Irungo alkate Cristina Labordak gaur jakinarazi duenez, hiriko adinekoen elkarteek izango dute 2024ko San Pedro eta San Martzial jaien pregoi ofiziala egiteko ardura. Guztira, 10 dira hirian adineko pertsonekin lan egiten duten elkarteak. Jaietako agur ofiziala ekainaren 23an egingo da, 21:30ean udaletxeko balkoitik.
Alkatearen esanetan, “urteetan eta are bizitza osoan, hiriaren alde eta hiriarentzat lan egin dute, eta errekonozimendua merezi dute. Adinekoak oso-oso ondare baliotsua dira, eta bidezkoa da ikusgaitasuna ematea. Gainera, hau bada boluntariotzaren balioa azpimarratzeko modu bat ere, boluntariotza bizitzeko filosofia eredugarri bat baita eta jaietako protagonista izatea merezi baitu”.
Guztira, adinekoen hamar elkarte daude hirian, eta haien helburuetako bat, oso duina bera, alde fisiko eta mentaletik aberasgarriak diren jarduera eta ekimenen bidez bakarrik egon nahi ez duten adinekoei lagun egitea da. Adinekoen elkarteen beste eragileetako bat inklusioa eta belaunaldi arteko topaketak dira, baita adinekoen egoera hobetzeko borroka ere.
Hain zuzen ere, arrazoi horiek direla-eta saritu nahi izan du alkateak haien lana, oso baliotsua bera, eta horregatik eman die jaietako unerik hunkigarrienetako bat bizitzeko aukera: “Irun oso-oso harro dago besteen ongizateari emana den hainbeste jende izateaz. Horrelako pertsonak erreferenteak dira zinez, gazteentzat bereziki, eta, nire ustez, elkartasuna, eskuzabaltasuna eta beste balio garrantzitsu batzuk transmititzeko aukera da hau”.
Hona hemen pregoilari izateko proposatuak izan diren entitateak:
Makila
Elkarte honen helburuetako batzuk bizikidetza, elkartasuna eta elkarren arteko laguntza sustatzea eta adinekoek bizitza sozialean parte har dezaten bultzatzea dira, eta, horretarako, yoga, pintura, gimnasia eta irakurketa baliatzen ditu, besteak beste.
Izarbide
Elkarte honen xedeak Gipuzkoako adinekoek teknologia berrien esparruan boluntario lanetan jardun dezaten bultzatzea eta adinekoen garapen soziokulturala sustatzea dira, eta, horretarako, adinekoak beren ingurune sozialean geratzeko jarduera eta zerbitzuak antolatzen ditu, baita adinekoak komunitatearen bizitza sozialean integratzeko aisialdiko jarduerak eta beste alor batzuetakoak ere.
Appebida
Elkarte honen helburua erretiro aurreratua hartzen dutenen eta pentsiodunen eskubideak aldarrikatzea da.
Gure altxor
Elkarte honen xedeak honako hauek dira: batetik, komunitateak adinekoentzako zerbitzuak sor, manten eta hobe ditzan eta adinekoek elkar lagundu, bizitza sozialean parte hartu eta aisialdia hobeto aprobetxa dezaten bultzatzea eta, bestetik, bizikidetza eta elkartasuna eta bazkideen garapen soziala eta prestakuntza sustatzea. Horretarako, yoga, pintura, ilarako dantza eta irteerak baliatzen ditu, besteak beste.
Nagusilan
Nagusilan boluntarioz osatutako irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta bere eginkizuna, bakarrik egon nahi ez duten adinekoei lagun egitea. Zahartze aktiboa sustatzen du, konpromiso solidarioaren bidez, eta laguntza sozial eta afektiboa ematen die behar dutenei. Besteak beste, egoitzetan bizi diren adinekoei konpainia egiten die, eta kontrol mental tailerrak antolatzen ditu.
Sorosartxa
Elkarte honen helburuak bere onerako kultur eta aisialdi arloko eskaerak agintariei helaraztea, bazkideen bizikidetza sustatzea eta bazkideen artean irabazi asmorik gabeko beste jarduera batzuk antolatzea dira, hala nola bingoa eta dantza.
Zelaiburu
Elkarte honen xedeak adinekoen autonomia sustatzea eta haien egoera fisiko, psikiko eta emozionala hobetzea dira, eta, horretarako, ibilaldi neurtuak, irtenaldiak eta kultur irteerak antolatzen ditu, besteak beste.
GEPE
Elkarte honen xedea bazkideak Mendetasun Legearen inguruan informatu, lagundu eta aholkatzea da, eta, gainera, gimnasia tailerrak antolatzen ditu.
Bidasoko Adinekoen Elkartea
Bidasoko adinekoen elkarte guztiak biltzen eta ordezkatzen ditu.
Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua
Elkarte honen helburuak bidezko pentsioak aldarrikatzea eta genero arrakala desagerraraztea dira.