Pala egokituko topaketa kirola gizarte osora zabaltzeko

Urtarrilaren 25eko goizean antolatutako pala egokituko topaketarekin bete zen Uranzu frontoia. Gipuzkoako Pilota federazio eta Gipuzkoako Kirol Egokituko federazioaren elkarlanari esker antolatutako mota honetako bigarren topaketa izan da. Topaketa Irunen antolatzea egokitu zenez, Ramuntxo Trinkete elkarteak lagundu zuen topaketaren antolaketan. Goizeko 10:30etatik 12:30etara 20 neska-mutilek parte hartu zuten begiraleek antolatutako ekintzetan.

Pala egokituko topaketa hauek Gipuzkoako Kirol Egokituko federazioak Gipuzkoako Pelota federazioarekin elkarlanean antolatzen dituen topaketak dira desgaitasun konkretuak dauzkaten pertsonei kirola praktikatzeko aukera emateko helburuarekin. Honela, topaketa bakoitza hiri edo herri ezberdin batean antolatzen da eta oraingoan topaketa Irunen antolatzea egokitu da.

Topaketa Irunen antolatu ahal izateko Ramuntxo Trinkete elkartearen laguntza ezinbestekoa izan da. Enrique Moron Ramuntxo trinkete elkarteko ordezkaria da eta pozik azaldu da Irunen egindako pala egokituko topaketarekin. Enrique Moronek adierazi duenez, “oso pozgarria da neska-mutilek kirolari esker zein ondo pasatzen duten ikustea”.

“Oso pozgarria da neska-mutilek kirolari esker zein ondo pasatzen duten ikustea”

Enrique Moron, Ramuntxo Trinkete elkarteko ordezkaria

Izan ere, izaera lehiakorrik gabeko topaketak dira. Hasieran federazioak kirolari hauei zuzendutako liga batzuk antolatzen zituen eta klub bakoitzak bere jokalariak eramaten zituen bertara. Horrelako ligak antolatzen zirenean, ordea, kirolarien arteko harreman handirik sortzen ez zela ikusi zen. Era honetan, kirolarien arteko topaketak antolatzea egokiagoa zela ikusi zen parte-hartzaileen artean adiskidetasunak sortzeko aukera emateko.

Irungo Uranzu frontoian antolatu zen Pala egokituko topaketa. Bertan, Ramuntxo Trinkete, Zarautz eta Errenteriako Miranda elkarteetako neska eta mutilek parte hartu zuten. Enrique Morn Ramuntxo Trinkete elkarteko ordezkariak azaldu zuenez, topaketan herri desberdinetako neska mutilak elkartzen direnez, kirolariek beste herri batzuetan bizi eta kirol berdina praktikatzen duten pertsonak ezagutzeko aukera dute.

Guztientzako aukera
Mota honetako topaketetan autismoa edo down sindromea bezalako gaixotasunak dauzkaten neska-mutilek parte hartzen dute. Enrique Moronek azaldutakoaren arabera, zailtasun gehiago edo gutxiago dauzkaten parte-hartzaileak daudela ikusi daiteke, baina, azken finean, guztiek oztopoak saihestu eta kirolaz disfrutatzeko modua topatzen dute. “Topaketen helburu nagusia parte-hartzaile zein ikusleek kirolaz disfrutatzeko aukera izatea da”, gaineratu du Ramuntxo Trinketeko ordezkariak.

“Topaketen helburu nagusia parte-hartzaile zein ikusleek kirolaz disfrutatzeko aukera izatea da”

Enrique Moron, Ramuntxo Trinkete elkarteko ordezkaria

Integrazioaren alde lanean
Ramuntxo Trinketeak urte asko daramatza Irungo Aurreratu elkartearekin elkarlanean. Bilera batean sortutako proposamenaren ostean hasi ziren Aurreratu elkarteko kideei kirola praktikatzeko aukera eskaintzen astean behin egiten den entrenamendu egokitu baten bitartez. Enrique Moronen hitzetan “Aurretatu elkarteak kirolariak ekartzen dizkigu eta guk instalakuntza eta irakasleak uzten dizkiegu trukean”. Momentu honetan 4 pertsonek osatutako taldea dute eta Ramuntxo Trinketetik taldea handitzeko nahia erakutsi dute.

Entrenamenduak artalekuko frontoian egiten dituzte. Hala ere, Ramuntxo Trinkete elkartetik azaldu dutenez, Uranzu pilotalekua bezalako instalakuntzetan entrenatzeko aukera izatea egokia izango litzateke, batez ere, kirol egokituan aritzen diren kirolarientzat. Izan ere, Artaleku kiroldegiko frontoira iristeko eskailera asko jeitsi behar baitira eta ez dago igogailuz jeisteko aukerarik. Dena dela, aurrerantzean ere Ramuntxo Trinkete elkartetik zailtasunak saihestu eta kirola integrazioaren eskutik joan dadin lanean jarraitzeko prest daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude