Ostiralean, urriaren 25ean, 19:00etan “Grabatuaren artea Bidasoan” arte erakusketa inauguratuko da, Amaia KZko hitzaldi aretoan. Irungo Udaleko Kultura arloak eta María José Noain Maura historialari eta arkeologoak elkarlanean antolatutako erakusketa da, 38 grabatu osatua: Udalaren bilduma eta artxibategikoak zein bilduma partikularretakoak. Erakusketa urriaren 25etik abenduaren 8ra bitartean egongo da ikusgai.
Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak adierazi duenez, “pribilegio hutsa” da Bidasoko eskualdeko historia honela ikasi ahal izatea. Kultura ordezkariak azaldu duenez, “gertaera historiko ugari izan dira Frantziako muga honetan, eta erakusketa honek leialtasun osoz erakusten ditu”. “Eskerrak eman nahi dizkiot María Joséri, erakusketa hau osatzeko egindako lanagatik, baita beren bilduma partikularretako artelanen bat laga duten guztiei, irundarrei hartaz gozatzeko aukera emateagatik”, gaineratu du Nuria Alzagak.
Erakusketa hau ibilbide historiko bat da: ibilbide historiko bat Bidasoko eskualdean barrena, gorabehera nagusiak irudikatzeko grabatuetako batzuen bidez, hala nola Hondarribiaren 1638ko setioa, Pirinioetako Bakea, Luis XIV.a eta Maria Teresa Austriakoa errege-erreginen ezkontza eta Karlistaldiak.
Bidasoko eskualdea lurralde enblematikoa izan da grabatuak sortzeko. Osatzen duten udalerriak mugan daude, leku estrategiko batean, eta gertaera historiko garrantzitsuak izan dira bertan, etengabeko inspirazio iturri bihurtu direnak.
Erabilitako teknikei buruzko aurkezpen batek eta grabatu garaikideen lagin batek osatzen dute erakusketa, baina, lagin horretan, protagonistak beste batzuk dira; ez dira ibaia eta bere historia, Bidasoan lan egin zuten eta lanean jarraitzen duten artistak baizik.
Erakusketara bisita
Erakusketa egun eta ordu hauetan bisitatu ahalko da: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan, berriz, itxita egongo da.
Gainera, bisita gidatuak eta familientzako arte tailerrak izango dira. Bisita gidatuetan zein parte hartzeko irunkultura@irun.org helbidean izena eman beharko da. Hauek dira aurreikustako bisita gidatuen datak eta ordutegiak:
o Azaroaren 2an, 18:00etan, María José Noain Mauraren eskutik
o Azaroaren 8an, 19:00etan, José Luis Noain Cendoyaren eskutik
o Azaroaren 22an, 19:00etan, María José Noain Mauraren eskutik
o Abenduaren 1ean, 12:00etan, José Luis Noain Cendoyaren eskutik
Familientzako arte tailerretan parte hartzeko izen ematea www.irun.org helbidean egin beharko da. Tailer horiek zaroaren 9an eta 22an egingo dira, 17:00etan, Itsaso Labariren eskutik.
Lagatako funtsak
Honako hauek laga dituzte erakusketa egiteko funtsak: Basterretxea, Mendiburu, Noain Maura eta Salaverria Jimeno familiek; Ana Izurak; Helga Massetani Piemontek; Javier Sagarzazuk; José Luis Noainek; eta Irungo Udalak eta Udal Artxiboak.