Irungo Txirrindulari elkarteak 50 urte beteko ditu aurten klubaren sorreratik. Mende erdiko ibilbidean txapelketa ezberdinak antolatzeaz gain, txirrindularitzaren munduan gertaturiko aurrerapausoen lekukoa izan da klub irundarra. Elkartearen eraketaren urtemuga ospatzearekin batera, klubak antolaturiko beste probek ere urteurren berezia izango dute aurten.
1969 urtean sortu zen Irungo Txirrindulari elkartea.Urrun gelditzen dira jada lagun talde bat elkartu eta lasterketetan parte hartu ahal izateko kotxe bat alokatzen zuten gazteen bizipenak. Egun klubeko lehendakaria den Juanjo Garagarzak emozioz oroitzen ditu klubaren lehen urteak. “50 urteetan gure klubean eta txirrindularitzaren munduan aurrerapauso handiak eman dira”, azaldu du Juanjo Garagarzak.
“50 urteetan gure klubean eta txirrindularitzaren munduan aurrerapauso handiak eman dira”
Juanjo Garagarza, klubeko lehendakariordea
Bidasoako Txirrindularitza elkartea 1973 urtean jarriz zen martxan. Ordutik, txirrindularitzarekiko zaletasun handia dute kirolariak igaro dira bertatik. Egun, eskola 30 kirolariz osatzen da. Jorge Garcia klubeko bazkideak adierazi duenez, klubak harrobi garrantzitsua du une honetan eta etorkizun oparoa aurreikusten dio klubari. “Ez dakit etorkizunean beste Juanma Garate bat izango dugun, baina, niri gertatu bezala, txirrindularitzak gazte asko lagunduko dituela argi daukat”, gaineratu du Jorge Garciak.
Ekintzen zerrenda amaigabea
Urteurren berezia ospatzen den urte honetan hainbat ekintza antolatuko ditu Irungo Txirrindulari elkarteak. Lehen ekintza, martxoaren 21ean azken 50 urteetan txirrindularitzaren munduan izandako aurrerapausoak errepasatzeko antolaturiko hitzaldia izango da eta Manu Sainz, Ramon Mendiburu eta Juanma Garatek parte hartuko dute bertan. Apirilaren 2tik 7ra Laboral Kutxako erakusketa aretoan klubeko ibilbidea laburbiltzen duen argazki erakusketa bat egingo da.
Kirol ekintzei dagokienez, maiatzaren 4ean taldekako erlojuz kontrako Gipuzkoako Txapelketako proba antolatuko da. Letxunborro etorbidean burutuko da proba eta alebin eta infantil mailako kirolariak lehiatuko dira bertan. Maiatzaren 19an,berriz, txirrindularitzaren inguruko Igande Sasoi bat antolatuko du klubak eta, bertan, alebin eta infatil mailako kirolarientzako lasterketa bat egingo da ere.
“Txirrindularitzak gazte asko lagunduko dituela argi daukat”
Jorge Garcia, elkarteko kidea
Ekaineko hilabetea ekintzez beterik egongo da ere. Ekainaren 1ean Puianako auzoan klubak daukan zirkuituan, BBT proba bat egingo da. Ekaina 9a txirrindularien egutegian beste data garrantzitsu bat izango da, izan ere, klubak 50 urte betetzen dituenez, kadete kategoriako Euskadiko Txapelketa ospatuko da Kolon pasealekua eta San Juan plazaren artean.
Urteroko data garrantzitsuei dagokionez, Juanma Garate Martxa Zikloturista ekainaren 16an egingo da, sanmartzialetako festen atarian. Juanjo Garagarza klubeko lehendakariordeak adierazi duenez, “probaren 10. urteurrena ospatzeko 500 ziklo-turisten parte hartzea espero dugu”. Ekainaren 29an, berriz, San Pedro lasterketa antolatuko du klubak. Lehendakariordeak azaldu duenez, probaren mendeurrena ospatzeko, goi-mailako kirolariak biltzea espero dute.
“Konturatu baino lehen klubak 100 urte beteko ditu”
Proko Gomez, klubeko presidente ohia
Kirol ekintzez gain, klubaren mende erdia ospatzeko logotipo berria hautatzeko lehiaketa antolatu zen. Guztira, 93 lan aurkeztu zituzten 33 egilek. Azkenean, Alburquerque-ko Javier Sanchez Barrosoren diseinua izan zen irabazlea, 50 zenbakia, txirrindularitza eta klubaren koloreak integratzen dituen irudi batekin. Proko Gomez, klubeko presidente ohiak azaldu duenez, “konturatu baino lehen klubak 100 urte beteko ditu”. Egun hori iritsi arte, 50. urtemugako ospakizunetan buru-belarri sartu beharko dira klub irundarreko kideak.