Jardueraren etendura amaitu ostean lanera itzuli dira irundar asko

Alarma-egoeraren neurriak indartzeko ezarritako oinarrizkoak ez diren enpresen jardueraren etendura amaitu ostean, irundar asko lanera itzuli ziren. Apirilaren 14ean, Aste Santuko jai egunen ostean, ekin zioten funtseskotzat jotzen ez diren enpresek ohiko jarduera berreskuratzeko prozesuari. Lanerako itzuleran prebentzio neurriak errespetatzen direla ziurtatzeko, hainbat jarraibide eta gomendio zabaldu dituzte Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzak.

Maskaren babes ezinbestekoa
Lanera garraio publikoz joaten diren hiritarren osasuna babesten laguntzeko Irungo udalak 15.000 maskara higieniko banatzen ari da apirilaren 14tik aurrera. Babes Zibileko agenteak eta Gurutze Gorriko boluntarioak, Udaltzaingoaren laguntzarekin, arduratzen ari dira maskarak hiritarren artean banatzeaz. Maskara higienikoak jende kopuru handia pilatzen den lekuetan banatuko dira lehenengo.

Maskaren banaketa Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloa jarraituz egiten ari da. Protokolo horren arabera, garraio publikoko leku jendetsuetan banatuko dira maskarak, garraio publiko bidez lanera mugitzen diren langileen osasuna bermatzeko pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzea zailagoa den tokietan.

Horrela, Irunen, maskarak honako leku hauetan banatuko dira: Fermin Calbeton kaleko eta EuskoTreneko hiri barruko eta hiriarteko autobusen geralekuetan; RENFEren Kateako eta Irungo geltokietan (ibilbide luzeko autobusen irteeran ere banatuko dira), eta EuskoTreneko Kolon ibilbideko eta Kateako geralekuetan. Jarduera-protokoloak ezartzen dituen puntu horiez gain,indargarri gisa maskarak banatuko dira 1. lineako (Behobia-Zaisa) eta 2. lineako (Katea-Erdialdea) hiri-autobusetan. Banaketa bi unetan egingo da: lehena, 07:00etatik 10:00etara, eta bigarrena, 14:00etatik 17:00etara.

Nabarmentzekoa da, ezarritako protokoloari jarraituz, lehen maskara sorta hau garraio publikoan beren lanpostuetara joaten diren pertsonei zuzenduta dagoela. Ez dira Irunera iritsiko diren maskara bakarrak izango, eta, beraz, herritarrek laster izango dute horiek eskuratzeko aukera. Espainiako Gobernuak jakinarazi duen bezala, aurreikusten da datozen egunetan botiketan maskarak eskuratu ahal izango direla.

Prebentziozko neurriak lanean
Langileen osasuna babesterako orduan, maskara higienikoen erabileraz gainera, bestelako prebentzio neurriak zabaldu dira. Horrela, konfinamenduko lehen asteen ondorioz lorutako aurrerapenetan atzerapausorik gertatzea ekidin nahi da. Salvador Illa Osasun ministroak adierazi duenez, distantzia soziala mantentzea, espazio publiko eta pribatuetako higiene neurriak indartzea eta eskuak garbitzea dira errespetatzen saiatu beharko diren prebentzio neurriak.

Gobernuak zabaldutako gidan azaltzen denez, enpresei langileen arteko bi metroko tartea errespetatzea eskatzen zaie. Hortaz gain, zerginak aurretik antolatuta eta ordutegiak mailakatzeko beharra azpimarratu da gobernutik langileen pilaketak saihesteko helburuarekin. Era berean, ahal den neurrian eremu komunen erabilera saihestea aholkatzen da. Gainera, enpresek segurtasuna bermatzeko ekipamendua jarri beharko dute langileen eskura.

Langileek hurbileko agurrak eragotzi eta lan-ekipoak ez partekatzeko ahalegina egin beharko dute. Materiala partekatzea ezinbestekoa den kasuetan, lan-ekipoa erabili aurretik ekipoa desinfektatzeko denbora hartzea eskatzen zaie. Ekipoa garbitzea ezinezkoa balitz, erabil- tzen amaitu bezain laster eskuak garbitzea eta ahoa, begiak eta sudurrak ukitzea ekiditea eskatzen da.

Garraiobideari dagokionez, ahal den neurrian, beste pertsona batzuekin elkartzea eragiten ez duten garraiobideak erabiltzea aholkatzen da lanerako desplazamenduak egiteko. Hau da, langileei gomendatzen zaie lanera ibilgailu partikularretan, bizikletaz edo oinez joatea. Etxera itzultzerakoan, berriz, langileak senideen arteko distantziak eta prebentzio neurriak errespetatu beharko ditu, batez ere, gaixotasunaren aurrean ahulak izan daitezkeen pertsonekin bizi bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude