Inauterietako ohitura zaharren babesle

Irundar gehienentzat, larunbat eta igande arratsaldean hiriko erdigunea zeharkatzen duen desfile koloretsua da, gaur egun, inauterietako ekitaldi nagusia. Ezagunena bada, behintzat. Hala ere, badaude inauteria uler-tzeko eta bizitzeko beste hainbat modu. Esate baterako, euskal folklorearekin eta tradizioarekin lotutako ekimenak antolatzen ditu zenbait kultur elkartek. 1980ko hamarkadan, mendearen erdialde ilunean galdutako ohiturak berreskuratzeari ekin zioten, besteak beste, Irungo Atseginak, Kemen Dantza Taldeak eta Eraiki Dantza Taldeak.

ERAIKI2014-01

Irundar gehienek ezagutzen ez duten arren, Puska Biltzea da Irungo inauterietako ohituretan zaharrena. 1936ko gerraren aurretik, baserriz baserri eskean aritzen ziren gazteak inauterietan, Gabonetan edo Santa Ageda bezperan bezala. Kantatu beharrean, dantza egiten zuten. Oraindik ere, zentzu handia duela uste du Kemen Dantza Taldeko Ander Amantegik: “Inauterietako ohituren artean, logikoena iruditzen zait”. Berrogei urteko diktaduraren ondoren, ohitura hura berreskuratzeari ekin zioten Irungo dantza taldeek, 1970eko hamarkadaren amaieran. Baserritarren laguntzaz ikerketa lana egin zuten, gerraren aurretik Irunen Puska Biltzea nola egiten zuten argitzeko. Ekintza sinbolikoa dela azaldu du Eraiki Dantza Taldeko Koldo Riberak: “Dantzatzeaz gain, baserrietako atariak erratzez garbitzen dira, izpiritu txarrak uxatzeko”.

Puska Biltzea
Fandangoak eta arin-arinak dantzatzen dituzte taldeek baserrietan, trikitixa eta panderoaren edo txistu eta danbolinaren musikaz. Ondoren, baserritarrek emandako jakiak edo puskak biltzen dituzte, iluntzean afaria egiteko. Eraikikoak Behobia eta Bidasoa auzoetako baserrietan ibiltzen dira, inauterietako larunbatean. Kemenekoek igandean egiten dute, Olaberria aldean. Meakako Adixkideak beren auzoan aritzen dira. Talde bakoitza bere kabuz ibiltzen da, ez dago elkarlan zuzen bat. Baina denen artean Puska Biltzearen ohitura mantentzeko ahalegina egiten dute. “Zaindu beharreko zerbait da. Guk oso ondo pasatzen dugu, baina ardura moduan ere ikusten dugu. Ardura da Irungo herriarekiko, eta gure kasuan, Behobia eta Bidasoa auzoekiko”, azaldu du Eraikiko Koldo Riberak.

Kaldereroak, Inudeak eta Artzainak, Donostiatik
Inauterien aurreko asteburuan, XX. mendearen hasierako ohiturarekiko lotura mantentzen duten beste bi ekitaldi izaten dira. Biek Donostian dute jatorria. Larunbatean, Hungariako Kaldereroen Konpartsa ibiltzen da Irungo kaleetan zehar. Irungo Atsegina elkarteak antolatu zuen lehen aldiz Irunen, 1891n, Donostiako ohituran oinarrituta. Tarteka errepikatu zuen, mendearen erdialdera arte. 1980ko hamarkadan berreskuratu zuen, Kemen Dantza taldearen laguntzaz. Gaur egun, Inauteriei hasiera ematen die Kaldereroen konpartsak. Erregea, erregina, damak eta hartza izaten dira desfileko pertsonaia nagusiak. Kaldereroek lapikoak, zartaginak eta mailuak eramaten dituzte, musikarien doinuari jarraitzeko. Raimundo Sarriegi musikari donostiarrak konposatutakoak dira jotzen dituzten doinuak.

kalde0794_LR
Desfilearen amaieran, ijitoen ezkontzaren antzezpena egiten dute San Juan Harria plazan. Kemen Dantza Taldeak parte hartzen du ikuskizunean. Brahmsen 5. dantza hungariarrarekin dantzatzeko koreografia prestatu zuten Kemeneko kideek, 1984ean, Atseginarekin batera Kaldereroen konpartsa berreskuratzeko lanean aritu zirenean. “Gaur egun, talde modura, dantza eginez parte hartzen dugu bakarrik. Baina jendea animatzen denean, desfilean ere ateratzen gara”, argitu du Kemeneko Ander Amantegik. Eraiki Dantza Taldeak, berriz, desfilean ere parte har-tzen du. Duela bi urte jaso zuen Irungo Atseginaren gonbidapena, partaideak galtzen hasia zen Konpartsa indarberritzeko asmoz. Bi elkarteen arteko harremana ona dela azpimarratu du Eraikiko Koldo Riberak: “Beste hainbat arlotan laguntza eskaintzen digute guri. Beraz, Kaldereroetan parte-hartzea ondorio logikoa izan zen”.
Harreman horren emaitza izan zen Inude eta Artzainen Konpartsa, 1997an. 75 urte bete zituen orduan Atseginak eta, ospakizunaren harira, Donostian errotutako ohitura Irunera ekarri nahi izan zuen. Eraiki Dantza Taldearen babesa izan zuen horretarako. Lehen proba egin zuten urte hartan, eta 1999tik aurrera urtero antolatu izan dute. “Konpartsa handituz eta hobetuz joan da. Taldetik kanpoko gero eta jende gehiago animatzen ari da parte hartzera. Gainera, arropa uzten digun jende asko ere badago”. 150 laguneko konpartsa da, gaur egun. XX.mendearen hasieran familia oso dirudunetan haurrak zaintzen zituzten emakumeak ziren inudeak. Artzainek klase umila irudikatzen dute. Garaiko beste hainbat ofizio ere ikus daiteke. Inauterietako igandeko hitzordu klasiko bilakatu da Inude eta Artzainen antzezpena.

dan-eraikipuzkabiltzea7

Herri inauteria zabaldu nahi du Adaxkak

Duela sei urte, inauteriekin lotutako beste ekimen bat bultzatu zuen Kemenen harrobi den Adaxka Dantza Taldeak. Herri ezberdin bateko inauteria antzezten dute urtero. Lantzeko, Al-tsasuko eta Goizuetako inauteria irudikatu ondoren, aurten Amezketako Talaien ohitura hurbilduko dute Irunera. Amezketan ere puska biltzea egiten dute, makil joko batekin. “Lan-tzeko inauteriak, adibidez, fama handia hartu du. Baina badaude beste batzuk, Amezketakoa bezala, nahiko ezezagunak direnak”, gogoratu du Kemeneko Ander Amantegik.
Kemenen inguruko jende guztiak parte har-tzen du herri inauterian: Adaxkako haurrek, helduen taldekoek eta larunbat goizetan dantza ikastaroa egiten dutenek ere bai. Haurren gurasoak animatu izan dira azken urteotan. Ander Amantegik azpimarratu du edonor dela Herri Inauterian parte hartzeko gai: “I-nauterietako dantzak ez dira zailak izaten. Egun polita da, gainera, ez delako dantza saio klasiko bat”. Otsailaren 7an, Herri Inauteria prestatzeko azken entsegua egingo dute, 11:00etan, Kemen Dantza Taldearen lokalean (Jose Antonio Loidi Bizkarrondo, 12). Hilaren 14an, Pio XII plazatik irtengo dira Amezketako Talaiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude