Udara aukera bikaina da etxeko txikiek kirol berriak ezagutu eta praktika ditzaten. Aukera hori aprobetxatzeko, Leka-Enea mahai-tenis klubak ekintza ezberdinez bete ditu udako hilabeteak. Uztaileko hilabetean zehar ludoteka izan zuten martxan eta abuztuko hilabeterako Udako ikastaroak prestatu dituzte.
Uztaileko hilabetean Ludoteka antolatu duten bigarren urtea izan da hau. Maria Rubiok, Leka-enea klubeko komunikazio arduradunak, positiboki baloratu du Ludotekaren bigarren edizioa. “Geroz eta jende gehiagok ezagutzen gaituela nabaritu dugu”. Goizeko 9:30etatik 13:00ak arte umeek ekintza ezberdinetan parte hartzen dute, mahai-tenisaz gain, esku-lanak, txangoak edo erraketaz jokatzen diren bestelako kirolak probatzen dituzte.
Abuztuko hilabetean zehar, berriz, Udako ikastaroak izango dituzte martxan. Irungo Udalarekin batera antolatzen dituzten ikastaro hauek bi asteko iraupena dute. Astelehenetik ostiralera ordu eta erdiko iraupena duten ikastaroetan haurrek mahai-tenisera jolasten ikasten dute, lagun berriak egiten dituzten bitartean.
“Geroz eta jende gehiagok ezagutzen gaituela nabaritu dugu”
Maria Rubio, Leka-Enea klubeko komunikazio arduraduna
Udako ikastaroetan parte-hartzeko ez da maila zehatzik behar. Izan ere, ikastaroetan maila desberdina daukaten umeak biltzen dira. Hau da, badira inoiz mahai-tenisean jolastu ez duten umeak edo klubeko bazkideak direnak eta, normala den bezala, maila altuagoa dutenak. Maria Rubio, Leka-enea klubeko komunikazio arduradunak, azaldu du, “garrantzitsuena ondo pasatzea da eta, hortik aurrera, jolasten ikastea”.
“Garrantzitsuena ondo pasatzea da eta, hortik aurrera, jolasten ikastea”
Maria Rubio, Leka-Enea klubeko komunikazio arduraduna
Kurtso berrirako prestaketa lanak
Udako ikastaroak oraindik martxan badaude ere, Leka-enea klubean irailaren 10ean hasiko den kurtsoan pentsatzen hasi dira. Inskripzio epea zabalik dago jada eta lehen interesatuek izena eman dute jada. Maria Rubiok adierazi duenez, udako ikastaroetan parte hartu duten ikasle asko animatzen dira hurrengo kurtsoan izena ematera.
Leka-enea klubak lau urte daramatza Olaketa kalean kokatutako instalazio berrietan. Komunikazio arduradunak azaldu duenez, instalazio aldaketa egin zenetik, ikasle kopurua bikoiztu da, umeen zein helduen kasuan. Datorren ikasturtean klubaren barne-antolakuntza aldaketa txiki batzuk gertatuko direla aurreikusi du Rubiok, kurtso batetik bestera ikasleek maila hobetu heinean, kategoriaz aldaketak gertatzea ezinbestekoa delako.