Ainhoa Akademiako inauterietako konpartsa

Ainhoa Pardo, Ainhoa Akademiako arduraduna

“Gustatzen zait koreografiak egitea eta mozorroak prestatzea”

ditu Ainhoa dantza akademiak Irungo Arbelaitz kalean. Hiriko hainbat ikastetxetan eskolak ematen aritu ondoren, lokala hartzea erabaki zuen Ainhoa Pardok, 2003an. Ikasleen kopurua handituz joan da etengabe, goia jo duen arte. “Pena da, baina leku faltagatik ezin dut jende gehiago hartu”, azaldu du Pardok. 250 ikasle baino gehiago dauzka gaur egun. Akademiaren arrakastaren gakoak eman ditu, inauterietako desfileko azken xehetasunak prestatzen ari den bitartean.

ainhoa4

– Zergatik erakartzen du hainbeste jende Ainhoa Akademiak? Zerk egiten du berezi?
Familia txiki bat gara, eta gurasoek asko baloratzen dute hori. Nire ikasle guztien izen-abizenak dakizkit, eta hiruzpalau egunetan gai naiz haien izaera antzemateko. Oso harreman estua izaten dut haurrekin, baita gurasoekin ere. Konfiantza ematen diedala uste dut. Gainera, egiten dudan lana asko gustatzen zait.
– Neskak al dira oraindik ikasle gehienak?
Zoritxarrez, bai. Lauzpabost mutil izaten dira berrogei ikasleko. Nik mutilak prestatu izan ditut dantza egiteagatik kalean jasan beharko zituztenei jaramonik ez egiteko. Tristea da, baina etxeetan sartuta ditugu oraindik aurreiritzi horiek.
– Urteko ekintzen artean, zer nolako garrantzia dute inauteriek?
Oso handia. Kontuan hartu behar da urtean zehar gutxi mugitzen garela. Gabonetan aktuazioren bat zahar-etxeren batean, urteroko emanaldia gurasoen aurrean… Denak leku itxietan izaten dira, eta ikusleak, berdinak. Inauterietan publiko zabala izaten dugu, eta hori da arrazoi nagusia. Ni ez naiz oso inauteri zalea, baina gustatzen zait koreografiak prestatzea eta mozorroak egitea.
Zer prestatu duzue aurten?
Disneyren Frozen pelikula izango da gaia. Bolo-bolo dabil azken aldian, eta haurrak pozez zoratzen daude. Denbora asko generaman ipuinetako gaiak aukeratu gabe. Nik hautatzen ditut, baina saiatzen naiz ikasle guztiengan pentsatzen. Hala ere, zaila da denak konforme edukitzea.

ainhoa
– Lan handia al du konpartsa antolatzeak?
Errazena koreografiak prestatzea da. Nire lana da, eta klaseetan egiten dugu. Mozorroek lan handiagoa eskatzen dute. Ni oihalak mozten eta antolatuta ematen saiatzen naiz, gastua aurrezteko. Inauteriak ezin du familia osoaren hilabeteko aurrekontua baldintzatu. Nire ustez, hori ez da bidezkoa. Gure mozorro garestienak 32 euro balio du aurten.
– Zein zailtasun izaten da desfilearen egunean?
Edozer gerta daiteke. Behin musika-ekipoaren generadorea gelditu zitzaigun, Colon Pasealekuaren erdian. Bestalde, urtero, konpartsa guztiek azkarrago joan behar dugula esaten digute antolakuntzakoek. Korrika egin behar izaten dugu, dantzatu gabe. Betiko arazoa da hori. Konpartsa bakoitzak bere musika eta bere koreografia dauka, eta ezinezkoa da denek erritmo berdina eramatea.
– Otsailean izanda, eguraldia da beste arazo nagusia.
Nik ez dut uste euriagatik desfilea bertan behera utzi behar denik. Data atzeratzeak kostua areagotu egiten du musika-ekipoa edo furgoneta alokatu behar dugunon-tzat. Beste kontu bat da haizearen ondorioz, egoera benetan arriskutsua denean. Euria besterik ez baldin bada, desfilearen ondoren ondo lehortu, eta listo. Bestela, desfilearen data aldatu behar baldin badugu, jar dezagun uztailean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude