Iune Bermejo, abeslaria: “Abestuz bizitzea lortzen badut, sekulakoa izango da”

Iune Bermejo gazte irundarra da eta musikaren munduan bere lehen urratsak egin ditu dagoeneko. Urriaren 23 eta 24an, berriz, Zabaltza plazan egindako Gazteartean Fest jaialdiak eszenatoki batera igotzeko eta lehen aldiz publiko aurrean kantatzeko aukera eman dio. Iune Bermejo gazteak musikaren munduarekin duen lotura estua azaldu du.

Noiz hasi zinen musikaren munduan?
Txikitatik asko gustatu izan zait musika entzutea. Urteak pasa ahala gero eta gehiago gustatzen zitzaidala konturatu nintzen eta abesten hasi nintzen. Horrela, 13 urterekin abesten ikastea erabaki nuen.

Musikarekin loturiko prestakuntza jaso duzu?
Bai, hainbat urtez kantuko klaseak jaso nituen eta orain Irungo IGA abesbatzako kidea naiz. Horretaz gain, udara batean Rock Camp izeneko kanpamentu batean parte hartzeko aukera izan nuen eta musikarekin lotutako gauza asko ikasi nituen bertan.

Urriaren 23koa publiko aurrean eskaini duzun lehen kontzertua izan da?
Bai, nire lehenengo esperientzia izan da eszenatoki baten gainean. Egia esan, uste baino hobeto atera zen dena, nahiz eta kontzertua hasi aurretik oso urduri nengoen. Lehen kontzertu hau eman aurretik etxekoek ere ez ninduten abesten entzun, beraz, oso berezia izan zen haientzat ere. Egia esan, eszenatokira igo nintzenean oso eroso sentitu nintzen eta oso ondo pasatu nuen.

Nola lortu zenuen Gazteartean Fest jaialdian parte hartzeko aukera?
Abesteaz gainera, Ainhoa dantza akademiako ikaslea naiz eta gure irakaslea haurdun egon zenean ordezko bat etorri zen. Duela urte batzuk irakasle ordezko horrek Instagram bidez hitz egin zidan abesten nuela ikusi ostean eta, horrelako ekitaldien antolakuntzan lan egiten duenez, kontzertuan parte hartzeko aukera eskaini zidan.

Irungo udaletik artista gazteen lana laguntzea ondo dagoela uste duzu?
Bai, oso ondo. Gainera, orain pandemiarekin musikaren mundua ia guztiz eten da denbora batez, ezin izan baitira kontzertuak egin. Sektoreak bultzada bat behar zuela uste nuen eta artistak laguntzea oso aukera polita iruditzen zait.

Zer eskaini zenuen zure lehen kontzertuan?
Lau abesti abestu nituen. Lehenengoa ingelesez izan zen, Coldplay taldearen “The Scientist”. Gainontzekoak erdaraz egin nituen, erosoago sentitzeko. Horrela, Sinsinati taldearen “Mi lugar”, Teresa Castrillok Instagramera igotako 2020 izeneko abestia eta Marta Sotoren “Quiero verte” kantatu nituen.

Zein izan zen publikoaren erreakzioa?
Egia esan, oso ona. Nire lehen kontzertua zenez publikoarengan pentsatzeak oso urduri jartzen ninduen, baina oso ondo atera zen dena. Nahastu arren asko animatu ninduten eta oso gustura sentitu nintzen.

Sare sozialak zure lana zabaltzeko laguntza handikoak izango dira, ezta?
Bai, orain dela gutxira arte nire sare sozialetan ez nituen ni abesten agertzen naizen bideoak partekatzen. Horrelako edukiak partekatzeak lotsa handia ematen zidan eta ez nintzen seguru sentitzen. Nire lagunek abestiak partekatzera animatu zidaten, gustuko ez duenak nire edukiak ez ikusteko aukera duela gogoratuz. Horrela, pixkanaka bideoak igotzen hasi nintzen.

Beste artisten kantuez gainera, zure abesti propioak sortzen dituzu?
Bai, lehengo urtean abesti bat sortu nuen nire aitaren urtebetetzerako. Berarentzako opari bat izan zen. Hala ere, nire kabuz abesti propioak sortzen saiatzen naiz, beste abeslarietan inspiratuz.

Abesteaz gainera, musika instrumentuak jotzen ikastea gustatuko litzaizuke?
Bai, nahiz eta inoiz musika instrumenturik jotzen ikasteko klaserik jaso ez dudan. Teklatu eta gitarra bat dauzkat, nire lagunek oparitutakoak eta asko eskertzen dizkiet opari horiek egin izana. Beraz, nire kabuz ikastea gustatzen zait, aukera dudanean lagunen bati laguntza eskatu arren. Bestela, etxean Youtubeko bideoak ikusten ditut nola jotzen diren ikasteko.

Zein da gehien gustatzen zaizun musika estiloa?
Pop musika da gehien gustatzen zaidana. Ingelesez, erdaraz eta euskaraz pop musika kontsumitzen dut.

Zein abeslarirekin abestea gustatuko litzaizuke kolaborazio bat egiteko?
Asko gustatzen zaizkit Vanesa Martin, Manuel Carrasco, Antonio Orozco eta Instagram bidez ezagututako Teresa Castrillo eta Maria Parrado, gutxi gorabehera nire adina dutelako. Nazioarte mailan, berriz, Coldplay eta Aitana aipatuko nituzke.

Zure burua etorkizunean abeslari profesional gisa ikusten duzu?
Gustatuko litzaidake, baina oso mundu zaila da. Hala ere, nire esku dagoen guztia egiten ahaleginduko naiz eta, behintzat, musika nire zaletasuna izaten jarraitzea gustatuko litzaidake. Abestuz bizitzea lortzen badut, sekulakoa izango da.

 

Elkarrizketa osoaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude