortutako emaitzekin?
Bai, egia esan, oso pozik gaude. Txapelketara lau parte-hartzaile eraman genituen eta laurek domina lortu zuten. Zehazki, gure kirolariek hiru urrezko domina eta brontzezko domina bat lortu dituzte Euskadiko Txapelketan. Denboraldia nolakoa izan den ikusita, oso pozik gaude gure judokek lortutako emaitzekin.
Naia Bordak, Dasnel Katharrek eta Ibai Vegak urrezko domina lortu zuten. Nolakoak izan ziren haien borrokak?
Dasnel Kather 50kg azpiko kategorian lehiatu zen, klubeko parte hartzaileen artean arinena baita. Borrokaldietan oso mutil hotza da eta asko pentsatzen du bere estrategia. Orain arte oso ibilbide ona izan du eta oso ondo borrokatu zen Euskadiko txapelketan. Naiaren kasuan, berriz, borroketan asko aurreratzen den neska da. Borroketan irabazten zion Zarauzko lehiakide baten aurka borrokatu beharko zuela genekien, hortaz, borroka aurretiaz estrategia zehatz batekin prestatu genuen. Gure estrategian aurkaria zigortzea lortu nahi genuen, horrela, guk erasotzeko aukera izateko. Gauzak bikain joan ziren eta oso txapelketa ona egin zuen Naiak. Ibai Vega, aldiz, 90 kilotik gorako kategorian lehiatu zen eta oso borrokaldi onak egin zituen txapelketan.
Unai Zuazuak brontzezko domina lortu arren, lorpen pozgarria izan zen?
Bai, batez ere, bere lehen urtea delako kadete mailan, haur kategoriatik igo berri baita. Txapelketan berriro parte hartzeko bigarren aukera ondo aprobetxatu zuen, izan ere, brontzezko domina irabazi zuen.
Euskadiko Txapelketan horrelako emaitzak lortzea espero zenuten?
Egia esateko, uste genuen txapelketan gure kirolariek bi urrezko domina, zilarrezko eta brontzezko domina bana lortuko zutela. Ez genuen batere argi zer gerta zitekeen Naiaren finalean, baina gauzak uste moduan gertatu zirenez, urrezko dominarekin itzuli zen etxera.
Urrezko dominak lortzeaz gainera, judokak Espainiako Txapelketarako sailkatu dira?
Bai, Euskadiko Txapelketako irabazleek Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izan ohi dute. Aurtengoa, ordea, urte ezohikoa denez, pandemiaren eraginez estatuko txapelketa gehienak atzeratu dira. Ondorioz, Espainiako Txapelketa azaro eta abendu artean egingo dela uste dugu, nahiz eta oraindik txapelketaren data zehatza jakinarazi ez diguten. Hala ere, zer gertatuko den ikusteko dago, izan ere, ez dakigu neska-mutilek txapelketaren datarako pisu berean mantenduko diren edo ez. Beraz, baliteke txapelketaren aurretik ranking bat egitea. Dena den, uste dugu judokek, ranking berrian lehen postua lortutakoan, horri eusteko aukerak dituztela.
Egoera aldakor honekin erraza al da txapelketarako entrenamenduak antolatzea?
Zaila da, hain zuzen ere, %60an entrenatzen ari garela esan dezakegu, beraz, prestaketa ez da erabatekoa. Domina horiei esker begiak ireki eta entrenatzen jarraitzeko gogoa piztu zaigu. Kanpoaldean maskara erabiltzea derrigorrezkoa ez bada, entrenamenduak eramangarriagoak izango direla uste dugu, entrenamendu fisikoak berreskuratzeko aukera izango dugulako. Bestetik, haur txikiek orain arte ez dute txapelketa bakar bat ere izan, hortaz, irailerako lehiaketaren bat antolatu ahal izatea espero dugu.
Zein izango da Olaketako judoken helburua Espainiako txapelketan?
Helburua beti podiumera igotzea da, zenbat eta gorago hobeto. Dena den, oso judoka gazteak dira eta estatuko txapelketetan maila asko igotzen da.
Olaketa klubaren kasuan, maila altuko txapelketen prestakuntza aurretiazko esperientzia duzue?
Bai, aurretik Espainiako txapelketaren batean parte hartu dugu. Klubean Espainiako txapeldunak izan ditugu, adibidez, Yoana Nicolás. Pandemia hasi aurretik, Espainiako Kopan parte hartu genuen eta, esaterako, Aimar Bordak Espainiako 5. postua lortu zuen.
Pandemiak txapelketen egutegian aldaketa asko eragin ditu?
Bai, adibidez, lehen hilero antolatzen ziren Espainiako Kopa bat edo bi eta orain bi urte daramatzagu Espainiako Koparik antolatu gabe. Kopetan parte hartzea oso entrenamendu ona zen guretzat, estatuko kirolariak, beren maila eta teknikak ezagutzeko aukera ematen baitzigun.
Konfinamenduaren ostean judoken kirol errendimendua jaitsi dela nabaritu duzue?
Bai, asko murriztu da. Nire kasuan zorte ona izan dudala esango nuke, gure judokek, orokorrean, entrenatzen jarraitu dutelako eta gogo handiz lan egin dutelako. Kirolari gazte eta osasuntsuak direnez indarberritzea errazagoa izan da.
Etenaldiak Olaketa klubeko judoka kopuruan eragina izan du?
Txapelketetako parte-hartzaileak mantentzea lortu dugu. Dena den, oraindik baditugu gaixotasunarekiko beldurragatik aurkariekin kontaktua saihestu nahi duten kirolariak. Hortaz gain, irakaskuntza ere guztiz baldintzatu du. Musukoarekin entrenatzen dugu, kostatu zaigu, baina ohitu egin gara. Gainera, maskararekin entrenatuz erresistentzia gehiago lortu dugula ikusi dugu, beraz, gauza berriak ikasteko ere balio izan digu.
Judoa Irunen kirol arrakastatsua dela esango zenuke?
Bidasoa eskualdean judoa praktikatzen duen jende asko dago, izan ere, eskualdean hainbat judo klub daude, beraz, nahiko kirol ezaguna dela esango nuke.
Nola aurreikusten duzue uda?
Momentuz entrenatzen jarraitzen dugu. Espainiako Txapelketa urrutiegi ikusten dugunez, entrenamenduen maila apur bat lasaituko dugu, irailetik aurrera maila altuko entrenamenduak berreskuratzeko. Hortaz, udan, batez ere, entrenamendu fisikoetan zentratuko gara, beti borrokarako grina bizirik mantenduz.