Udan Gogoz programak adinekoentzako espazioak jarduerez beteko ditu udaran

Irungo Udalak, Gizarte Ongizateko arloaren bitartez, Udan Gogoz programa aurkeztu du gaur goizean. Udako jarduera berritzaile batzuen eskaintza bat da. 2018an sortu zen, udan jarduerak eskaintzeko helburuarekin, udan moteldu egiten baita adinekoen elkarteen eta beste tailer batzuen erritmoa.

Irunen bizi diren 60 urtetik gorako pertsonentzako jarduerak dira, eta dohainik dira. Helburuen artean, hauek nabarmentzen dira: nahi ez den bakardadea prebenitzea, jarduera fisikoa eta garapen kognitiboa sustatzea, eta gaitasun eta esperientzia berriak aztertzea hazkunde pertsonalerako eta komunitate-bizitza izan dezaten.

Nuria Alzaga ordezkariak esan duen bezala, “Udalarentzat oso garrantzitsua da udaran ere bai adinekoentzako horrelako ekimenak sustatzea, izan ere, modu honetan, jarraikortasuna ematen diogu beraiekin bat urtean zehar egindako bideari. Gure adinekoak hiriko aktiborik garrantzitsuenetariko bat dira, horrela eman dugu aditzera aurtengo Festetako pregoiean, beraz udarako ekimen hauekin  aberasketa fisiko, kultural eta kognitiboa eskaintzen jarraitu ahalko dugu, bakardadea prebenituz gain”.

Gainera, aurten ikuspegi irekiagoa eman nahi zaio programari, jarduerak Adinekoen Espazioetatik kanpo egingo baitira, naturarekin eta animaliekin kontaktuan egon daitezen eta beste hiri eta ingurune batzuk bisitatu ditzaten, eta sentsazioak aztertu edo esperimentatu, eta kalera irten eta adineko pertsona aktibo gisa ager daitezen.

Aurreikusitako jardueretako bat hiriko adinekoen espazioetatik hurbil dauden espazio irekietan egingo da, beste batzuk Irungo auzoetako parke eta aire zabaleko guneetan, eta, azkenik, kultura-irteerak egingo dira, hala nola Zumaiako flyschera, trenbidearen euskal museora edo Arabako Errioxara. Hona da jardueren egutegia:

Kultura-irteerak

Txango batzuk egingo dira uztailean eta abuztuan, interes kulturala duten lekuetara joateko. Txangoak autobusean egingo dira, eta dinamizazio-espazioetan eman ahal izango da izena. Lehenengo aldiz parte hartzen dutenek lehentasuna izango dute izena ematean:

  • Uztailak 12.
  • Uztailak 26.
  • Abuztuak 9.
  • Abuztuak 23.

Baieztapenaren faltan, bisita proposamenak Arabako Errioxara edota Zumaiako flyschera irteera doaz, beste hainbaten artean. Proposamen ofiziala www.irun.org webgunean jakinaraziko da.

Izen-ematea Adinekoentzako Espazioetan, astelehenetik larunbatera, 16:00tatik 20:00etara.

Emozioak mugimenduan

Aire zabaleko espazioetan egiten diren mugimendu-saioen bidez (dantza/gimnasia), esperientzia bat proposatzen da, gure esentziarekin konektatzeko, emozioak askatzeko… Azken batean, aukera bat da osotasunean agertzeko eta ongizate integrala sustatzeko. Gainera, taldean egiteak aukera ematen du sozializatzeko, elkar ezagutzeko eta loturak ezartzeko, nahi ez den bakardadea prebenitzeko.

Saioak hiriko parke eta auzoetan izango dira, 10:00etatik 11:00etara:

  • Uztailak 4: Pinudi parkean (Pinudi-San Migel).
  • Uztailak 11: Nagore Lafagge parkea (Palmera Montero-Arbes).
  • Uztailak 18: Lapurdi parkea (Katea).
  • Abuztuak 1: Sarjia parketa (Erdialdea-Alde Zaharra).
  • Abuztuak 8: Alai Txoko parkea (Lapitze).
  • Abuztuak 22: San Martzial parkea (Behobia).
  • Abuztuak 29: Soroxarta parkea (Belasko-Anaka).

Jardueretarako, ez dago aurretik izena eman beharrik.

Zakur terapeutikoak

Tailer horiek Animaliekin Lagunduriko Esku-hartzearen metodologian oinarritzen dira. Metodologia horren helburua da parte-hartzaileen ongizate emozionala, soziala eta fisikoa sustatzea txakur terapeutikoekin elkarreraginean jardunez.

Saioa bi fasetan banatzen da: bata, aurkezteko eta ohitzeko fasea, eta bestea, ingurune natural batean sozializatzeko paseoa. Konfiantzazko jokoak, pistak, usaimenezkoak eta abar ere egingo dira, adinekoen eta animalien artean ezagutu daitezen, parte-hartzaileek autokonfiantza eskuratu eta txakurrarekin lotura emozionala sustatzeko, beldurrak gaindituz eta hazkunde pertsonala sustatuz.

Jarduera hau auzo bakoitzeko Adinekoen Espazioen kanpoaldean egingo da eta bi orduko saioak izango dira (uztailean, 17:30etik 19:30era, eta abuztuan ,18:00etatik 20:00etara):

  • Uztailak 3: Behobiako adinekoen espazio soziala.
  • Uztailak 10: Anaka-Puianako adinekoen espazio soziala.
  • Uztailak 17: IRASO zentro soziala.
  • Uztailak 24: Belaskoko adinekoen espazio soziala.
  • Abuztuak 21: Palmera-Monteroko adinekoen espazio soziala.
  • Abuztuak 28: San Migeleko adinekoen espazio soziala.

Jarduera honetarako ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, hiriko auzo bakoitzean adierazitako lekuetara joan besterik ez da egin behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude