Algarbea ikuspuntu ezberdinetik ezagutzeko proposamena

GORKA MARTINEZ (unpaisenmimochila.blogspot.com)

Herrialde berri bat ezagutu eta turismoa egiteko era asko daude. Gero eta gehiago dira hotelen luxuak alde batera utzi eta motxila bizkarrean hartuta mundua ezagutzera abiatzen direnak. Bidaiatzeko modu horrek bisitariei nahi dituzten lekuak bisitatzea eta leku bakoitzean nahi duten denbora emateko aukera eskaintzen die, erreserbak eta bidaia-agentziak alde batera utziz. Hona hemen, Portugaleko hegoaldean kokaturiko Algabearen paisai ederrez gozatzeko zazpi egunetarako bidaia-proposamena.

Bidaiaren hasiera
Lisboako autobus geltokitik Vila do Bisporaino bost orduko autobusa hartu. Herritik Castelejo hondartzaraino iritsi autostop eginez, kanpin dendak bertan muntatu eta gaua bertan pasatzeko.

Tonel eta Beliche hondartzak
Goizaren lehen orduak hondartzan pasa ostean, gosari bero bat hartu eta berriro ere autostop bidez Sagresera iritsi. Herritik itsaslabarrak zeharkatzen dituen sei kilometroko errepide bat abiatzen da, Tonel eta Beliche hondartzetatik igarotzen dena. Toneleko hondartza eta Sagreseko gotorlekua amildegiaren gainetik behatu ostean, Beliche hondartzako inguru harritsura iritsi gaua bertan izarrei begira pasatzeko.

Bi egun Lagosen
Sagresetik Lagosera doan autobusa hartu eta, Lagos inguruan hondartza asko daudenez, bi gau pasa bertan. Camping batean lekua hartu ostean, Dona Anako hondartzan arratsaldea pasa. Hondartza inguratzen duen itsaslabarretik Pinhao hondartza ñimiñoa ikus daiteke. Gauean herriko kaleetan ibiltzea egokia izan daiteke, Algaberko gauen giroa gertutik ezagutzeko.
Lagosen bigarren eguna Camilo hondartza ezagutzeko geldialdi txiki batekin hasiko da. Ondoren, Ponta de Piedaderaino iritsiz gero itsaslabarretik eskaintzen dituen bista ikusgarriez gozatu ahalko da. Porto de Mos hondartzan bazkaldu ostean, arratsaldea hondartzan atseden hartzen pasa, campingera itzuli aurretik.

Carvoeiro hondartza
Campinga atzean utzi Carvoeiroraino iristeko. Bidaiaren ostean, eguna hondartzan pasa eta harkaitzen inguruan urpean igeri eginez gero arrain ezberdinak ikusteko aukera dago. Azkenik, hondartzan lo egiteko prestatu eguna amaitzeko.

Carvalho eta Benagil hondartzak
Eguna hondartzan bainu bat hartzen hasi. Ostean, gauzak jaso eta ibilaldi luze baten ondoren, Carvalho hondartzara iritsi eta eguna bertan pasa. Ibiltzen jarraituz gero Benagil eta Marinha hondartzak ere bisitatu daitezke.

Faro
Lagoatik Faroara iristeko autobus bat hartu. Bi orduko bidaiaren ostean eguna herrian pasa dezakegu edo herritik gertu dauden hondartzak ezagutzeko aprobetxatu dezakegu.

Itzulera bidaia
Gaua Faro herriko portuan pasa ostean, Huelvara eramango gaituen autobusa hartu zazpi egunetako abenturari amaiera emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude