Mendi tontorren artean ez du mugarik aurkitzen Irungo Mendizaleak elkarteak

Irungo Mendizaleak Elkartean urtean zehar hainbat mendi irteera, txango eta bidaia antolatzen dituzte. Horrela, 2023a ia etenik gabeko urtea izan zen eta 2024an, bide beretik, elkarteko kideek aspertzeko aukerarik izango ez dutela dirudi. Mamen Aguirre elkarteko kideak orain arte egindako eta egiteko dauden jardueren errepaso azkarra egin digu.

Mamen Aguirrek 2023an zehar Irungo Mendizaleak Elkartean antolatu diren ekintza ia guztietan parte hartu du: “asko gustatzen zait mendira joatea”. Izan ere, pasa den urtean elkartean ekintza “oso garrantzitsuak” egin direla azpimarratu du elkarteko kideak. Urteko ekintza nagusien artean Donejakue bidea zatika egiteko antolatu ziren irteerak aipatu ditu. “Jendeak asko eskatzen zuen horrelako zerbait antolatzea, adierazi du Aguirrek. Arrakasta handia izan du egitasmoak, guztira, 90 pertsonak parte hartu baitute. Ibilbidea osatzeko hilean behin, larunbatetan, txangoak egiten hasi ziren, gero asteburu, zubi, Aste Santu eta uztaileko eta abuztuko aste bana erabili behar izan bazituzten ere. Azkenik, abuztuaren 23an iritsi ziren helmugara. Aste Santuan berriz, Zamorako Sanabriako aintzirara joateko beste irteera bat antolatu zuten.

Inguruan mugitzeaz gain, elkartetik ere nazioarteko bidaiak antolatzen dituzte bestelako paisaia eta mendiak ezagutzeko. Iaz, adibidez, Islandian egon ziren 10 egunez elkarteko 13 kide. 2023an Madeira ere bisitatu zuten eta Mamen Aguirrek bidaia “zoragarri” gisa deskribatu digu. Aguirrek aipatu duenez, “askotan jendea ez da ausartzen bakarrik gauza hauek egitera edo ez du horretarako lagunik, beraz, horretarako gaude gu”. Hainbat herrialdetara ere bidaiak egin izan dituztela gogoratu du Mamen Aguirrek, Esloveniara adibidez. “Bidaia guzti hauen helburua beti mendira joatea da”, azaldu du Irungo Mendizaleak elkarteko kideak.

“Ni mendian zoriontsua naiz”, adierazi du Irungo Mendizaleak elkarteko kide hondarribiarrak. Mamen Aguirreren ustetan, pandemiaren ostean, jendeak mendi irteerak egiteko gogoa berreskuratu du. Horren erakusle da 2023an 66 bazkide berrik eman zutela izena Irungo mendizaleen elkartean. Izan ere, antolaketa lanaz gain, elkarteko kide izateak mendiaz konpainian disfrutatzeko aukera ematen baitu. “Mendian ibiltzeaz gain, irteeretan oso giro polita sortzen da”, baieztatu du Mamen Aguirrek.

“Askotan jendea ez da ausartzen bakarrik gauza hauek egitera edo ez du horretarako lagunik, beraz, horretarako gaude gu”

Mamen Aguirre, Irungo Mendizaleak elkarteko kidea

Horregatik, mendiaz disfrutatu nahi duen edonork irteeretan parte hartzeko aukera izan dezan, Irungo Mendizaleak elkartetik antolatutako txango guztietan bi aukera emango dira: ibilbide luzea eta laburra. “Aukera hau eskaintzen denetik jende gehiago animatu da”, adierazi du Mamen Aguirrek. Elkartean pozik daude berrikuntza honen emaitzekin, orain autobusak betetzea errazagoa delako. Horrela, jada ez dago mugarik mendiaz konpainian disfrutatzeko.

Plangintza berria

Iaz Santiagoko Bidea egiteko antolatutako irteerek izandako arrakasta handia ikusita, aurten Itsaso Artean ibilaldia egiten hasi dira, Kantauri itsasotik Mediterraneora joateko. “Urtarrila hasieran hasi ginen eta urtarrilaren 13an jada hirugarren txangoa egin genuen”, adierazi du Mamen Aguirrek. Hurrengo etapan Zuraidetik Amaiur arteko bidea egingo dute. Aguirrek irteeraren arrakasta nabarmendu du, bi autobus bete baitira. Mendi bailarak zeharkatuz egingo dute bidea. Hortaz, Mamen Aguirrek azaldu duenez, ibilbidea ez da Donejakue bidea bezain laua izango.

2024an bestelako ekintzak ere izango dituzte. Esaterako, Aste Santuan Kantabriako Alto Campoora irteera egingo dute. Uda ere jarduerez beteriko urtaroa izango da, ohi bezala, ekintza bereziak egingo direlako. Aurten 8 edo 9 eguneko bidaia egingo dute Andorrara. Mamen Aguirreren ustetan, Andorrara egingo duten bidaia 2024ko ekintza arrakastatsuenetako bat izango da. Horretaz gain, uztailean ere 4 eguneko trabesia egingo dute Pirinioetan barrena.

Aurten ere erdizka dituzten bideekin aurrera egiten jarraituko dute. Adibidez, 2022an hasitako GR-92an aurrera egingo dute. Urrian Katalunian, Bartzelona inguruan, berrartuko dute iaz utzitako ibilbidea. “Inguru hori ere oso polita da, gure mendiak eta hangoak oso ezberdinak baitira”, azaldu du Mamen Aguirrek.

“Aukera hau eskaintzen denetik jende gehiago animatu da”

Mamen Aguirre, Irungo Mendizaleak elkarteko kidea

Urtean zehar bidaia edo txango luzerik gabe geratzen diren asteburuak edo egunak betetzeko, hilero elkarteak bi ekintza ezberdin antolatzen ditu, adibidez, Aralar edo Baztan eta gisako inguruetara. Ekintza horietako bat Mendizale Beteranoena da eta oraintxe Gipuzkoako Bira egiten ari dira, lurraldearen mugetatik ibiliz. Mamen Aguirrek argitu duenez, “ekintza hauetara jende gehiago animatzea kostatzen zaigu, baina beterano hitzak ez du esan nahi soilik jubilatuentzat denik”, argi.

Martillueren irekiera

Iturria: Irungo Mendizaleak Elkartea.

Lan askoren ostean, Irungo Mendizaleak Elkarteak Martillue etxea irekitzea lortu du azkenik. Jaca alboan dagoen etxe bat da. “Orain dela 5 urte hasi genuen proiektua, baina arazo asko izan ditugu tartean”, azaldu du elkarteko kideak. Pandemiak eta administrazio arazoek proiektua oztopatu ostean, jada zabalik dago. Mamen Aguirrek “jendea bertara joatera animatzen dugu”.

Aurretik irakurritako guztiarekin elkartean izena emateko gogoa piztu zaienak Irungo Mendizaleak elkartearen Egoitzara hurbildu daitezke informazio gehiagoren bila. Elkartea astelehen eta asteazkenetan dago irekita, arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak arte. Dena den, elkartearen webgunea erabiliz ere irteeretan izena emateko aukera dagoela gogoratu du Mamen Aguirrek. Gainera, Irungo Mendizaleak elkarteak atal gastronomikoa ere badu, Irungo Kontrakale kalean. Alde horretatik ere,  gorakada nabaritu dute pandemiaren ostean, jendeak elkartzeko ohitura berreskuratu duelako.

Hain zuzen ere, elkarteko kideak azaldu duenez, gezurra irudi dezakeen arren, horrelako elkarte baten kudeaketak lan handia eskatzen du eta txangoak aurrerapen handiarekin prestatu behar dira dena ondo lotzeko. Mamen Aguirrek nabarmendu du lan hori guztia elkarteko kide boluntarioen lanari esker egiten dela. Era berean, kide berrien beharraz ohartarazi du Aguirrek: “toki guztietan gertatzen den bezala, beti berdinak dira boluntario lanetan aritzen direnak”. Beraz, txango edo zeregin bakoitzak arduradun propioa du. Horrela, ardurak banatuta, nahi duen guztiak izango du mendiaz gozatzeko aukera Irungo Mendizaleak elkartera hurbilduz gero.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude