Irun Zuzenean Jaialdiak eta Viva Sueciak Ficobako 3. pabilioia hartuko dute azaroaren 12 eta 13ko asteburuan

Irungo Udalak Ficoban azaroaren 12 eta 13rako antolatu duen musika-eskaintzaren berri eman dute gaur Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak eta Ander Sarratea azoka-guneko gerenteak, Get in eta Guajira Sicodélica ekoiztetxeetako ordezkariek lagunduta.

«Iragarri genuen uda ondoren musika-agendak protagonismo berezia izango zuela, eta hemen dago froga. Iaz, Irun Zuzenean jaialdiari eutsi genion, indarreko neurrietara egokituta, erabateko bermea eskaintzen zuen espazio batean, Ficoban. Aurten ere, zuzeneko musikaren aldeko apustua indartuko dugu, oso kontzertu potente bat ekarri baitugu, Viva Suecia» esan du ordezkariak eta, iragarri duenez, «asteburu hau Gabonetan datorkigunaren aurrekari bat izatea nahi dugu, jardueraz betetako kultur agenda bat prestatu baitugu».

Ficobako 3. pabiloian egingo dira kontzertu guztiak. Viva Suecia taldea izango da lehen saioko protagonista, azaroaren 12an, ostiralarekin, 20:00etatik aurrera, eta hurrengo egunean, azaroaren 13an larunbatarekin, 20:00etan hasita hori ere, tokiko Olimpia taldeak emango dio hasiera kontzertuari, eta haien ondotik arituko dira Sara Zozaya eta La Bien Querida. Ateak ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira bi egunetan. Sarrerak doakoak dira eta www.irun.org/entradas webgunean lor daitezke, bai ostiralerako, bai larunbaterako (gehienez ere 4 sarrera pertsonako). Sarrerarik geratzen bada, FICOBAko txarteldegian jaso ahalko dira kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik.

Iaz ez bezala, eta COVIDari aurre egiteko indarreko araudiaren arabera, publikoa zutik egongo da, baina maskara une oro jantzi beharko da. Barra bat instalatuko da 2. pabiloian. Edariak 2. pabiloi horretan hartu beharko dira, eta ezingo dira 3. pabiloira sartu, hau da, kontzertuak izango diren eremura. Gogoan izan behar da COVIDari aurre egiteko indarrean dauden neurrien arabera debekatuta dagoela ikuskizunak egiten diren instalazioetan jatea edo edatea. Era berean, kontzertura doazenei eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzeko eskatuko zaie, eta nahitaezkoa izango da maskara une oro jantzita eramatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude