Dies Oiassonis jaialdiak Irun garai erromatarrera itzuliko du uztailaren 11tik 14a

2024ko Dies Oiassonis Irungo XIV. jaialdi erromatarra izango da. Jai giroan, hiria bere iragan erromatarrera itzuliko da. Jaialdiaren aurreko edizioetan egin bezala, askotariko jarduerak eta ekintzen programa zabala antolatu dira. Aurten uztailaren 11tik 14ra egingo da historia, aisialdia, entretenimendua eta gastronomia batzen dituen jaialdia.

Dies Oiassonisen jendeak gauzak ikasteko aukera izango du”

Aizpea Goenaga, Oiasso Museoko koordinatzailea

Aurtengo jaialdian inoiz baino jende gehiagok parte hartzea espero dute antolatzaileek. Miguel Ángel Páezek hiriko lehen alkateordea eta Hiriko Sustapeneko ordezkaria zen bitartean adierazi zuzenez, XIV. Jaialdi erromatarrak “espektatiba guztiak gaindituko ditu” prestatutako programa erakargarriari esker. Hain zuzen ere, bisitariez gain, irundarrek ere izango dute jaialdiaz gozatzeko aukera, guztiek historiaz, aisiaz eta gastronomiaz disfrutatuko baitute. “Irun udako oporrez gozatzeko leku erakargarri bihurtu nahi duen hitzordua da, azaldu zuen Miguel Ángel Páezek.

Bestalde, Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak zera adierazi du: “Pribilegiatuak gara, iragan erromatarrari lotutako ondare historiko oso garrantzitsu bat baitugu”. Kultura ordezkariak azpimarratu duenez, jaialdi hau ondare hori ezagutarazteko plataforma handia da, lau egunez jarraian jende ororentzat 30 hitzordu baino gehiago dituen asmo handiko programa antolatzen baita”.

Aurreko urteetako dinamikarekin jarraituz, festa erromatar handia uztailaren 6an hasiko da, ohiko jaiaurrekoarekin. Hain zuzen ere, Pintxo Erromatarraren Ibilbidea izango da lehen ekintza. Programako azken ekintza berriz, uztailaren 14an, igandean egingo den “Harpastum” pilota erromatarraren erakustaldia izango da.

“Pribilegiatuak gara, iragan erromatarrari lotutako ondare historiko oso garrantzitsu bat baitugu”

Nuria Alzaga, Irungo Udaleko Kultura ordezkaria

Zehazki, programak jada finkatutako eta hirian oso ezagunak diren jarduerak biltzen ditu, hala nola, Isis jainkosaren ohorez egiten den “Navigium Isidis” prozesio tradizionala, ohiko Zirku Erromatarra eta erromatarren munduari buruzko birsorkuntza historiko mitikoak. Horiez gain, proposamen berriak ere egiten ditu, hala nola erromatar garaiko jantziei buruzko ikastaroak; haur bakarrizketa bat, erromatar garaian nola jolasten zuten azaltzen duena, eta antzerki erromatarra.

Aho-zapore oneko jaialdia

Gastronomia izango da aurtengo Dies Oiassonisean protagonista nagusietako bat. Ostiralean, uztailak 12, Arrain Zopa Lehiaketa izango da, eta, horrez gain, “Convivium in Circus Romanus” erromatar estiloko afaria ere izango da, hainbat ikuskizun barne. Bestalde, Pintxo Erromatarraren Ibilbidea ere egingo da, garai hartako sukaldaritzako hainbat proposamen gozatzera gonbidatuz, hiriko hogei jatetxetan barrena. Proposamen gastronomikoa bigarren jardunaldi gastronomikoekin bukatuko da larunbat goizean, Oiasso Museoan egingo dena, doako sarrerarekin.

Navigium Isidis

Nabigazio denboraldia berriz irekitzeko Isis jainkosari eskainitako prozesioa, Dies Oiassonisetan birsortzen da, pertsona askoren parte-hartzeari eta lankidetzari esker egiten dena. Egun batez erromatar bihurtu eta jaialdian parte hartu nahi dutenek, Oiasso museoarekin harremanetan jarri behar dute, 943 63 93 53 telefono zenbakira deituz.

Aizpea Goenagak Oiasso museoko koordinatzaileak azaldu duenez, aurtengo Navigiuma desberdina izango da. “Aurtengo prozesioa itsasbeherarengatik baldintzatuta egongo da, beraz, ezinezkoa izango da Dunboako kanalean itsasontziek nabigatzea”. Hala ere, haurrekin itsasontzi txikiak sortzeko tailer bat antolatu dute museoan, kainabera eta sokekin lotuz, Navigiumean erabili ditzaten. Goenagak azpimarratu duenez, “Navigiuma festa bat izaten da beti”.

Zinemaldi bikaina

Jaialdiaren beste erakargarri nagusietako bat zinema izango da. Aurreko edizioan “Astérix y Obélix contra César” filmak izandako arrakastaren ondoren, 400 ikusle inguru bildu zituena, aurten, Bizinemak erromatarren iraganera bidaiatzea proposatzen du, “La Vida de Brian” filma ikusiz. Filma uztailaren 11, ostegunean, emango da, San Juan plazan, eta sarrera doakoa izango da.

Antzerki-eskaintza erakargarriarekin osatzen da jaialdia, eta hainbat ikuskizun izango dira, hala nola “Clitemnestra”, uztailaren 12an, Natalia Millanen eskutik. Ondoren, “Lavinia” obra, Ursula K. Le Guion estatubatuarraren izen bereko eleberrian oinarritutako “La Eneida” klasikotik datorrena, eta “Bona Dea” ikuskizuna, Oiasso museoko antzerki taldearen eskutik, igandean, uztailaren 14an.

“Estilo handiko” garaia

Aurten, modaren berri ere izango da programan togen, tuniken eta txanbileten inguruan. Erromatar jantziei buruzko ikastaroak ere emango dituzte, aukera emango dutenak erromatarrek beren jantziak egiteko erabiltzen zituzten materialak bertatik bertara ezagutzeko. Aizpea Goenagak Oiasso Museoko koordinatzaileak azaldu duenez, “Dies Oiassonisen jendeak gauzak ikasteko aukera izango du”.

Sarah Grandes irundarra da Dies Oiassonis jaialdiaren XVI. edizioko kartelaren egilea. Erromatar garaira garamatzan kartel bat da, oso estilo markatukoa eta gama kromatiko mugatua duena, honela azaltzen du egileak: “Kartela hiru zatitan banatzen da: goialdean, Irungo portu erromatar zaharra agertzen da, eta erdialdean, berriz, Higerreko brontzeak, Minerva, Ilargia, Marte eta Eguzkiaren irudiak irudikatzen dituztenak. Behealdean, erromatar jaialdiaren informazio praktikoa agertzen da”, azaldu du Grandesek.

Sarrerak salgai

Erromatar afarira joan nahi dutenek Turismo Bulegoan erosi ahal izango dituzte sarrerak (Luis Mariano kalea 3), ekainaren 21eko ostiraletik aurrera, 15:30etik aurrera. 30 euro balio du sarrera bakoitzak. Zirkurako eta sarrera behar duten gainerako ikuskizunetarako sarrerak, uztailaren 5ean jarriko dira salgai. Era berean, 2024ko Dies Oiassonis jaialdiaren programa osoa udalaren webgunean kontsultatu ahalko da, antolatutako ekintza guztien artean ezer ez galtzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude