Ekintza ugari antolatu dira CBA Liburutegian Emakume Idazleen Eguna ospatzeko

Irungo Udaleko Kultura Arloak hainbat ekintza antolatu ditu urriaren 15etik 22ra bitarte Irungo CBA Liburutegian Emakume Idazleen Eguna ospatzeko. Era horretan, emakume idazleek historian barrena egindako lana eta emakumeek utzitako ondarea aldarrikatu dira. Ekitaldiak Espainiako Liburutegi Nazionalak Emakumezko Zuzendari, Exekutibo, Profesional eta Enpresarien Espainiako Federazioarekin eta Clásicas y Modernas elkarteek elkarlanean antolatutako jardunaldien barnean antolatu dira.

Aurreko edizioetan egin izan den moduan, Santa Teresa egunetik gertuen dagoen astelehena aukeratu da Emakume Idazleen Egunaren inguruko ekintzak antolatzeko. Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak azaldu duenez, “berriro ere horrelako jarduerak egiten hastea da gure eguneroko bizitza eta, tartean, hiriko kultur zentroak normaltasunera itzultzen ari diren adierazgarririk garbiena”. Aurtengoa Emakumezko Idazleen Egunaren seigarren edizioa izan da. Kultura ordezkariak adierazi duenez, “CBA gure agendako hitzordu finkoa bihurtu nahi dugu, literaturara emakumezko idazleen eta, tartean, bertako protagonisten eskutik gerturatzeko”.

Urriaren 15ean hasi eta 22an amaitu ziren Emakume Idazleen Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiak. Antolatutako ekitaldien artean emakume idazleen topaketak, mahai inguruak eta hitzaldiak egin dira. Era berean, emakumeek idatzitako obren pasarteen irakurraldi publikoak egin dira, Esther Barandiaranek pianoaz akonpainatuta. Jarduerak doakoak izan dira eta edukierak bete arte nahi duen orok parte hartu ahal izan du, gonbidapenik behar izan gabe.

Anna Caballé
Anna Caballék urriaren 15ean hasiera eman zion emakume idazleen jardunean zentratutako jardunaldien asteari. Clásicas y Modernas elkarteko presidenteak eskainitako konferentziaren hasieran onartu zuen, “Ilusio handia egiten dit zuekin partekatzeak emakume idazleen egunari eskainiko dizkiozuen jardunaldien hasiera”. Emakume Idazleen Eguna antolatzeko eguna hasieratik harrera oso ona izan duen egitasmoa izan dela azaldu du Caballék. “Proiektuak estatuan izandako jarraipenaz gainera, 400 liburutegi Latinoamerikar batu dira ekimenera”. Anna Caballéren esanetan, egitasmoa idazketaren munduan murgildu ziren emakumeak omentzeko modua da.

Esther Barandiaran
Urriaren 18a, emakumeek idatzitako obren pasarteen irakurraldi publikoak egingo dira, pianoan Esther Barandiaranen konpainian. Iñaki Ceberio CBA liburutegiko zuzendariak azaldu zuen, beste urteetan bezala, egun horretan eta ordu berberean Madrilgo Liburutegi Nazionalean eskaini zen irakurraldi bera egin zela.

María José Noain
Urriaren 20an María José Noain antropologo eta arkeologoak “Livia Drusila, una biografía novelada” mahai ingurua zuzendu zuen. María José Atienzaren aurkezpenaren ostean, María José Noainek onartu zuen oraindik idazle hitza bere jardunetik urrutiegi ikusten duela, baina ilusio handiz jaso zuela Emakume Idazleen Egunaren inguruan CBA liburutegian antolatutako ekintzan parte hartzeko gonbidapena. Mahai-inguruaren hasieran idazleen paperaz ausnartu ostean, liburuaren sormen prozesua eta pertsonaiaz mintzatu zen. María José Noainen hitzetan, “badakit pertsonaia interesgarria izan dakizuekeela, baina idazketa jardunaldi batzuetara etorri zarete, eta hori da interesatzen zaizuena”.

Marta Salís
Urriaren 21ean Marta Salísen txanda izan zen. Hitzaldiaren hasieran Mertxe Tranchek azaldu zuenez, hainbat saiakeren ostean, VI. Emakume Idazleen Egunak Marta Salís idazlea CBA Liburutegira ekartzeko aukera eman du. Izan ere, Martak lotura estua du Irunekin, Policarpo Balzolaren ondorengoa da eta baita Luis Salís Irungo alkate errepublikarraren biloba ere, eta CBAn bere amonaren, Amalia Balzolaren, izena daraman gela bat dago. Marta Salísek bere hitzaldian Charlotte Brontërek idatzitako azken liburuaz luze hitz egin zuen, “Lucy Snow” izeneko liburuaz, alegia.

Virginia Gasull
Virginia Gasull idazle irundarrak eman zion amaiera Emakume Idazleen inguruko jardunaldiari “Nicole Manguin, rescatando una vida del olvido de la historia” hitzaldiarekin. Idazketa prozesuaz hitz egin ordez, Virginia Gasullek bere azken liburua idazteko ikerketa prozeduran sakondu zuen hitzaldian zehar. “Uste dut ikerketak liburuarekin lotutako bitxikeriak ulertzen lagun dezakeela”, adierazi zuen Gasullek. Izan ere, idazle irundarraren iritziz, ikerketa oso baliagarria izan daiteke irakurlearen esperientzia osatzeko.

Aurretiko erreserbarik ez
CBAk jakinarazi duenez, urriaren erdialdetik aurrera, ez da beharrezkoa izango tokia aurrez erreserbatzea ikasketa gela erabiltzeko, eta okupazioa ez da mugatuko txandaka. Ildo beretik, Internet zerbitzua pandemia aurreko dinamikara itzuliko da; alegia, ez da beharrezkoa izango erreserbarik egitea ez hitzordua hartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude