Urtearen amaieran bezala, udaren ondoren ere ohiturak hartzeko edo baztertzeko erronkei heltzen die jende askok. Erretzeari uztea izaten da nagusietako bat. AECC Minbiziaren Kontrako Elkarteak banakako nahiz taldekako terapiak eskaintzen ditu, doan, Irunen duen egoitzan. Astelehen goizetan eta ostegun arratsaldetan bilduko dira taldeak, erronkari aurre egiteko. Gorka Gil psikologo irundarrak zuzenduko ditu terapiak.
Minbizien artean, biriketakoa izango da ohikoenetako bat, eta arrazoi nagusia, tabakoa, ezta?
Egia da, baina era berean, prebentzioan lan handia egin daiteke, beste kasu batzuetan baino gehiago. Beste minbizi batzuetan, prebentzioaren aldetik ez dago zeregin handirik. Biriketakoez gainera, eztarriko minbiziak edo ahoko minbiziak ere ekidin daitezke, erretzeari utzita.
Prebentzioa da, beraz, tailerren helburua nagusia?
Bai. Guk Minbiziaren Aurkako Elkartean eskaintzen ditugun zerbitzu gehienak izaten dira minbizia duten edo eduki duten pazienteentzat, haien familientzat etab. Baina erretzearekin lotuta, egin daitekeen lan gehiena prebentzioaren ingurukoa da. Gaixo dauden batzuk ere etortzen zaizkigu, medikuak erretzeari uzteko azken abisua eman dienean. Baina egoera horretara iristea, askoz lehenago saihestu daiteke.
Azken urteotan tabakoaren inguruko araudiak eta legeak aldatu dira. Horrek eragina izan du erretzeari uzteko helburuetan?
Guri paziente zailenak geratu zaizkigu orain. Mendekotasun handirik ez zuten askok, lege berriekin erretzeari utzi diote. Beste batzuek hausnarketa egin dute behintzat, eta kontsumoa murriztu dute. Baina gaur egungo traba guztiekin ere, erretzen jarraitzen dutenak, horienak dira kasu zailenak. Guretzat interes handiena dutenak ere bai. Laguntza gehien behar dutenak dira.
Denetarik hurbiltzen zaizue, beraz. Ez dago profil finko bat.
Ez, eta horrek kutsu polita ematen dio taldeari. Kontrola galdu dutela ikusi duten gazteak daude, seme-alabak dituen jende heldua, sekula erretzeari uztea planteatu ez duen jendea, gaixoak etab. Kasuistika zabala da, baina arazoari aurre egiteko modua, azkenean, ez da oso ezberdina.
“Lan psikologikoak eragina izan dezake mendekotasun fisikoan”
Zein neurritan esango zenuke dela arazo psikologikoa?
Alde batetik, dependentzia fisikoa badago, hori ezin da ukatu. Harreman handia du, hala ere, alde psikologikoarekin. Erretzen dutenek badakite hori. Jende batek pozik dagoenean erretzen du bakarrik, jai giroan. Beste batzuek triste daudenean, edo albiste txarrak jasotzen dituztenean. Azkenean, makulu gisa erabiltzen dugu erretzea, azkazalak hozkatzea edo jatea bezala. Makulu hori baztertzeko lana bai dela psikologikoa.
Tabakoak duen arazoa da, beharbada alde psikologikoaren eraginez hasten garela erretzen, baina azkenean mendekotasun fisikoa sortzen duela. Badago puntu bat non alde fisikoa psikologikoarekin elkartzen den. Kasu batzuetan alde fisikoa gutxi nabarmentzen da, beste batzuetan gehiago. Zoritxarrez, etortzen den jende gehienak pentsatzen du kontu psikologikoa dela, baina konturatzen da bi borroka dituela. Dena den, lan psikologikoak eragina izan dezake mendekotasun fisikoan.
“Norberak bizi duen dramari, beste kutsu bat ematen dio taldekako lanak”
Taldekako saioak eta bakarkakoak egiten dituzue. Oso ezberdinak dira?
Taldeak oso alde onak ditu. Jendeak antzeko egoerak bizi dituela, edo gurea horren arraroa ez dela ikustea oso lagungarria izan daiteke. Norberak bizi duen drama horri beste kutsu bat ematen dio. Hala ere, betidanik egon izan da jendea taldean aritzeko zailtasunak dituena. Bakarkako terapia pertsonalagoa da, bakoitzaren bizitzako alde zehatzetan sartzen garelako. Eragozpenak ere baditu, zure borroka bilakatzen delako. Zurea, eta zurea bakarrik. Zama handia izan daiteke hori.
Nolakoa da terapia? Zein da metodologia?
Erreminta asko daude, baina psikologoei gehien gustatzen zaiguna, hitz egitea da. Hori horrela da, bai bakarkako terapian, bai taldekakoan. Beste ikuspuntu batzuk ematen saiatzen gara. Erretzearen atzean zer egon daitekeen, adibidez. Askotan esaten dugu gauzak automatikoak direla, nahi gabe egiten ditugula. Baina zigarroa erretzearen inguruan dagoenari begiratzen baldin badiogu, beharbada konturatuko gara badaudela arrazoi edo baldintza batzuk. Horretaz jabetzeko, kanpoko begirada bat edukitzea ona da. Antsietateari aurre egiteko zenbait estrategia ere ematen ditugu.
Zenbat saio egiten dituzue astean? Zenbat denbora ematen du jendeak normalean?
Astean ordu bateko edo ordu eta erdiko saio bat egiten dugu. Bi aukera daude: astelehen goizetan, edo ostegun arratsaldetan. Jendeak, lanaren edo beste baldintzen arabera, nahiago duena aukera dezake. Erretzeari utzita ere, saioetara etortzen jarraitzen duen jendea dago. Beste batzuek nahiago dute utzi, eta aurrerago arazorik izanez gero, bueltatu. Norberaren baitan dago hori. Prozesu normal batek 2-3 hilabeteko iraupena izaten du, hamar saiokoa.
Denbora horretan jendeak erretzeari uzten dio?
Bai. Normalean, saioetara etortzeko telefonoa hartu baldin baduzu, esan nahi du hausnarketa egin duzula. Hortik aurrera dena errazagoa da. Azkenean, kaletik askotan entzuten dugu erretzeari utziko diola esaten duen jendea. Urte hasierako ohiko asmoa ere izaten da. Baina urte zaharreko afari horretan, sukaldeko leihoan ustezko azken zigarroa erretzen ari direnen artean, hurrengo astean telefonoa hartzen duenak abantaila ikaragarria du besteekiko. Urrats handia da. Hitz egiteaz gainera, edo proposamena airera botatzeaz gainera, beste zerbait egin du.
Izena emateko:
943 630 115
irun@aecc.es
Foru kalea 4, 1.go ezkerra