Palekin frontoiak beteta gero eta nabariagoa da emakumeen presentzia kirolean

 

 

Maiatzaren erdialdean Emeki elkarteak Emakumeen Pala Txapelketaren 7. edizioari eman zion hasiera Soroetan frontoian. Maiatzean kanporaketak jokatu dituzte eta ekainaren 4an finala jokatuko dute Jostaldi pilotalekuan. Palara jokatzen duen emakume talde hau nola sortu zen azaldu dute Xuxuna Otxoteko eta Izaskun Amunarriz irundarrek.

Txapelketa pandemiarengatik eten ostean, berriro martxan zaudete. Garrantzitsua da berriro martxan egotea?
Izaskun: Bai, berez jada 90.eko hamarkadan hasi zen Emeki txapelketa hau antolatzen. Txapelketa oso jendetsuak izan ohi ziren eta jende asko etortzen zen kanpotik. Urte batzuez txapelketa eten ostean, 2019an berriro berreskuratu zen. Orduan hasi ginen berriro, baina pandemiarengatik berriro eten behar izan genuen. Joan den urtean berriro hasi ginen txapelketa jolasten.

Orain arte kanporaketak jokatu dituzu. Nola joan da txapelketa orain arte?
Xuxuna: Egia da aurtengo txapelketa gure arteko norgehiagoka bat izaten ari dela. Iaz kanpotik bikote gehiago etorri ziren. Gu ez gara inondik inora ere jokalari profesionalak, entrenatzeko elkartzen gara bakarrik. Aurten maila ona dago txapelketan. Jende berria sartu da, aurretik trinketean ibilitakoak, eta sumatzen da maila badela.

Finala Jostaldi pilotalekuan jokatzea berezia izango da zuentzat?
Izaskun: Bai, iruditzen zitzaigun garrantzitsua zela txapelketa jostaldi bezalako pilotaleku batera eramatea. Nahiz eta normalean entrenamenduak hemen egin, astean egun bat bertan entrenatu ahal izatea eskatu genuen. Astearteetan hara joaten gara eta gainontzeko egunetan hemen entrenatzen dugu, Soroetan. Txapelketako egun gehienak hemen jolastu arren, finala Jostaldin egingo da, beraz, primeran.

Xuxuna: Jokatzerakoan nabaritzen da Jostaldiko frontoia handiagoa dela eta bertan jokatzera egokitu gara. Bietan ondo moldatzen gara.

Txapelketaren zazpigarren edizioa antolatu ahal izatea pozgarria da?
Izaskun: Hemendik aurrera edizio gehiago antolatu ahal izatea eta jende gehiago etortzea espero dugu. Giroa sekulakoa da eta era berean kirola egiteko balio digu. Horrela antolatzen ditugu gisa honetako ekintzak, emakumeak frontoiak okupatzera animatzeko, emakume gutxi ibiltzen baita hemen.

Nolatan sortu duzue astero entrenatzeko elkartzen zareten taldetxo hau?
Izaskun: 2019ko txapelketaren ostean frontoian gehiago ibiltzeko beharra ikusi zen, maila ez zelako oso ona izan. Horregatik, lagun talde batek astero elkartzea erabaki genuen, elkarrekin entrenatzeko. Horrela, pixkanaka hobetzen joan gara eta txapelketak iristen zirenean gogo handiarekin hartzen genuen.

Xuxuna: Asteartetan Jostaldin elkartzen gara, eta asteazkenetan eta ostegunetan Soroetan elkartzen gara 18:00etatik 21:00etara. Emakume dezente elkartzen gara, batzuetan 10 izaten gara, besteetan 12 edo 14 eta gure artean partiduak eta entrenamenduak egiten ditugu.

Izaskun: Gainera, adin guztietako emakumeak elkartzen gara. Gazteenak 12 urte ditu eta bada baten bat 63 urte dituena. Beraz, maila desberdineko jendea izateaz gain, adin desberdineko jendea ere badugu.

Erraza izan da emakumeak palan jolastera animatzea?
Xuxuna: Egia esan, ez dakit zer erantzun. Egia da orain dela bi urtetik jende ia berbera elkartzen garela, hala ere jende berria etorri da. Ez dakit emakume guztiengana iritsi ote den hemen sortutako taldearen berri. Jendea behintzat badugu, batzuetan 16 izatera ere iristen gara eta niretzako hori entrenamendu baterako asko da. Dena den, oraindik falta da.

Izaskun: Nik uste jendeari hurbiltzea kostatzen zaiola. Egia da behin hurbilduta, jendeari gustatzen zaiola. Hortik aurrera entrenamenduetara etortzen jarraitzen dute.

Talde hau emakumeek frontoiak okupatzeko modua da?
Xuxuna: Frontoiak okupatu nahi ditugu, baina ez da erraza jendea hurbiltzea. Beraz, aukera hau aprobetxatuz jendea animatu nahi dugu guregana etortzera eta pala probatzera. Berriro errepikatzen dut, sortzen den giroa eta elkarren arteko harremana oso ona da. Txapelketak ondo daude eta txapelketaren amaieran egin ohi dugun bazkaria are hobeto, beraz, merezi du.

Zuen antzeko beste emakumeen pala taldeekin harremanetan jarri zarete?
Izaskun: Bai, gure taldeko pertsona batzuk mugitzen ari dira eta beste herrietan sortutako pala taldeekin harremanetan jartzen ari dira. Aurten ez, baina datorren urtean seguruenik beste herrietako partiduetan jokatzen hasiko gara.

Xuxuna: Gure antzera dabilen jendearekin erlazionatzea komeni zaigu. Izan ere, gu ez gara profesionalak, beraz, jendeak ez du beldurrik izan behar guregana etorri eta pilotari ez emateagatik edo txarra izateagatik. Txapelketek beti saltsa sortzen dute eta baita irabazteko grina.

Izaskun: Helburua da ondo pasatzea eta gorputza apur bat mugitzea.

Epe luzera begira, zein da taldearen helburua?
Izaskun: Herrietan dauden frontoiak okupatu nahi ditugu kirolean emakumeen presentzia gero eta gehiago nabaritu dadin. Orain, behin taldea martxan jarrita, taldea mantentzeko garaia da. Datozen guztiak ongi etorriak izango dira. Ahalik eta talde handiena osatu nahi dugu.

Xuxuna: Garrantzitsua iruditzen zaigu beste herrietako taldeekin sarea osatzea. Nik taldeari etorkizuna ikusten diot, harrobi itzela dugu eta.

 

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude