BORJA ESTOMBA, piraguista: “Ez dago Sella bezalako probarik”

Bi urteetan bigarren postua eskuratu ostean, Sellako Nazioarteko Jaitsieran K1 kategorian lehen postua lortu du aurten Borja Estomba irundarrak. Garaipen berezia izan da, izan ere, epaileek, historian lehen aldiz, lehen postua bi kirolarien artean partekatzea adostu dute, Guillermo Fidalgo eta irundarra helmugara une berean iritsi ostean.

Nola sentitzen zara Sellaren Nazioarteko Jaitsiera irabazi ostean?
Poz izugarri sentitzen dut. Edozein piraguistarentzat proba handi bat da. Ez dago Sella bezalako probarik.

Nola gogoratzen duzu egun hori?

Arraroa izan zen, helmugara iritsi ginenean ez zegoen argi nork irabazi zuen. Lehen momentuan garaipena niri ematen zidatela entzun nuen, baina, telebistan bigarren bezala agertu nintzen. Horregatik, azken momentura arte zalantzarekin egon ginen.

 

Azkenean garaipena bien artean banatu beharko duzue?
Bai, horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia da. Bi txipek denbora berdina markatzen zuten, nahiz eta egia den bakoitzak txipa leku desberdinetan jar dezakegula.

Garaipena ospatzeko denbora izan duzu?
Orain oporretan noa, beraz, ez dut denbora askorik izan. Egunean bertan Irundik joan ziren lagun batzuekin ospatu nuen eta oso polita izan zen.

“Ibaia ondo ezagutzen dudala uste dut”

Aurreko urteetako esperientzia lagungarria izan zaizu?
Bi aldiz bigarren postua lortu dut, beraz, ibaia ondo ezagutzen dudala uste dut. Hortaz, egun ona izan nuen eta jaitsieran ez nuen arazorik izan.

 

Lehen postua lortzeko entrenamendu berezirik egin duzu?

Ez, urteroko prestaketa berdina. Aldaketa bakarra dieta izan da, aurten zorrotzagoa izan naiz eta pare bat kilo galdu ditut probaren aurreko hilabeteetan.

Ibaiaren egoera lagungarria izan zitzaizun garaipena lortzeko?
Aurten ibaia errez zegoen, ur asko zegoelako eta, horrek, pasatzeko aukera gehiago sortzen ditu. Ibai horrela ikustea gustatzen zait, ur askorekin, azkarra eta teknikoa.

“Aurten ibaia errez zegoen, ur asko zegoelako”

Zein gauza eduki behar dira kontuan horrelako proba batean postu ona lortzeko?
Hiru gauza: elikadura, entrenamendua eta deskantsua.

Etorkizunean berriro Sella jaisten eta irabazten ikusiko zaitugu?

Irabazten ez dakit, baina, Sella jaisten seguru, asko gustatzen zaidan ibai bat delako. Ikusiko dugu K2n edo berriro K1ean jaitsiko dudan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude