Ordu bateko aparkalekua doan Irungo parkingetan

Irungo aparkalekuak kudeatzen dituen Empark enpresak aparkalekuetako erabiltzaileei lehen ordua oparituko diela jakinarazi du. Empark enpresak udal titulartasunekoa den San Juaneko aparkalekua, Mendibil Merkataritza-guneko eta Luis Marianoko aparkalekuen kudeaketaz arduratzen da.

Ekimen honen bitartez enpresak Espainia zein Portugalen dauzkan aparkalekuetako erabiltzaileak babesteko asmoa du, Empark enpresak Irunen dauzkan hiru aparkalekuak barne. Ekimena maiatzaren 18an martxan jarri zen eta datozen asteetan zehar luzatuko dela uste da. Tarifako deskontua egunean behin egingo da matrikula bakoitzeko.

Pio XIIko aparkalekua

Neurri berri hau berriki Irungo udalak mugikortasun arloan hartutako bestelako erabakiei batu behar zaie, hiriko ostalaritza zein merkataritza berriz martxan jarri ostean. Irungo aparkalekuekin loturik, gogoratzekoa da Pio XII inguruko saltokien artean 500 bonu banatu direla, saltzaileek haien bezeroen artean banatu ditzaten. Bonu horiek ordu batez dohainik Pio XII-ko aparkalekuan aparkatzeko aukera ematen dute. Neurria Irungo udala eta Pio XII-ko aparkalekua kudeatzen duen Eyssa enpresaren akordiotik sortu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude