Liburuaren Eguna etxetik gozatzeko proposamenak

Datorren ostegunean, apirilaren 23an, mundu osoan ospatuko den Liburuaren Eguna dela eta, Irungo Udaleko Kultura arloak Irunen antolatutako jardueren berri eman du. Aurtengo ediziorako programa bat prestatzen ari ziren, eta nobedade nagusi gisa, Liburu Azoka berritua izango zen Brontë Liburu-denda, Tinta Cómics eta Elkar liburudendekin elkarlanean. Alarmaren eta konfinamenduaren egoera dela eta, planak aldatu behar izan dira, eta, hala eta guztiz ere, jardunaldi honen funtsa ahalik eta gehien mantendu nahi da hirian, online egindako hainbat jardueren bidez.

Horietako bat, gainera, herritarren parte-hartzean oinarritzen dena, irakurketa publikoen programa da. Irundarrek urtero irakurtzen dituzte CBAn “el Quijote” obraren zatiak eta edizioz edizio aldatzen den euskarazko lan bat. 2020rako, konfinamendua zela eta, CBAk deialdi bat egin zuen interesa zuten pertsonek “el Quijote” obraren zatiren bat eta, aurten, Yoseba Peñaren “Hariak” euskarazko lana irakurri ahal izateko. 100 pertsona inguruk parte hartu dute, 59 gaztelaniaz eta 33 euskaraz. Grabazio horiekin bideo bat prestatzen ari dira, eta datorren ostegunean bertan emango dute Irungo Udalaren YouTube kanalean. Era berean, aurten irakurketa publikoen hogeigarren edizioa betetzen dela eta, Irungo Liburuaren Eguneko klasiko bat izan den jarduera hori oroitzeko bideo bat argitaratu da.

Horrez gain, Lupe Lekuonak haurrentzako euskarazko bi ipuin kontaketa eskainiko ditu, hilaren 23an bertan Irungo Udalaren YouTube kanalean, 13etan lehena eta 17:00etan bigarrena. Ospakizun honen baitan, baina apirilaren 28an, Beethovenen musikarekin (aurten bere jaiotzaren 250. urteurrena ospatzen da) eta Shakespeareren sonetoekin, Esther Barandiaran pianoan eta Javier Sistiaga Corrará irakurketan, musikaz lagundutako errezitaldi bat egitea aurreikusten da. Emanaldia arratsaldeko 18:00etan izango da, baita Udalaren YouTube kanalaren bitartez ere. Ainara LeGardon artistak ere parte hartuko du. Bideo bat prestatu du “Res-cue” bere azken liburu-diskaren aurkezpenarekin. Kultura arloa aspalditik ari da berarekin lanean, eta Liburuaren Eguna zela-eta Oiasso Museoan kontzertua eskaintzea aurreikusi zuten, baina atzeratu egin beharko dute.

Azoka konfinatua

Liburu Azokari dagokionez, aurten ezin izango da aurreikusi bezala egin, baina Kultura arlolak Brontë Liburu-denda eta Tinta Cómics hiriko liburu-denden ekimena babesten du, bizi dugun egoerara egokitutako beste azoka bat aurrera eramateko. Duela gutxi jakitera eman dutenez, gomendio pertsonalizatua nahi dutenek hola@libreriabronte.com edo tintacomics2.0 @gmail.com helbide elektronikoetara idatzi ahal izango dute, irakurri duten azken gauza eta irakurri nahi dutena kontatuz. Lerro gutxi batzuekin, liburu-saltzaileek gomendio guztiz pertsonalizatua eta ezustekoa prestatuko dute, eta dendan jaso eta ordaindu ahal izango da normaltasuneko lehen astean. Ez da dirurik aurreratu behar eta, gainera, Liburuaren Eguneko deskontu tradizionala aplikatuko dute (% 10).

Gainera, apirilaren 23ko egun osoan zehar, Tinta Cómics eta Brontë Liburu-dendako twitter eta Instagram kontuetan hainbat proposamen erakutsiko dira Liburuaren Eguna ospatzeko. Bi kanalak irekita egongo dira horietako bat eskuratu ahal izateko. Metodo bera erabiliko da, nahikoa izango da datu pertsonalak jasotzen dituen mezu pribatu bat bidaltzea erreserba egin eta normaltasunaren lehen astean zehar jasotzeko. Hilaren 23an, 12:00etan eta 18:00etan, gainera, zuzenean arituko dira Instagramen. Lehenengo saioan, Brontë Liburu-dendako kontutik zuzenean arituko dira, eta bigarrenean, Tinta Comicsetik.

Argazki lehiaketa

Jarduera-programa horretatik kanpo, Liburuaren Egunarekin batera bada ere, gogorarazi behar da Irungo dendetan kontsumorako 50 bonu zozketatzen dituen tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko lehiaketak liburuari eskaintzen diola egun hauetako gaia. Parte hartu nahi dutenek argazki bat atera behar dute aste hauetan etxean irakurtzen ari diren liburuari eta www.irun.org/coronavirus webgunearen bidez igo (“Irun etxetik” atala).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude