Telefono deien lekuko izatetik, irakurleen elkargune izatera

Altzukait eta Uztapide Bertsolaria kaleen artean dagoen telefono kabina liburutegi bihurtu da dagoeneko. Izan ere, Irungo Udalak guztira hiru kabina liburuak trukatzeko egokitu nahi ditu. Era honetan, hirian jada martxan dauden liburutegi libreen sarea handiko da. Lehen kabina hau gaur ofizialki martxan jarri den arren, inguruko irakurleak zerbitzua erabiltzen hasiak dira, hau da, liburuak hartzen eta uzten.

Nuria Alzaga pozik azaldu da liburutegi berezi hauek martxan jartzearen ideiarekin, irakurzaletasuna sustatzeaz gain, zaharkituta gelditu diren baina oroitzapen onak dakarzkiten elementuak berrerabiltzen dituela. “Horrelako gainontzeko liburutegiek oso harrera ona izan dute, eta ziur nago hauek ere izugarri gustatuko zaizkiela herritarrei”, adierazi du Kulturako ordezkariak.

Borja Olazabalek nabarmendu duenez, berriz, honelako jarduketen bidez, dagoeneko erabiltzen ez diren kaleko altzari batzuk birziklatzen dira ekintza eredugarrien bitartez. “Lehenengo, banku birziklatuak jarri genituen Berrotaran karrikan, eta, orain, kabina hauek berrerabili ditugu”, azaldu du Bide Publikoko eta Garapen Iraunkorreko eta Mugikortasuneko ordezkariak. Olazabalek gaineratud uenez, “bistan denez, Bide Publikoko Arloak elementu asko errekuperatzen ditu, Irungo Udalaren ingurumen politiken adierazgarri. Bide hau hartu dugu, eta hemendik segituko dugu”.

Joan den abuztuan Telefónicarekin lagapen akordio bat egin, eta Irungo Udalak kabina batzuk errekuperatzea erabaki zuen, dagoeneko ez baitira erabiltzen, eta liburutegi bilakatzea. Azkenean, hiru kabina errekuperatuko dira, hirigunean nornahik erabiltzeko dauden gainontzeko liburutegiei gehitzeko.

Berrestreinatu berri den kabinak hiriko liburutegietan ohikoak diren biniloak ditu, euskarri berrira egokituta: biniloak formatu luzeagokoak dira; irakurtzera animatzen duten esaldiak dituzte, hala nola Maria Moliner, liburuzain eta artxibozainarena; eta kabinan argia sartzen uzten duen material mikrozulatu batezkoak dira. Irungo Udaleko Bide Publikoko Arloa arduratu da kabina prestatzeaz. Hain zuzen ere, elementu hondatuak konpondu ditu, hala nola kristalak, eta, gainera, kabina sakon garbitu du.

Altzariei dagokienez, liburutegi berriak baditu altzairu herdoilgaitzezko hiru apal –mantentze lan handiak behar ez dituelako aukeratu da material hori–, maila desberdinetan, erabiltzaile desberdinentzat: adibidez, beheko apala haurrentzat da, errazagoa gerta dakien liburuak trukatzea. Kabina parterre baten barruan dagoenez, Obra Arloak ere esku hartu du, kabinaren sarrerako zorua estaltzeko plantxa batzuk jartzeko eta, horrela, liburutegi berriaren barruko zikinkeria minimizatzeko.

Liburutegi sarea handitzen

Azkenik, Kultura Arloak liburuz hornitu du liburutegia. CBA udal liburutegiak jarri ditu lehenengo liburuak,  baina, hemendik aurrera, horrelako liburutegiek funtzionatu ohi duten bezala funtzionatuko du honek ere: liburu bat hartu nahi dutenek beste bat utzi beharko dute, herritarrek beti izan ditzaten liburuak aukeran.

Azken liburutegia kontuan hartuta, Irunek lau liburutegi libre ditu hirigune osoan barrena: Almudena Grandes plazatxokoa, Jostun plazakoa, Behobiakoa eta Uztapide Bertsolaria kaleko hau. Gainera, datozen hilabeteetan, beste bi sortuko dira, Santiagon eta Arizmendi Almirantea kaleetako telefono kabinetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude