Jaizubia zaldiketa eskolan ekintzez beteriko denboraldia izan dute. Asko izan dira antolatutako txapelketak eta topaketak; beste hainbat etxetik kanpo jokatutakoak eta parte hartutakoak. Aurrera begira ere, beste hainbat hitzordu dituzte egutegian datozen hilabeteetarako, tartean, Sanmartzialetako XXXIV. Irun Hiria Sari Nagusia. Itziar Urtizbereak, Jaizubia zaldiketako eskolako presidenteak, klubeko azken ekintzen errepasoa egin du.
Zifrek kluba osasuntsu dagoela erakusten dute, geroz eta gehiago zarete eta.
Bai, irailean 100 bat haurrekin hasi ginen eta orain 140 inguru ditugu. Ahotsa eskola batetik bestera zabaltzen da eta horri esker geroz eta jende gehiagok ezagutzen gaitu. Haur horientzat, hiruhileko bakoitzean txapelketa bana antolatzen dugu bi modalitateetan, saltoan eta doman. Maiatzean egingo den azken txapelketan erabakiko da zein den Gipuzkoako Txapelduna. Jaizubiakoez gain, Lazkaomendiko eta Iburreko ikasleekin batera lehiatzen dira gureak, horiek baitira Gipuzkoan Eskola Kirola egiten duten klubak.
Hipika kirol gutxitua izanda, geroz eta jende gehiago hurbiltzea pozgarria izango da, ezta?
Pandemia iritsi arte jende askok ez gintuen ezagutzen. Orduan ordea, jendea aire zabalean egin zitezkeen ekintzen bila hasi zen eta horrela izan zuten gure berri. Egia da egiten ari garen publizitatea ere gure lana ezagutarazten laguntzen ari zaigula. Gure nahia jende gehiagorengana iristen jarraitzea da, baina pozik gaude orain arte lortutakoarekin.
“Irailean 100 bat haurrekin hasi ginen eta orain 140 inguru ditugu”
Eskolarteko topaketek lehiaketatik harago doazen onurak dituzte.
Bai, haurrek ilusio handiarekin parte hartzen dute horietan. Astean behin muntatzen dute eta topaketak dira ikasitako guztia erakusteko duten momentua. Gainera, topaketek beste herrietako haurrak ezagutzeko aukera ematen diete, beraz, oso interesgarriak eta aberasgarriak dira.
Azkenaldian Anagan kopan parte hartu duzue. Zer moduz moldatu zarete bertan?
Balorazioa ona da. Gainera, Jaizubia izan da Anagan kopako hirugarren egoitza. Guztira, 180 jinete eta amazona etorri dira gutxi gorabehera. Oso ikusgarria izan da maila altuko jinete eta amazonek parte hartu dutelako. Adibidez, Kevin González de Zárate etorri da, Espainiako Rankingean lehenengoa dagoena. Horretaz gain, Peio Elorduy eta Xabier Zabaleta Irungoa dena ere etorri dira, sailkapenean postu onetan daudenak. Promesa gazteen atalean, berriz, aipatzekoak dira Nora García Urtasun eta Miren Melgosa ere. Egia esan, kirol hau ezagutzen ez duenarentzat ere, proba ikusgarriak dira, saltatzen dituzten altuerengatik eta egiten dituzten gauzengatik.
Maila desberdinetako kirolariak lehiatzen al dira bertan?
Bai. Hipikan kategoriak saltatzen den altueraren arabera banatzen dira. Beraz, kategoria berean adin desberdinetako pertsonak daude. Altuera txikiena 0,50 metrokoa da eta gainontzekoak hortik gora doaz, txapelketako azkeneko kategoria 1,30 metrokoa izan zelarik. Saltatzen den altuera partaide bakoitzaren zaldiaren, gaitasunen eta entrenamendu mailaren araberakoa da.
Eskolartekoentzat garrantzitsua izango da, noski, Jaizubian bertan horrelako erreferenteak gertutik ikusi ahal izatea, ezta?
Hori da. Eskola Kiroleko haurrak ez, baina Jaizubia zaldiketa eskolako haurrek beraiekin batera parte hartu dute txapelketan. Kopa honi esker Herasen, Kantabrian, eta Zizurren, Nafarroan, egon ginen eta finala Mungian jokatuko da. Gure klubean dabiltzanek ez dute profesionalak izateko asmorik, baina horretan dabiltzanak ezagutzeko eta haiekin lehiatzeko aukerak asko motibatzen die. Gainera, Bizkaiko, Nafarroako, Arabako edo Kantabriako jendea ezagutzeko aukera ematen die eta txikitatik adiskidetasun politak sortzen dira.
Bestetik, San Martzial festetako Irun Hiria Sari Nagusia antolatzen ibiliko zarete jada, ezta?
Bai. Aurten ekainaren 15ean eta 16an egingo dugu. Oraindik ez dakigu zenbat jendek parte hartuko duen, baina izan dugun azken txapelketaren antzekoak izango dira frogak. Oraindik hori prestatzeko antolaketa lanetan gabiltza eta dena txukundu behar dugu. Horretaz gain, beste hipikekin kontaktuan jarri behar gara eta kotxeak eta kamioiak aparkatzeko aparkalekua prestatu behar dugu. Beraz, horrelako proba batek antolakuntza lan dezente du atzetik. Dena den, ekonomikoki ematen digun errentagarritasunaz gainera, Jaizubia zaldiketa eskola kanpoan ezagutarazteko modua ere bada. Bestalde, haurrentzat motibazioa ere badakar.
“Aurten ekainaren 15ean eta 16an egingo dugu Irun Hiria Sari Nagusia”
Udaran berriz, urtero moduan, udako ikastaroak egingo dituzue?
Bai. Goizeko 9:00etatik 13:00etara klaseak eta solasak antolatzen ditugu. Arratsaldeetan berriz, 16:15etatik 17:15etara hastapen klaseak ditugu eta 17:30etatik 18:30etatik maila aurreratuagoa duten ikasleentzako eskolak eskaintzen ditugu. Udako ikastaroak ekainaren 23an hasten dira eta abuztu bukaerara arte luzatzen dira. Ikastaroek astebete irauten dute eta nahi adina aste kontratatu daitezke, baita banaka ere. Horietan izena emateko, sare sozialetan partekatu dugun esteka erabili behar da edo bestela gure bulegora hurbildu daitezke.
Beraz, baduzue udararako entretenimendua ere?
Noski. Eta, gainera, lauoinka azterketak ere egiten ditugu. Horiek gainditzea beharrezkoa da altuera batzuetatik aurrera lehiatu ahal izateko. Azterketetan oinarrizko ezagutza horiek ba ote dituzun neurtzen da. Guztira, 7 maila ezberdin daude. Azterketa horiek egiteko udako, Gabonetako eta Aste Santuko oporrak aprobetxatzen ditugu. Bestetik, hilean behin gutxi gorabehera, pistan entrenamenduak egiten ditugu horretarako ibilbide bat prestatuz. Entrenamendu horietara gertuko jendea etortzen da, hau da, etxekoak, Urruñako Beltzeniako hipikakoak, Lastarteko Miracamposekoak edo Urnietako Basitegikoak. Txapelketa handietara joateko entrenamendu bezala balio digute.
Gainera, Parean eta Kera elkarteekin Emakumeok Zast! proiektuan berriz ere parte hartuko duzue, ezta?
Bai, aurrekoan jolasaldi bat prestatu genuen haiekin, hipikako bataioa bezala ezagutzen dena egiteko. Emakume parte-hartzaileek zaldian ibiltzeko eta nola zaintzen diren ezagutzeko aukera izan zuten. Ikusitakoarekin gustura geratu ziren eta orain esperientzia errepikatuko dugu berriro.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



