Hiriko ostalaritza eta merkataritzaren susperraldia osasun krisialdiaren ostean

Covid-19ak eragindako osasun krisialdiaren ostean, Irungo merkatari eta ostalariek ohiko jarduera berreskuratzeko aukera hurbilago ikusten dute konfinamendua arintzeko neurriei esker . “Normaltasun berria” berreskuratu aurretik, Espainiako gobernuak konfinamendua arintzeko 4 fasez osatutako plana prestatu du, non fase bakoitzak bi asteetako iraupena izango duen gutxienez. Maiatzaren 4tik aurrera martxan jarritako prestaketarako lehen fasea gainditu ostean, maiatzaren 11tik aurrera arintzearen hasierako fasean sartu zen Gipuzkoa, hau da, planean aurreikusitako bigarrena.

“Normaltasun berria” guztiz berreskuratzeko bide horretan, konfinamendua arintzeko neurriei esker hiriko denda txikietako merkatariek eta ostalariek pixkanaka berriro establezimenduetako pertsianak altxatu eta jarduera berreskuratzen hasteko aukera izango dute. Maiatzaren 11tik aurrera terrazak dituzten establezimenduek, terrazak %50eko edukierarekin ireki edo eramateko janaria prestatzeko baimena dute, oraindik lokal barnean bezerorik hartzea baimendua egon ez arren. Merkatarien kasuan, saltoki handiak itxita jarraitzen duten bitartean, denda eta negozio txikiek, berriz, ateak ireki ahal izan dituzte segurtasun neurri bereziak hartuz. Indarrean sartutako neurri berri hauekin azken hilabeteetan zehar ustutako Irungo kaleek ohiko mugimendua berreskuratzen hasi dira gutxinaka.

Manolo taberna
Irungo Kale Nagusian kokatutako Manolo tabernan martxoaren 15ean egin zuten lan azkenekoz, egoeraren larritasunaz jabetzeaz gainera, aurreko astean zehar bezeroen kopurua era nabarmenean murriztu zelako. Horrela, tabernako jarduera eten eta egoera ezezagun honen aurrean erantzukizunez jokatzeko erabakia hartu zuten, hiritarrei elkartasuna adierazi eta jendea etxean geratu zedin laguntzeko. Ia bi hilabetez taberna itxita egon ostean, jarduera etxera eramateko janariekin irekitzeko asmoa zutela azaldu du José Mari Gonzálezek. Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteen (ABEEE) ondorioz, ordea, ohiko jarduera berreskuratu ez arren, pertsonal guztiaren kontratazioa mantentzea eskatzen da. José Mari González ostalariak azaldu duenez, langileen itzulera era progresiboan egitea litzateke egokiena, ohiko jarduera berreskuratzen joan heinean.

Horrela, taberna bezeroak lokalean jaso eta etxera eramateko janariak prestatzen hasteko asmoa du. Izan ere, lokalak terrazarik ez denez, taberna ireki ahal izateko konfinamendua arintzeko 2. fasera arte itxaron beharko dute. Tabernan ohiko erritmoarekin eta %100ean lan egitea urrutiegi ikusten dute oraindik, beraz, establezimendutik kanpo kontsumitzeko prestatutako platerekin hutsune hori betetzea espero dute. Oraindik lokala irekitzeko baimenik izan ez arren, pintxoak babesteko beira-arasak tabernan prest dauzkate jada. Taberna irekitzeko baimena dutenean bezero arteko distantziak errespetatzen direla ziurtatu, establezimendua behar bezala desinfektatu eta bezeroek eskuak desinfekta- tzeko gela eskura izango dute . José Mari Gonzálezek azaldu duenez, tabernak jendea elkartu eta elkarren alboan pilatzeko pentsatutako espazioak ziren orain arte, beraz, datozen hilabeteetan tabernetan lan egiteko moduan aldaketa nabariak egingo dira.

Beds Irun
Pilar Díez Irungo Beds establezimenduko dendaria da eta martxoaren 14an denda itxi ostean, maiatzaren 11ean Beds dendako ateak ilusioz beterik ireki ditu berriro. Konfinamenduak iraun bitartean batez ere sare sozialen bitartez bezeroekin harremana mantendu duen arren, ez du salmentarik egin, dendan produktua probatzea ezinbestekoa baita erosteko erabakia hartu aurretik. Maiatzaren 11ean ohiko ordutegia berreskuratu zuen eta dendarientzako esperientzia berri honi aurre egiteko legeak ezarritako protokoloa errespetatuz prestatu zuen dendaren irekiera.

Bezeroren batek ordua eskatuz gero hitzordua emango diola azaldu du Pilar Díezek, nahiz eta printzipioz aurretiko hitzordurik gabe lan egiteko asmoa duen, normalean denda jendea pilatzen ez dela ikusita. Neurri berezi gisa, oheak babesteko erabilera bakarreko zorro babesleak erabiliko ditu, bezeroek oheak probatu eta ukitu ostean hurrengo bezeroen segurtasuna bermatzeko.Gobernuak ezarritako lege eta protokoloen berri izateko azken asteetan zehar Estatuko Aldizkari Ofiziala inoiz baino gehiago irakurri duela onartu du Beds dendako dendariak. Atzeratutako etxebizitzen entregei esker negozioa martxan jartzeko lan nahikoa izango duela aurreikusten du Pilar Díezek. Dena dela, Irungo komertzio- aren aniztasuna eta hiritik atera gabe edozein gauza bertako saltokietan erosteko aukera azpimarratu du.

Jeca eta Bost arropa-dendak
Martxoaren 14ean Espainiako Gobernuak alarma-egoera deitzearekin batera itxi ziren Jeca eta Bost denda guztiak Irunen. Dendetako ateetan ipinitako karteletan itxieraren berri emateaz gainera, larrialdi egoera lehenbailehen gainditzeko nahia adierazi zuten dendariek hasiera batean, orain , ordea, denden itxieratik bi hilabete igaro diren arren. Jesus Camarero dendariak azaldu duenez, azken hilabeteetan zehar bizitako egoeraren bitartez, aurrez aurreko salmentaz gainera, internet bidez bertako merkataritzan erosteko aukeraren garrantziaz ohartu dira eta jardueraren etenaldia aprobetxatu dute pixkanaka webgunea martxan jartzen hasteko.

Jesus Camarerok adierazi duenez, maiatzaren 11tik aurrera bezeroek Irungo Jeca eta Bost denda guztietan arropa erosteko aukera dute berriro. Dendetako langileak eskularru, maskara eta gel hidroalkoholikoarekin babesteaz gainera, lurrunezko makinak erosi dituzte arropa behar bezala desinfektatuko dela ziurtatzeko. Jesus Camareroren hitzetan, “bertako merkataritza lagundu eta babesteko garai da orain, izan ere, alarma-egoerak merkataritzarik gabeko hiri bat zein tristea izan daitekeen argi eta garbi erakutsi baitigu”. Osasun krisialdiak egoera ekonomikoan izandako eraginaren ondorioz, jendeak merkataritzan konfiantza berreskuratu eta normaltasunez dendetara itzuli baino lehen hilabete gogorrei aurre egin beharko dietela onartzen zuen Jesus Camarerok. Horrela, egoerak sanmartzialetako jaiekin lotutako salmenta zein udako merkealdietan eragina izango duela aurreratzen zuen Irungo hainbat arropa-dendetako jabeak.

Folder

Folder denda lehenengo hamabostaldian itxita egon zen arren, ia berrogeialdi osoan zehar lan egiteko aukera izan duen establezimenduetako bat izan da. Rakel Lamas dendariak azaldu duenez, denda berriro irekitzeko aukera izan zutenean goizez soilik 3 ordu lan egiten hasi ziren hiritarren oinarrizko beharrei erantzun ahal izateko. Maiatzaren 4an konfinamendua arintzeko prestaketa fasea indarrean sartu zenetik Folder dendaren atea goiz zein arratsaldeetan ireki da, nahiz eta ordutegi murriztuarekin. Bezeroei, batez ere, distantziak mantentzeko eskaera egiten diete dendan sartzerakoan eta gehienez 2 pertsona egon daitezke dendaren barruan. Hortaz gain, protokoloetan zehaztutako segurtasun neurri guztiak betetzen dituzte. Saltzaileek eskularru eta pantaila babesleekin lan egiten dute eta bezeroei gauzak ukitu baino lehen eskuak gel hidroalkoholikoarkein garbitzea eskatzen zaie, uneoro dendako objektu guztiak banan-banan garbitzea ezinezkoa delako.

Alarma-egoeran zehar denda irekita egon den egunetan bezero asko jaso dituztela azaldu du Rakel Lamas. Era berean, egoera normalarekin alderatuta, eskaerak eta erositako produktuetan aldaketa nabaria ikusi dute. “Bezero gehienak eskulanak egiteko materialen bila etorri dira guregana, kasu askotan, haurrekin eskolatik bidalitako etxeko-lanak egin ahal izateko materiala lortzeko”. Bestetik, etxetik lanean ari zen bulego eta lantokietako jendearen eskariak ere erantzun dituzte konfinamenduan zehar. Osasun krisialdia Irunera iritsi baino aste batzuk lehenago Folder dendak kokapen berria estreinatu zuen Luis Mariano kalean eta Rakel Lamas dendariak onartu duenez egoera ezohiko honek ez du dendaren aldaketaren prozesua lagundu. Aurreko egoerara itzultzea konplikatua izango dela aurreikusita, Folder dendako Rakelek jendearen konpromisoan ikusten du egoera hau gainditzeko gakoa.

Atalaia Jatetxea
Atalaia jatetxeak normaltasun berrira egokitzeko prozesua abiatu du. Legeak ezarritako pausuak jarraituz, terraza izan da maiatzaren 11tik aurre jatetxean ireki ahal izan duten espazio bakarra, bezeroen arteko bi metrotako distantzia mantenduz eta segurtasun neurriak betez. Inaxio Muguruzak gogoratu duenez, langile asko behar dira jatetxe bat aurrera ateratzeko eta ohiko lan erritmoa berreskuratu arte, langile guztien lanpostua mantentzeak galera ekonomikoak eragingo dizkio jatetxeari, diru-sarrerak era nabarmenean murriztuko diren bitartean.

Horrela, Inaxio Muguruzak azaldu bezala, jatetxe bakoitza bere ohiko bezeroak erakartzen jarraitzeko ahalegina egiten jarraitu beharko dute datozen hilabeteetan zehar. Egoera berri honetara egokitu eta ospakizun handiak antolatzeko baimena ematen den arte, Atalaia jatetxean etxera eramateko platerak prestatzeari ekingo diote. Izan ere, apirila eta maiatzeko hilabeteetan Atalaia jatetxea jaunartze edo ezkontza bezalako ospakizun handiez gainezka egon ohi da. Ospakizun berezi horietako asko datozen hilabeteetara atzeratu edo agendan data berri baten esperoan jarraitzen duten bitartean, Inaxiok eta bere lantaldeak Bidasoako eskualdeko mahaietako jatorduak gozatzeko lanean jarraituko dute Atalaian, ingurukoak lagundu eta babeste jarraitzeko senak gidatuta.

Alarma-egoeran zehar Irungo kaleek haien aurpegi hotzena erakutsi dute indarrean ustutako taberna, jatetxe eta saltokien ondorioz. Datozen asteetan zehar merkatari eta ostalariek ohiko jarduera berreskuratu ahal izateko, hiritarrek gertuko merkataritzarekiko konpromisoa mantentzea ezinbestekoa izango da, etorkizunean hustutako kaleen irudia errepikatu eta normaltasun berriaren parte izan ez daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude