María José Noain, antropologoa eta arkeologoa: “Ez dugu ahaztu behar ondare immaterialak Irunen duen garrantzia”

María José Noain Historialari eta arkeologoa azkenaldian hirian gauzatutako proiektu ugarietan murgilduta egon da. Azaroaren 14ra arte Amaia Kultur Zentroan egindako Ondarea erakusketako komisarioa izan da eta CBA liburutegian antolatutako Emakume Idazleen jardunaldietan hitzaldia eskaini zuen, besteak beste. Emakumeak historian izan duen papera beti kontuan hartuta, Noainek buruan dituen hurrengo proiektuez hitz egin du.

Zein izan da Ondare izeneko erakusketaren helburua?
Komisario gisa lan egin dut. Udaleko kultura sailaren ekimena izan da eta helburu nagusia herritarrei udal kultur ondarea zein den erakustea izan da. Irunen bilduma artistiko garrantzitsu bat dago, eta obra askok ez dute ohiko sarbiderik; beraz, aukera bikaina izan da mundu guztiari mugitu eta erakuts dakiokeen ondarea biltzeko. Irungo ondarea kultura-ondarea zer den azaltzeko haria izan da, itxuraz denok ezagutzen dugun kontzeptua dela uste baitugu, baina ñabardura asko ditu. Margolan eta eskulturez osatutako erakusketa izateaz haratago, etnografiako edo ondare industrialeko objektuek osatu dute, objektu horiek ondarearen barruan duten garrantzia erakusteko, gozatzeko eta babesteko.

Hiritarrek aurretik ezagutzen ez zuten objekturik aurkitu dute bertan?
Ondare artistikoaren ikuspegitik, pieza berezienetako bat alabastrozko birjina bat da, bere estiloagatik XV. mendekoa dela kalkulatzen da eta jatorrian Elitxuko ermitan zegoen, nahiz eta geroago Ama Xantalen ermitara eraman zen. Han denbora luzez egon da, baina gaur egun Gordailuan gordeta dago; beraz, uste dut ez dela oso ezaguna. Irungo Atsegiña konpartsako erraldoietako bat ere ikusi ahal izan da, edo lanbide tradizional batekin lotutako artisautzako pieza bat, esate baterako, ibaian aingirak harrapatzeko erabiltzen zen otarre edo saskia. Erakusketetan hain ohikoak ez diren objektuak dira, baina ondarearen terminoak hartzen duen guztiaz hitz egiteko aukera ematen digute.

Aurretik azaldutako guztiarekin, Irungo hiriak ondare zabala duela esan daiteke?
Bai. Ondare artistikoa bakarrik hartzen badugu kontuan, hau da, arte-bilduma, Gipuzkoako bigarren udalerri aberatsa eta garrantzitsua da zentzu horretan. Ondare arkitektonikoko piezak ere oso garrantzitsuak dira, hala nola, Arbelaiz Jauregia, udaletxea, Junkal parrokia eta abar. Ez dugu ahaztu behar ondare immaterialak Irunen duen garrantzia, izan ere, Irungo tradizio, ohitura eta festen bilduma oso zabala da eta.

Orain dela aste batzuk liburutegiko Emakume Idazleen jardunaldietan parte hartu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Oso ona. Niretzat ohore handia izan zen Emakume Idazleen Egunean CBA liburutegian egotea, baina ez nekien merezi ote nuen oraindik ez nuelako nire burua idazle moduan ikusten. Hitzaldiaren ondoren ere, oso zuzen esan zidaten ideia hori burutik kendu behar dudala. Han egon nintzen literaturaren ikuspegitik idatzi dudan lehen liburua aurkezteko. Erromako lehen enperatrizaren, Livia Drusilaren, biografia nobelatua da. Ondoren, bilduma bererako nobelatutako bigarren biografia bat idazteko aukera izan nuen, eta espero dut hau literaturaren munduan bide luze baten hasiera izatea.

Zer topatuko dute irakurleek Livia Drusilaren biografian?
Livia Drusila oso pertsona interesgarria izan zen, pertsonaia garrantzitsua izan baitzen Antzinako Erromaren ibilbide politikoan. Oso garai berezian bizi izan zen, errepublikaren amaieran eta inperioaren hasieran. Lehen Oktavio deitua eta, ondoren, Augusto bezala ezagutua izan zen Erromako lehen enperadorearen emaztea izan zen. Egia da garai hartako emakumeek ez zutela bizitza sozialean edo kargu politikoetan sartzeko aukerarik, baina badirudi Liviak Erromaren ibilbide politikoan eragina izan zuela bere senarraren bidez. Liburuak emakume historiko horien bestelako ikuspegia eman nahi du; izan ere, garai hartako testuen edo historialarien ikerketen bidez badugu informazioa, eta askotan emakumeak ikusezin bihurtu dira edo ez da haietaz hitz egin. Liburuak begirada berri bat eman nahi du emakume horiek merezi duten lekuan jartzeko.

Zure lanetan askotan emakumeen historia arakatzeko ahalegin berezia egin duzu, ezta?
Beti interesatu izan zait gai hori emakume gisa eta kulturako profesional gisa. Nire proiektuen barruan arte, historia eta arkeologia ikastaroak ematen ditut. Une honetan, “Emakumeak artearen historian” izeneko ikastaroa daukat esku artean. Nire esperientzia pertsonalak ere zerikusia du, Carmen Maura margolariaren alaba gisa. Nire etxean bertan ikusi ditut emakume artista askok edo kulturaren eta artearen munduko emakume askok bizi izan dituzten zailtasunak. Zailtasunak izan dituzte etxetik kanpoko eta barruko lana bateragarri egiteko, eta oraindik ere askotan gertatzen den zerbait da. Horregatik, puntu adierazgarri horrek zerikusi handia du historialari gisa eta eremu pertsonalean interesatzen zaidanarekin.

Parean elkartearekin Hondarribiko emakumeekin lotutako proiektua garatu duzu?
Proiektu hau laster aurkeztuko dugu, eta beraz, ezin dut oraindik xehetasun askorik eman. Proiektuaren barruan doako ibilaldi bat egingo dugu eta parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko da. Aurretik, Parean elkarteak ibilaldi historikoak egin zituen Irunen, Mertxe Tranche historialariaren eskutik. Hori dela eta, Hondarribian egin dugun proiektuak orain arte Irunen egin denaren arrastoa jasotzen du, eta Hondarribiko historiarekin harremana izan duten hamar emakumeren irudia berreskuratzen du. Batzuk guztiek ezagutzen ditugu, monarkiarekin edo nobleziarekin lotuta daudelako, baina ikerketa historikoari esker, XVI. eta XVII. mendeko dokumentazioan agertzen diren emakume anonimo batzuen izenak berreskuratu ahal izan dira. Horrek erakusten du botererako sarbide zuzenik ez zuten arren, botere ekonomikorako sarbidea zutela, negozioen jabe zirela, armadoreak zirela, beren ontziak zituztela edo Ternuarako itsasontzi espedizioak kudeatzen zituztela, besteak beste. Horrek erakusten du gizateriaren erdia garela eta eman zaiguna baino garrantzi historiko handiagoa izan dugula.

Los viajes de Aspasia” webgunean zure proiektuak partekatzen dituzu?
Izen horrekin jasotzen dut nire proiektua edo enpresa. Webgune horretan murgildurik nagoen proiektu guztiak ikusarazten saiatzen naiz. Barruan, blogean, hamabost egunean behin argitalpen bat egiten dut eta hainbat gairi buruz hitz egiten saiatzen naiz. Proiektuarekin bat egiteko modu asko daude, eta horietako bat blogaren edo Youtubeko kanalaren doako edukia da, sarbide libreko arte eta arkeologiari buruzko hitzaldiekin.

Zeintzuk dira oraindik burutzeko dauzkazun proiektuak?
Datorren urteari begira, nire ikastaro-programarekin jarraitzeko asmoa dut. Parean berdintasun elkartearen ibilaldien proiektua amaituta dago, baina uste dut hazteko tartea izan dezakeela, eta ikusiko dugu zer aukera ditugun. Bestalde, Aisilan enpresak kudeatzen duen 18.95 izeneko Kultura arloko zine proiektuaren koordinatzaile bezala lanean ari naiz eta 2022ko lehen seihilekorako bi proiekzio antolatzen ari gara. Beste proiektu polit bat dut esku artean, Bitamine Faktoriako Helga Massetanirekin garatzen ari naizena. Duela gutxi Ribera beka bat eman ziguten eta Bidasoako kartografia emozionala izeneko proiektu bat egin genuen, non elkarrizketa bidez Bidasoako biztanleen memoria berreskuratzen saiatu ginen. Aurten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Olatuak diru-laguntza lortu dugu eta proiektua zabaltzen saiatuko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude