300 pertsonek hartu dute parte “Udan Gogoz” programaren barnean antolatutako ekintzetan

Udan Gogoz” programak 60 urtetik gorako pertsonentzako ekintzak proposatzen ditu, adinekoentzako lokaletan jarduerak antolatuz. Aurten 304 izan dira uztailean eta abuztuan Irunen egindako ekintzetan parte hartu duten adineko pertsonak. Sandra Caballero Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkariak prentsaurrekoa eskaini du gaur programaren balorazioa egiteko.

Sandra Caballero Gizarte Ongizateko ordezkariak nabarmendu duenez, garrantzitsua da adinekoentzako jarduerak udan ere indartzea, urteko sasoi horretan murrizten delako, hain zuzen, adinekoen elkarteen eta beste tailer batzuen erritmoa. “Aurten, gainera, programari ikuspegi zabalago batekin heldu diogu, eta jarduera batzuk adinekoen espazioetatik kanpo egin ditugu, natura betean edo bestelako eremu batzuetan”, gaineratu du Gizarte Ongizateko ordezkariak.

Jarduerak hiru bloketan banatu dira: txango kulturalak, txakur terapeutikoak eta mugitzen diren emozioen tailerra. Bakoitza hiriko txoko batean egin da, eta jarduera batzuk baita Irundik kanpo ere, hala nola txango kulturaletako batzuk.

Bueltan datoz «Bizi Gogoz» tailerrak

Gizarte Ongizateko arloak herritar guztiei gogorarazten die aurki berrekingo zaiola 60 urtetik gorakoek hiriko jardueretan parte har dezaten sustatzeko xedea duen “Bizi Gogoz” programari. Zehazki, hiru tailer berrabiaraziko dira. Lehena, “Bazen behin… nire bizitza» idazketa-tailerrak, irailaren 12an, ostegunean, hasiko direnak. Bigarrenik, “Sexualitatea bizitza da” adinekoentzako sexualitate-tailerra, irailaren 13an, ostiralean, berriro hasiko dena. Azkenik, «Do, re, mi. Musika narriadura kognitiboa prebenitzeko» tailerra, irailaren 16an, astelehenean, hasiko dena.

Eskuarki, «Bizi Gogoz» tailerretako leku guztiak bete ohi dira. Urrian irekiko da berriz izena emateko epea, azaro-abenduetako tailerretarako. Programari buruzko informazio gehiago dago Udalaren webgunean.

Adinekoen espazioetako jarduerak

Irungo Udalak jakinarazten du irailean, ikasturte berriarekin batera, abian jarriko direla berriro adinekoen espazioetako jarduera bereziak eta «Dantza Kioskoan» programa. Lehen saioa igande honetan izango da, irailak 15, Zabaltza plazan, arratsaldeko 18:00etan.

Gainera, ohiko jarduerari ere ekingo zaio. Alde batetik, 60 urtetik gorakoek aukera dute Adinekoen Espazioen Dinamizazio zerbitzuak antolatutako ohiko tailerretan izena emateko: memoria lantzeko tailerra, informatikakoa, dantza-ikastaroak edo artearen historiari buruzkoa, besteak beste. Bestetik, beren jarduerak berriz ere abian jarriko dituzte adinekoen elkarteek Luis Mariano, Iraso, Belaskoenea, Katea eta San Migeleko zentroetan. Informazio gehiago HAZen eta Udalaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude