“Udan gogoz” programak aire zabalean gozatzeko jarduerak proposatzen ditu udako hilabeteetarako

Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak beste urte batez antolatu du ‘Udan Gogoz‘ programa. 2018tik programak Irunen bizi diren 60 urtetik gorakoei udako hilabeteetan jarduerak eskaintzeko asmoa du. Gaur goizean aurtengo programa aurkeztu dute,  Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak, Candele Martirena, Betania Mendoza eta Antxon Sánchez programako begiraleek.

Irunen bizi diren 60 urtetik gorakoentzako jarduerak dira, eta dohainik dira. Aire zabaleko jarduera fisikoaz gain, txangoak ere egingo dituzte Euskal Herriko eta Nafarroako txokoetara, sentsazio berriak esploratu eta esperimentatzeko.

Adinekoen Elkarteek eta beste tailer batzuek jarduera gutxiago egiten dute udan, eta behar hori asetzen du ‘Udan Gogoz’ ekimenak. Beraz, Josu Iguiñiz ordezkariak horrelako programen garrantzia azpimarratu du: “Jarduera mota horiek bultzatzen jarraitzen dugu arlotik, nahi izan gabeko bakardadea prebenitzeko, eta jarduera fisikoa eta garapen kognitiboa sustatzeko. Gizarte Ongizateko ordezkariak adierazi du, aukera berri bat dela gaitasun eta esperientzia berriak esploratzeko eta horrela adinekoen hazkunde pertsonala sustatzeko komunitatean biziz.

Gimnasia eta yoga Sarjia parkean

Astelehenetik ostiralera eta uztailaren 2tik abuztuaren 29ra bitartean, gimnasia eta yogako ordubeteko saioak egingo dira Sargia parkean goizeko 10:00etatik 11:00etara, gorputza eta burua naturarekin lotzeko. Astelehen, asteazken eta ostiraletan gimnasia-saioak izango dira, eta astearte eta ostegunetan, berriz, yoga-eskolak. Eguraldi txarra bada, Iraso zentro sozialean egingo da jarduera. Ekintzetan parte hartzeko ez dago aurretik izena eman beharrik. Uztailaren 25a eta 31 eta abuztuaren 15a jaiegunak dira, eta ez da saiorik izango.

Kultura-irteerak

Hilean bi egunetan, irteera kulturalak egingo dira, Irungo Adinekoen Espazioak erabiltzen dituztenen eskariari erantzuteko. Uztailaren 4an, Gasteizko Santa Maria Katedralera eta gaztandegira egingo da bisita; hilaren 18an, berriz, Iratxeko Monasteriora eta Erriberriko gaztelura, eta baita bodega batera ere. Abuztuaren 8an, Bakioko Txakolinaren Museora eta Bilboko Arte Ederren Museora joango dira, eta amaitzeko, abuztuaren 22an, Igartubeiti Baserria (Ezkio-Itsaso) eta Leintz-Gatzako Museoa izango dira azken kultura-irteerako tokiak.

Txangoak autobusez egingo dira. Irteerak 09:00etan izango dira San Juan plazako geltokitik (Bixera zaharra), eta 20:00ak inguruan iritsiko dira. Adinekoen Espazioetan eman behar da izena, eta lehenengo aldiz parte hartzen dutenek lehentasuna izango dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude